Oharrak literaturaz eta politikaz

2020ko azaroaren 6a


Bizi ditugun garaietan, kulturaz eta arteaz aritzeak lotsagabekeria dirudi ia. Funtsezko askatasun politiko eta zibilak erabat murriztu dizkigute osasun-krisiaren aitzakiapean, inongo disimulurik gabe oligarkia finantzarioaren eta enpresari handien interesei bete-betean men eginez, bestela ezin baitaiteke esplikatu soldatapeko lana eta merkantzien zirkulazioa ukitu ez eta herritarren mugikortasunean eta biltzeko eskubidean jarri izana neurriek arreta. Pandemiaren kudeaketaz mozorrotuta, krisi ekonomiko baten kudeaketa da hau, kapitalaren metaketa-fase berri batera moldatu beharrari erantzuten baitiote nabarmen neurriek. Hegemonia politikoa disputatu dezakeen subjektu iraultzailearen faltan, espektro parlamentarioko agente guztiek onartu dute diktadurazko egoera hau, eta erresistentziarako aukera oro itxi. Distopia, beraz, testuinguru ekonomiko eta politikoak bezainbeste, gizartearen sumisio-mailak azaleratu du benetan. Horregatik, uler nezake galdera: nor eta nola aritu liteke gaur egun kulturaz eta arteaz? Basakeria gordinenak sortzen digun etsipenaren erdian, nor ausar liteke espirituaren elebazio estetikoa eta antzekoak aipatzera? Nork hitz egin lezake, mundurik eta ankerrenaren aurrean, edertasunaz?

Galdera horiek zentzua leukakete, kultura soilik estetikarekin eta edertasunarekin lotuta balego, gizartetik aparteko eremu abstraktu bat balitz alegia, gutxi batzuek idatzi eta egindako produktuen multzo bat. Guk, ordea, hasieratik nahi izan dugu ulerkera elitistegi horietatik aldendu eta kulturaren bestelako adiera bat erabili, talde sozialek klase-gizartean mundua ulertzeko eta bertan jarduteko dauzkaten moduekin lotuagoa, adiera operatiboago bat, gure ustez, egungo errealitatea ulertzeko eta eraldatzeko. Kulturaz zentzu horretan aritzea ez litzateke lotsagabekeria, ezinbestekoa baizik, koiuntura politikoari erantzuteko. Esate baterako, ikusten ari gara nola komunikabideek eta klase ertainaren ideologiak proletalgoa kulturalki etengabe interbenitzen duten krisi-testuingurura moldatzeko eta neurri totalitarioak otzanki onartzeko. Horren kontrara, GKStik martxan jarri berri den kanpainak aurre egiten dio ardura indibiduala eta sumisioa predikatzen dituen ulermen-marko sozialdemokratari, egoerari diktadura deituz eta haren erantzuleak seinalatuz, fokoa askatasunen defentsan jarriz eta zerumuga gizarte komunistan. Zentzu horretan, kanpaina bera langile-klasea, politika sozialistatik, kulturalki interbenitzeko saiakera izan daiteke.

Kulturaren gure kontzepzioa hainbatetan eman izan zaion esanahitik bereizi nahi genuke, beraz, eta berdin artearena bera ere, gizarteko kapa pobreenek hain urrun ikusten duten esparru hori. Arte-ekoizpena, proletalgo iraultzailearen eskuetan, tresna politikoa izan daitekeela defendatu nahi izan nuen aurreko artikuluan, Arestiren adibide ezagun eta gertukoan oinarrituta. Ideia hori garatzen saiatuko naiz oraingo honetan.

Iban Zaldua idazleak duela aste batzuk bere blogean idatzi zuen «Tresna» artikulua ni defendatzera natorrenaren kritika antizipatu gisa har liteke. Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan kokatutako bi nobelaren aurkezpenak ekartzen ditu gogora artikuluak, non fikzio literarioak historiaren zabalkunderako erreminta gisa daukan erabilera azpimarratu zen, kasu horretan ikuspuntu espainolistaren zabalpena, jakina. Zaldua ideia horrek berak, literatura tresna gisa erabiltzearenak, kezkatu egiten du, arazotzat dauka, «literatura kausa jakin baten zerbitzura jartzea dakarrelako horrek, eta, ondorioz, bitarteko hutsa bihurtzen duelako, helburu izan beharrean». Haren ustez, ideia horrek idazleari «inplizituki, literaturatik kanpoko gidaritza bat» inposatzen dio. Asmo horixe bera izatea kritikatzen dio, halaber, Hasier Arraiz Sortuko presidente ohiari, hark ere bere Maitasun keinu bat besterik ez (2019) saiakeran, euskarazko idazleei egozten dielako «nazio kontakizun berri» bat eraikitzeko rol aktiboa izatea. Zalduak Milan Kundera idazlearen hitzak ekartzen ditu, esanez literatur fikzioa «basatiki independentea» dela «aurrez pentsatutako ideien sistema ororekiko», eta bide horretatik uste du arteak ez duela zertan «funtzio bat bete behar».

