Edertasunaz beste

2021ko urtarrilaren 9a


Clare Sheridan eskultore britainiarrak, bere memorietan, Leninekin izan zuen enkontrua oroitzen du. 1920an izan zen, Sobietar Batasuna bisitatu zuenean. Boltxebikeek gonbidatu zuten artista britainiarra Moskura eta, han, iraultzaileen bustoak egiten aritu zen; Leninena, Trotskirena, Dzerzhinskirena. Sheridanek, ordea, bazuen beste asmo bat ere: Garaipena izeneko estatua bat zeukan egina, gerrako heroismoaren irudikapen moduko bat, eta espero zuen sobietarrek onartuko ziotela eta Moskuko plazaren batean ipiniko zutela. Azken hitza Leninek omen zeukala-eta, haren bustoa egiten ari zen egunean, Sheridanek bere artelanen argazkiak erakutsi zizkion. Leninek irmoki azpimarratu omen zuen Garaipena hura, hain justu, ez zitzaiola batere gustatzen; egotzi zion gerra den gertakizun tamalgarria «edertu» nahi izana akatsa izan zela. Haren hitzetan, horixe zen arte burgesaren arazoetako bat, dena edertu nahi duela, edertasunaren nozio abstraktu bat duela. Eta gerra bat edertzea ez zuen ezerk justifikatzen, ezta heroismoak eta sakrifizioak ere. Gero, Sheridanek emandako gainontzeko artelanen argazkiei begiratu eta Churcilli egindako bustoa erakusten zuena hartu omen zuen Leninek. «Begira nola edertu duzun», esan zion, «ez nirekin holakorik egin, arren».

Edertasunarekin lotzen dugu artea, oro har; miserian eta ankerkerian oinarritutako mundu hau edertu behar omen du arteak. Horren ondorioak agerikoak dira, ordea, eta areagotu egiten dira arte-ekoizpena kultur industria handien logikak gidatzen duen garaiotan: edertasuna gozamenaren eta entretenimenduaren sinonimo da egun. Benjaminek aipatzen zuen nola argazkilaritzaren garapenak ahalbidetu duen «pobrezia tamalgarriena gozamen-objektu bihurtzea». Aipuak ezin luke, nik uste, gaurkotasun handiagorik eduki. Arteari ez diogu besterik eskatzen: entreteni gaitzala, gozarazi diezagula. Eta, halaxe, ohera joan aurretik gerra-garaietan kokatutako nobela bat irakur dezakegu eta gero lasai lo hartu, tripak batere nahasi gabe; parrandan extasi betean dantza dezakegu drogen kontsumoaz eta indarkeria matxistaz ari den kanta baten erritmora; edo ikusiko dugu langileon miseria erakusten duen telesail bat, baina ez digu ezertxo pentsaraziko miseriaz, entretenitu egingo gaitu soilik, eta gozarazi.

Hala ere, arteak betetzen ditu beste funtzio batzuk ere, jakina. Gero eta zailagoa da puskaka erortzen ari den mundu honi edertasun apur bat ere topatzea, eta ulergarria da, beraz, langileok gure egoera latzari erantzuteko bulkada sentitzea. Horren espresio politiko eta sozialak egunero ikus ditzakegu, baina esparru artistikoan ere bulkada horrexek berak bultzatzen ditu hainbat, ez edertasun abstraktua bilatzera, ezpada bizi ditugun garai ilunak ilun adierazi nahi izatera, ezinegonari eta miseriari formaren bat ematera. Aurten interesgarri egin zaizkidan erreferentzia musikal batzuk aipatu nahi nituzke, langile-klasearen espresio garaikide gisa ulertzeko eta, bide batez, joan zaigun urteari errepaso bat emateko.

Idles talde ingelesak aurten atera du Ultra Mono diskoa, haien hirugarren lana. Badirudi proiektuaren muinean bertan dagoela egungo proletalgoak duen bizimodu dekadenteaz aritzea, kritika sozialaren eta ironiaren bidez: taldearen izena bera, esaterako, hitz-joko bat da, ingelesez «idols» («idoloak») bezala irakurtzen baita, baina, izatez, «alferrak» edo «langabeak» esan nahi baitu. Idlestarren musikazko abiapuntua, argi-argi, punka da. Askok kontrakoari eutsi nahiko baliote ere, «punks not dead» esaldia zaila da sinisten gaur egun, tarteka gure kaleetan ikus daitezkeen krestak eta eskoziar oihalak gorabehera, oro har punka akabatuta ageri baitzaigu arte-espresio eraginkor gisa. Idlesekoek jakin dute, ordea, aurrekoek egin zutena kopiatu beharrik gabe, punkaren izaera berreskuratzen, beraien egoeraren berri emateko gitarra zaratatsuz, erritmo sendoz eta amorruzko oihuz. Amorru hori izan daiteke taldearen ezaugarri nagusienetako bat, irudiaren erabilerarekin batera; irudia, berdin poetikoa zein bisuala. Hartu, esaterako, diskoa irekitzen duen kanta, War, eta haren bideoklipa: eskuak ageri dira etengabe –eskuak bitxiak eta janaria erosten, lantegiko eskularruak janzten, eskuburdinak ipintzen, odola garbitzen–, eta irudi horiekin bakarrik egungo kapitalismoaren kritika gogor bat osatzen du. «Honek gerra esan nahi du!», oihukatzen du kantak, eta saihetsezina da tripak pixka bat bederen ez nahastea.

