AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

1919ko martxoa da eta György Lukács, bere orduko bibote sarria ezpainekin batera dantzatuz, jendez lepo dagoen gela batean ari da “Kultura zaharra eta kultura berria” izeneko hitzaldia ematen. Egun hartako argazkirik ez dago, baina imajina dezake batek ikasleek eta gazteek eta langileek, guztiek, adi-adi entzungo zituztela hark esateko zeuzkanak. Tartean, halakoak: “Ordena sozial kapitalistaren bereizgarri nagusia da bizitza ekonomikoa ez dela bizitza sozialaren funtzionamendurako tresna bat bakarrik: bizitza ekonomikoa haren erdigunean dago, jarduera sozial ororen helburua da. Horren aurreneko ondorioa eta garrantzitsuena da gizartearen bizitza truke-harreman handi batean bilakatzen dela, gizarte osoa merkatu handi baten itxuran ageri zaigula. Bizi-funtzionamenduei dagokienez, honela ageri zaigu auzi hori: Aro kapitalistako produktu orok, indar produktibo edo sortzaile orok bezala, merkantziaren forma hartzen du. Gauza orok bere horretan eder izateari utzi dio, berezko balioengatik eder (esaterako balio artistikoak edo moralak), merkatuan saltzeko eta erosteko balioa baino ez dute. Horrek edozein kultur moldetan izan ditzakeen ondorio suntsitzaileak argi daude”.

Historiaren gertaerak zenbateraino izan daitezkeen egoki eta zehatz: hitzaldia moztu egin behar izan zuten, hain zuzen ere, kultura berri baten itxaropenak zekartzan Hungariako Sobietar Iraultza deklaratu zelako gure gizona hizketan ari zelarik. Jakin nahi nuke nola aldatu zen Lukácsen aurpegia mezulariak atea kolpez ireki eta gela goraino betean “Iraultza hemen da!” edo “Gora langileon iraultza!” edo antzekoren bat oihukatu zuenean. Jakin nahi nuke zehazki zer ari zen esaten une horretan bertan. Agian, hauxe: “Gizakia bere buruaren helburu izatea da kulturaren aurrebaldintza soziologikoa. Baldintza hori, gizarte aurrekapitalistetako klase dominanteek bete izan dutena eta kapitalismoak gizarte osoari kosifikatu diona, guzti-guztiei itzuliko die proletalgoaren garaipenaren azken faseak. Gizarte osoaren iraulketa erradikala litzatekeen eraldaketa honek, osoki eragiten die kapitalismoak kulturarengan dituen eragin suntsitzaileez egin dugun analisian aipatutako fenomeno guztiei”.

Hitzaldia eman aurreko urtean, 1918an, sartu zen Lukács Hungariako Alderdi Komunistan, filosofia marxistara eta politika sozialistara hurbildu berritan. Iraultzarekin, Hungariako Sobietar Errepublika ezarri zen eta Lukács Hezkuntza eta Kulturako herri-komisario izendatu zuten.  Arestian ekarritako aipuei erreparatuta, imajina dezakegu gutxi gorabehera kulturaren zein ulerkerari jarraitu zieten haren kultur politikek. Lukács filosofoa da aipatuena eta ezagunena, baina oso interesgarria da politikari gisa egindako jarduna ere.

Hungariako Sobietar Errepublikak bizitza laburra izan zuen oso, martxotik abuztura baino ez zen indarrean egon, baina hilabete gutxi horietan ere izan zuen Lukácsek denborarik hainbat mugimendu egiteko. Lehen antzoki pribatuak zirenak nazionalizatu  zituen, sarreren prezioa nabarmen jaitsi zuen langileentzat, aktoreen sindikatua sustatu zuen. Burges eta aristokrata hungariarren jabetza ziren artelan garrantzitsuak – Van Goghen, Goyaren, Renoiren eta abarren lanak– konfiskatu eta estatuaren jabetza bihurtu zituen, edonorentzako eskuragarri jarri zituen gero “Jabetza publikora ekarritako arte-altxorren lehen erakusketa” delakoarekin. “Artea ez da sekula aberats bizizaleen pribilegio izango berriro”, aldarrikatu zuen, “kultura langileen eskubidea da”. Zenbait testu marxista klasiko unibertsitateko derrigorrezko irakurgai gisa ezarri zituen. Hungaria sakonki kristauean lehenbiziko aldiz, sexu-hezkuntzako programa bat sortu zuen errepublikako eskoletarako. Lukácsen komisariotzak Hungariako idazle garrantzitsuenen erregistro bat ere egin zuen eta diru-sarrera finko bat bermatu zien, beren lan artistikoa aurrera eraman ahal izan zezaten. Lan horien edukiaren inguruko baldintzarik ez zuen jarri eta arte klasikoa eta kalitatezkoa aldeztea erabaki zuen, haien ikuspegia Errepublikaren aurka joanda ere. Lukácsen komisariotzak, halaber, erabaki zuen ez zuela babesten zituen artisten lanen kalitatea eta ikuspegi eta orientazio politikoa kontuan hartuko, departamendua ez zen kritikarako instituzioa izango.

Ondorio asko atera daitezke Lukácsen kultur politiketatik, baina garrantzitsuena sozialismoaren aldeko borrokan auzi kultural eta artistikoek duten garrantziari buruzko ideia da. Hala adierazi zuen Sobietar Errepublika ezarri ondorengo Langile Gazteen Kongresuan emandako hitzaldian, zeina Taktika eta etika liburuan baitago jasoa. Honela esan zuen: “Kulturak izan behar du zuen bizitzen helburu nagusia; ziurtatu kultura berriak edukia eta helburua, biak dauzkala. Zeuen kemenak ezarriko du kultura berriaren eduki guztia; den-dena zuen ikaspenen eta garapenaren araberakoa da. Gizarte berriaren eraikuntza, sozialismoaren gizartearena, zeinarengatik borrokatu baitugu eta horretan ari baikara oraindik, zeuen eginkizuna eta ardura da”.

Kulturaz arduratzea, sozialistontzat, ez da soilik folkloreaz eta auzi hertsiki artistikoez arduratzea; batez ere, bizimodu berri baten eraikuntzaren ardura geure gain hartzea da, gizarte sozialistarena, alegia. Betebehar kultural horretaz oso jakitun da, nire ustez, egun garatzen ari den euskal mugimendu sozialista: harremanen inguruko kritika emankorrak, elkartasunean oinarritutako praktika politikoak, formakuntza politikoaren garrantzia, militantzia ereduaren errotikako eraldaketa eta abarrak dira horren froga agerikoak. Auzi artistikoei bagagozkie, bestalde, arte berria kultura berri baten eraikuntzarekin erlazioan baino ezin dela ulertu esan izan dugu beste ikuspunturen batean: kapitalismoak berezkoa duen bizitza ekonomikoarekiko dependentzia gainditu ezean, ezingo dira bizitza kulturala eta artistikoa osoki garatu. Hala ere, bitartean, nik bederen, bat egiten dut Lukács gaztearen bi kontsignekin: Arteak eskuragarri egon behar du hartaz ere sistematikoki desjabetuak izan diren langile-masentzat eta artistek askatasun politikoa izan behar dute beren lanak sortzeko.