Arteak ezein kausari erantzun behar ez dionaren mantra hau –artearen autonomiaren bertsio baldarra izan daitekeena– erabat zabalduta dago egungo eremu artistikoan, berdin giro ezkertiarretan nahiz fatxenetan. Hartu bestela Arturo Pérez-Reverte idazle espainolista erreakzionario paradigmatikoaren kasua. Argitaratu berri du 36ko Gerran kokatutako nobela bat eta aurkezpeneko bideo bat iritsi zitzaidan Zalduaren artikulua irakurri garaitsuan. Nobelaren aitzakian gerrari buruzko erretolika guztiz erreakzionarioa botatzen zuen Pérez-Revertek, diskurtso faxista zurituz bi bandoetakoei erreparatzearen kontuarekin eta, ziurrenik, nobelaren edukiari buruzko pista batzuk emanez. Bitxia da, ordea, bideoaren amaieran dioena: «ni nobelagile bat baino ez naiz», dio, «nik soilik gauza bat kontatu nahi dut, norbaiti erabilgarria izango zaiona agian, baina nobela bat da, eta nobelagilearen askatasunez idatzi dut». Antzeko sentipena dakar Fernando Aramburu, Patria (2016) eleberriaren idazlea, Euskal Herriko askapen mugimenduaren aurkako propaganda garaikidearen adierazgarri literarioa, prentsan irakurtzeak esanez bere eleberria «ezin daitekeela asmo ideologikoekin erabili».

Pérez-Reverte ez da «nobelagile bat» soilik eta Arambururen Patria jakina erabili daitekeela asmo ideologikoekin. Are, asmo ideologikoekin idatzia dago, ez du hori inork zalantzan jarriko. Literatur lan oro, arte-ekoizpen oro abiatzen da klase-posizio eta politika konkretu batzuetatik eta hori, sormen-askatasunari buruzko ultra-eskuindarren erretolikan argi ikusten den arren, berdin aplika dakioke Zaldua beraren obrari ere. Nik Kunderaren guztiz kontrara uste dut: literatur fikzioa basatiki dependentea dela, alegia, aurrez pentsatutako ideien sistema ororekiko. Literatur lan batek gai batzuri ala besteri hel diezaioke, balore batzuk ala beste batzuk erreproduzitu, teknika formal hau ala bestea erabili, eta, zentzu horretan, nahitaez betetzen du literaturak funtzio politiko bat, idazlea kontziente izan ala ez izan.

Artearen balizko funtzio politikoa baztertzen dutenek sarri erabiltzen dute «kalitatearen hobebeharrezko» justifikazioa. Benetako literaturak giza sentimenduez eta gai unibertsalez aritu behar du, diote, idazlearen konpromiso behinena bere obrarekikoak behar luke eta ez politika batekikoak ala bestearekikoak. Belen Gopegui idazleak ideia horiez ta artikulu honetako beste hainbatez dihardu «Literatura y política bajo el capitalismo» (2005) artikulu gogoangarrian. Bertan, idazle iraultzaileen –are, isilduak eta ahaztuak izan direnen, literatura militantzia politikoagatik baztertu behar izan zutenen– defentsa egiten du, eta, besteak beste, idazleek «goi-mailako literatura» egitearren printzipio politikoak baztertzearen ideia faltsua kritikatzen du, ez duelako zalantzan jartzen «goi-mailako literaturarako sarrera gidatzen duten legeen egilea». Alegia: balizko arte iraultzaile batek ez lituzke finkatutako erregelak akritikoki onartu behar, jakinik erregela horiek historikoki determinatuak daudela, funtzio sozial konkretuak betetzen dituztela eta, ondorioz, beste era batekoak izan daitezkeela. Gopeguik zorrotz dio arreta ematen duela nola, askoren hitzetan, literaturak sozialismoari erantzun nahi dionean soilik galtzen duen balio artistikoa, «kapitalismoak egunero mendean daukanean» eta hori zalantzan jartzen ez denean.

Ziur nago arte iraultzailea, funtzio politikoaren ideia bera, ukatzen dutenek iraultza sozialistaren aukera politikoa ere ukatzen dutela. Egoera historikoak bestela jokatzea eskatzen du, ordea. Gero eta nabarmenagoa da bi aukera politiko baino ez daudela: kapitalismoaren dekadentzia eta sumisio erabatekoa ala gizarte komunistaren aldeko antolakuntza. Bigarren aukera hautatu duenak bere gaitasunak jartzen ditu kausa horren alde, konpromisoz eta diziplinaz, eta arte-esparruan ere berdin. Artista iraultzaileari ez zaio «kanpotik» ezer «inposatu», beste edozein militante iraultzaile bezala bideratzen ditu bere gaitasunak proiektura. Artista iraultzaile izendapenak zentzurik badauka, zentzu militantean dauka, bere buruaz haragoko interesei erantzuten dien artista da, bere lanaren funtzio politiko kontzientean sinisten duena. Funtzio hori nola bete, ordea, ez dago finkatuta. Gopeguik dio: «Iraultzarantz jotzen duen idazketa, idatzi zena, idatziko dena, ez dago eginda, beti dago egiteko». Halaxe da oraindik ere. Ideal horri eutsita, ikertu dezatela artistek beren lanen funtzio politikoaren inguruan, elkarren proposamenak ezagutu eta elkar kritikatu, arte iraultzaile baten eraikuntza-prozesuan parte hartu, beren esparrutik ekarpena egiteko proiektu iraultzaileari.