Gainontzeko kantetan ere antzeko bidetatik jotzen dute: ekintzaile-gizartearen faltsutasunaz dihardute (Mr. Motivator), boterearekiko gorrotoaz (Reigns), bakardadearen lotsaz eta antsietateaz (A Hymn, Anxiety). Letrak, poetikoak dira narratiboak bainoago, irudiekin eta onomatopeiekin jokatzen dute, baina klase-gizarte dekadenteari kritika etengabea da. «Gutxieneko soldata bat dago / zure nagusiak berea igotzen duen bitartean / barrez bere hortzeria berriarekin, bera da / kantzerigenoa», abesten dute kanta batean, «behin bakarrik hiltzen zara / ez zara inoiz itzuliko / maita ezazu ahal duzuna». Badago, hala ere, egoeraren berri emateaz aparte, politizatzeko asmo bat ere. «Gauza bat bera ere ez da aldatu / zu hor geldirik eta kexaka egonda», dio Grounds kantak, eta estribilloak borrokarako deia dirudi: «Entzuten trumoi hori? / Jendetzaren indarraren burrunba da».

Aipatu nahiko nukeen bigarren musikaria ere Ingalaterratik dator. Kate Tempestek –duela gutxitik, Kae Tempest– bere laugarren lana atera zuen iaz, The Book of Traps and Lessons («Tranpen eta lezioen liburua»), eta kuriosoa da diskoari «liburu» izena jarri izana, horixe delako, hain zuzen, Tempesten ezaugarri interesgarrienetako bat: raparen eta poesiaren artean dabilela, askotan bien arteko muga hautsiz. Hautua are interesgarriagoa da musikariak kritika soziala egiteko daukan asmotik ulertzen badugu. Nabarmena da poesiak –literatura lirikoak, batez ere liburu-forman ematen denak– irakurle gutxi samar dituela gaur egun, muga nabarmenak izan ditzakeela masa zabalengana iristeko. Besteak beste, rapak izan duen gorakadak bete du azkenaldian publiko zabal horrengana iristeko funtzioa, baina genero horrek topatu izan ditu bere mugak ere, mezu zuzenek izan zezaten indarra gorabehera, sarri garapen poetikoa galaraz baitezakete errimaren erabilerak edo diziplinak berak inposatutako tradizioak. Horregatik iruditzen zait interesgarria Tempesten hautua: gure garaiak dakarren dekadentziaz eta zapalkuntza-egoeraz hitz egin nahi du, egoera berean dagoen jende gehiagok entzun diezaiola, eta horretarako ez da mugatzen ohiko rapa egitera, beldurrik gabe nahasten du rapa poesiarekin eta spoken wordarekin, base sendodun kantak bonbo-kaxarik gabekoekin.

Hautu horrekin ematen ditu, zehaztasun poetiko miresgarriz, langileon bizimodu modernoari buruzko hamaika kanta. Egungo maitasun-harremanak tranpa batekin metaforizatzen ditu, zoriontasun eta aspirazio garaikideen faltsutasunaz jarduten du, hirietako estanpa kotidianoak deskribatzen ditu; finean, langileon egunerokotasunaz ari da Tempest, eta poesiaren bidez saiatzen da egunerokotasun hori problematizatzen; hark dioen bezala, «egun hauek ez baitira egunak / sintoma arraroak baizik». Baliteke letrek politikotasun espliziturik ez izatea, baina kantatzen dituen gaiak kokatzen ditu politikoki ere: «eman zaigun egun triste bakoitza pasatzen dugu lanean / sentitzen dugu jendeak ikusten duen pertsona hau / ez garela gu», dio, esaterako. Eta baliteke borrokarako dei argirik ez egitea, posizio humanistaegi bat hartu izana, baina Tempest une oro saiatzen da egoera hau ulertu eta aldatu beharraz ohartarazten: «hau guztia ez dago harrian idatzita / ez dago ezer jakin ezin dezakegunik / eta senti ditzaket gauzak aldatzen».

Bi diskoak dira –eta, hein handi batean, bi proiektuen aurreko diskoak ere bai– egungo langile-klasearen espresioak, krisi kapitalistaren dekadentzia beren azaletan bizi dutenenak, Ingalaterran Tatcherren «ez dago alternatibarik» maximarekin hazi direnenak, Brexit garaian arrazismoaren eta eskuin muturraren gorakada ikusi dutenenak. J Martina taldekoek ere, aurtengo gure hirugarren erreferentziak, elkarrizketa batean honela zioten: «Saiatzen gara gure kontestu propioan oinarritzen diren ardura horiei abesten». Nabari zaie asmo hori: atera dituzten kanta gutxietan, miseria edo gatazka politikoa aipatzen dituzte, irudi poetiko iradokitzaile eta indartsuekin gai horien gaineko bestelako imajinario bat sortuz, non «paradisu ederra», esaterako, beltzez jantzitakoek topatzen duten suak hartutako kaleetan. J Martinakoek asmatu dute, besteak beste, egungo proletalgoaren espresioak eta ezinegonak ulertzen eta berritzen, musikalki ere trapetik, urbanetik eta reggaetoitik edaten baitute, ez genero horiek beren horretan erreproduzitzeko, interesatzen zaiena hartu eta haiek berritzeko baizik.

Erreferentzia batzuk ekarri nahi izan ditut, urtea errepasatzeaz gain, arte-espresio proletario garaikidearen irudi sinplifikatzailearekin hausten lagun dezaketela uste dudalako. Ikusi dugu: edertasuna ez da artearen esparru bakarra. Arteak, izan ere, lagundu diezaguke langileoi gure kondizioaz hitz egiten, egun bizi dugunaz, eta kontatze hutsa bere horretan izan daiteke salaketa bat; baina berritu ere egin dezake, harago joaten saiatu. Posizio sozialista batean sustraituta, agian, abestu diezaioke kondizio horren gaindipenari ere.