AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Gainbeheran dagoen gizarte kapitalistaren geroz eta eremu gehiago hartzen dituen estalki morearen atzean, milaka emakume langileren errealitate soziala dago ezkutuan edo, are, ezkutarazita. Langile klaseko kideoi inposatzen zaigun egoera izugarriak gure miserien informazio eta hedapenerako tresnak galdatzen ditu: horregatik jotzen dut, besteren artean, egunkari hau aurrera ateratzeko jardun militantea ezinbestekotzat.

Duela aste batzuk, Elorrion jazotako gertakarien karira bereziki asaldatu nintzen. Are zehatzago esatearren, Ezker Abertzale Ofizialistaren organo politikoen eskutik berariaz bultzatutako desinformazio kanpainaren harira. Gauzak horrela, argitara atera nahiko nuke Elorrioko eraikin publikoetako garbiketaz arduratzen den Eulen enpresako langileen eta EH Bildu buru duen udaletxearen artean izandako gatazka. Nire asmoa, bestela ezin zitekeen legez, gertakarien kontaketa hutsa gainditzea da: enpresa bateko langileen eta udaletxearen arteko tira-bira soil modura aurkeztu zaigun hori interpretatu nahiko nuke, tartean dauden klase estratuen (proletalgoaren eta langile aristokraziaren) psikologia politikotik abiatuta, proletalgoaren politika eta antolakuntza independentziaren printzipio estrategikoaren beharrezkotasuna agerian uzteko.

Gatazkaren bilakaeraren testuingurua argitze aldera, garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea orain dela bi urte eta erdi piztu zela, lan baldintza kaxkarrak direla medio. Zehazki, langileak haserretzen zituena %80an gizonezkoek osatzen duten errepideetako garbiketaren sektorearekiko soldata arrakala zen: %80 gehiago irabazten zuten. Udaletxeak Eulen enpresako garbitzaileen aldarrien aurrean erakutsitako ezgaitasuna (edo utzikeria) zela eta, apirilaren 29an bost hilabete iraun duen greba mugagabea hasi zuten beharginek, aurtengo urriaren 7a arte luzatu dena.

Aipatutako denboran zehar, negargarria izan da EH Bilduren gobernuak erakutsi duen jarrera: harrigarria suerta dakigukeen arren, grebaren eragina kosta ala kosta saihestean baino ez baitu oinarritu bere estrategia. Horretarako, instituzio, eskubide eta zentzu komun burgesak izan ditu bidelagun: esate baterako, “hezkuntzarako eskubidearen” defentsan ezkutatuta garbitu behar zen eskola Elgetako udalerrira lekualdatuz. Hori gutxi balitz, greban zeuden emakume langileei zegozkien  eraikinen garbiketa bermatzeko eskura zituen tresna guztiak baliatu ditu udaletxeak, hala nola, greban ez zeuden beharginen lan indarraz probestea, sektorearen zatiketa politikoan sakonduz; edota Elorrioko hiritargoari garbiketa zerbitzu minimoak betetzera dei egitea.

Bereziki adierazgarria deritzot Elorrioko kasuari, ene ustetan, burgesiaren eta EH Bilduk ordezkatzen duen bere babes bloke politikoaren psikologia politikoa antzematea ahalbidetzen duelako. Are gehiago, kasu honek proletalgoaren babesgabetasun politikoa agerian uzten duelakoan nago, klase ertainak sistematikoki isilarazia baita. Klase ertaina langile klasearen estratu aburgesatuak edo langile aristokraziak eta burgesia txikiak osatzen duten bloke politikoa dugu. Puntu honetan gehiegi sakondu  gura barik, ezinbestekoa iruditzen zait aipatzea bloke honek klase gatazkan betetzen duen funtzioa ondo konprenitzeko: langileria eta burgesiaren arteko interesen arteko interes talkaren kontziliazioa.

Gauzak honela, bloke honen psikologia politikoaren nolakotasunari erreparatzea funtsezkoa da proletalgoarentzat. Izan ere, bloke honen biziraupena bere sorrera baldintza historikoen araberakoa den heinean –Bigarren Mundu Gerraren ostean erdigune inperialistan gauzatutako kapital metaketa izugarria–, bere psikologia politikoa esentzian kontserbadorea da: iraganeko “garai loriatsuagoetara” bueltatu nahia, edo behintzat, dagoena indarrean eta indarrez mantendu nahia. Zentzu horretan, Europako egungo koiuntura historikoak jopuntuan jartzen du klase ertainaren biziraupena, kapitala bir-balioztatzeko ezintasunek ezaugarritzen duten heinean. Horren aurrean, estratu hauek zeukaten bizimodu erosotua gordetzeko ahaleginak eta bi egiten dituzte, sistematikoki iraultzarako aukerei uko eginez.

Hemen auzia honakoa da: langile klasearen estratu bereizi eta pribilegiatua den langile aristokraziak, kapital harremanaren beharra duela bere bizimodua bermatzeko, eta horregatik, kapital metaketari eta bere domeinuaren estruktura guztiari men egiten dio, burgesiaren klase-interesetara hurbilduz. Bide horretan, langile aristokraziaren forma politikoaren a prioria bere politika bakezale eta akomodatutik arazoak (proletalgoa) baztertzean datza. Aipatu baieztapena bereziki adierazgarria zaigu Elorrioko gertakarien kasuan. Izan ere, EH Bildu alderdiaren programa politiko aurrerakoiak ustez emakumearen berdintasunaren alde kokatu arren, emakume proletarioek soldata berdintasuna modu zehatzean aldarrikatzean honen egiazkotasuna zalantzan jarri eta greba eskubidea urratzera ausartzen dira.

Bestalde, argi geratzen da feminismo hegemonikoak osatzen duela klase ertainaren tresneria, bere klase konposaketa eta psikologia politikoari dagokienean. Izan ere, ikusi besterik dago Euleneko garbitzaileen greba indarrean zegoen bitartean, euren burua feministatzat dutenek non jartzen zituzten indarrak. Zentzu honetan ezin da aipatu eta hausnartu gabe utzi isiltasunean oinarrituta garbitzaileen arazo eta borrokekiko egon den boikot mediatikoa. Beste behin, klase ertainaren eredu aktibista oinarri duen paradigma politikoa azaleratu da: Durangon ospatuko diren jardunaldi feministen estetikaz arduratuago dago eskualde bereko emakumeen beharrei erantzuteaz baino. 

Are gehiago, agerian geratzen da mugimendu feminista hegemonikoaren aktibismoak alderdi elektoralak elikatzen dituela. Elkarreragina perfektua da: Aldarri koiunturalen hautaketa eta hedapenak indar instituzionala bozkaz hornitzea dauka aurrebaldintza gisa. Horrela izan da, esate baterako, la manada gisako auzi koiunturalekin, Euskal Errepublika Feministaren defentsarako jarraitzaileak irabazteko erabiliak izan baitira. Elorrioko kasua, ordea, bere eduki proletarioa tarteko, erabat ezberdina da, baina oso esanguratsua. Kasu honetan, plazaratutako aldarrien aurkakoa den alderdi politikoaren irudi ona mantentzea emakumeen eskubideen defentsaren gainetik dagoela nabarmen geratu baita. Horregatik, borroka hau Ezker Abertzale Ofizialistaren organo feministen isiltasun orokortuari esker baino ez da historiara pasako.

Emakume langileok geroz eta era krudelagoan feminista postmodernoen lerroetatik kanporatuak izatea salatzekoa dela uste dut. Auzia sinplea da: feminismo hegemonikoak geroz eta eduki elitista eta akademikoagoa duen bitartean, gutako gehienen eguneroko arazoek erantzunik izan gabe jarraitzen dute. Hori gutxi ez eta egitura ideologiko eta politiko burgesa (unibertsitateak, alderdi politikoak...) haien alde izanik, era maltzurrenean egoerari buelta eman eta beste klase edo estratuetako emakumeen ustezko betoaren ardura emakume langileen gainera jaurtitzeko azala dute. Zenbatetan epaitu gaituzte parrastada zahar honekin: “emakume burgesa albo batera uzten ari zarete”. Jartzen al dute ba haiek eta haien babes blokeak emakume langileon miserian arretarik? Beraz, nork alboratzen du nor? Ekintzarako tresna politikoez desjabetuak direnek edo politikoki antolatuta egon arren gutxi batzuen interesei bakarrik erantzuten dietenek? Elorrioko kasuari erreparatzea besterik ez dago galdera horiei erantzuteko.

Ez nuke artikulua amaitu nahi Euskal Herrian geroz eta indartsuagoa den joera sozialistaren aipamen laburrik egin gabe. Joera hori, besteak beste, Elorrioko borrokalarien kasuaren modukoekin indartzen da, langile klasearen politika eta antolakuntza independentziaren beharrezkotasuna erakusten duten kasuak baitira. Gure tesiak ez datoz zerutik, egunerokoan baztertuak direnen beharrei erantzutera gatoz. Burgesiaren eta bere babes blokearen programa politiko eta forma politikoekiko independentzian dago gakoa; gu geu izan gaitezen, gure beharrizan eta bitarteko politikoen bidez, errealitate kapitalistak inposatzen dizkigun injustizia bakoitzari erantzuten diogunak.