Eklektizismo metodologikoa eta feminismo (sasi)marxista: obrerismoa eta politika erreformista

2019ko ekainaren 14a


Gaztelaniazko bertsioa

Gogoan dut duela urte batzuk nire tripetan sentitzen nuen korapiloa, nire baitan zeuden indarrak askatu ezinik zeuden garaikoa. Garai hartan intuizio hutsak baino ez zirenak, pixkanaka mamitzen joan dira eta, zorionez, gaur egunean konturatu naiz estualdi une horiek igaro beharra nuela. Izan ere, niretzat zaila izan zen ordura arte emakume gisa sozializatua izateak eragiten zizkidan zapalkuntza formak borrokatzen laguntzen zidan mugimenduan, arrakalak, hutsuneak eta indefinizioak topatzen nituela aitortzea. Zalantzarik gabe, hilabete bat baino gehiagok igaro behar izan zuten nire korapiloa askatzen lagunduko zuten hitzak jartzera ausartu nintzen arte.

Prozesu hartan, garrantzia berezia izan zuten nigan antzerako ezinegona islatzen zuten testuek, manifestuek edota liburuek. Aitortu beharrean nago, halere, egun hainbeste miresten ditudan emakume komunistengana jotzea ez zela izan nire lehenengo saiakera, nire inguruko inortxok ere ez baitzuen euren existentzia eta ibilbide politikoaren berri ematen. Eskerrak lehenago ala beranduago eurekin topo egiteko aukera izan dudala! Kontuak kontu, ordenagailuaren aurrean nengoela, 'feminismo y marxismo' hitzekin hamarnaka bilaketa egin nituen nire intuizioei jarraituta. Nola edo hala, biak elkartzea baitzen nolabait nire asmoa. Bilaketa eta saiakera hauen emaitzak izango ziren, gaur kritikatu nahi ditudan posizio teoriko eta politikoetara eraman nindutenak.

Nire harridurarako, feminismoa eta marxismoaren arteko sintesi saiakerak urte askotan zehar indar handia izan duela konturatu nintzen. Batik bat 70. eta 80. hamarkaden artean. Aintzat hartzekoa da paradigma hau sortu zeneko garai historikoa, gatazka ugarik zeharkatua izan zena: Hego Amerikako iraultza sozialistarako aukerak ate joka zeuden hainbat herrialdetan, herrialde kolonizatuetako nazio askapen mugimenduak.... Koiuntura horretan, halaber, feminismoaren gorakada ere gertatu zen: bere baitan, posizionamendu politikoen aniztasuna egonagatik, sendotzen hasi ziren langile mugimenduarekiko batasuna defendatzen zuten indarrak. Esango nuke Estatu Batuetako eta Italiako unibertsitateak izan zirela honetan abangoardia ideologikoaren papera bete zutenak. Era beran, hauek dira gaur egunean Euskal Herriko feminismoan gehien eragin dutenak ere. Batez ere, koiunturaren eskakizunen baitan bere burua 'itxurazko izaera marxistaz' mozorrotzeko lotsarik agertzen ez duen horien ahotan.

Egoera honetan, gertatutakoa aztertzeko nire hipotesia honakoa da: burgesiak bi bloke politikoren hegemonia ideologikoa irabazteko baliatu zuela indartzen ari zen mugimendu feminista hura. Alde batetik, klase ertainaren begikotasuna irabazi zuen, burgesia txikiarekin identifikatzen ziren langile aristokraziako emakumeek euren botere-kuotak sendotzeko erreminta ezin hobea aurkitzen baitzuten feminismoan. Zentzu honetan, klase ertainaren adierazpen ideologikoen artean kokatu behar ditugu indartzen ari zen mugimendu feministaren hainbat posizionamendu politiko, zalantza barik. Izan ere, klase ertainaren ekinbide politikoaren esentzia den langileria eta burgesiaren arteko sintesiaren defentsa, erraztasun handiagoz egikaritu ahal izan zuen bloke politiko honek garaiko feminismoak eskaintzen zituen formulazio abstraktuen bidez: emakumearen subjektu unibertsalaren abstrakzioan oinarritutakoak, sororitatearen aldarria egiten zutenak... Honela, burgesiak langileriaren sektoreak politikoki gerturatzeko baliatu zuen feminismoa, mugimendu feministaren baitan sor zitezkeen sektore disidenteak (komunistak) ezabatzeko eta emakumeek izan zitezkeen intuizio proletarioak neutralizatzeko bidea erraztuz.

Baina honez gain eta bereziki langileriaren sektoreen artean onespen maila altuagoa irabazteko aukera eman zuen formulazioa, balizko marxismoaren eta feminismoaren arteko sintesia defendatzen zuen hura izan zen. Zergatik? Itxura batean honek behe-estratuen interesak ordezkatzen zituelako. Hau elikatzeko, burgesiak sekulako inbertsio ekonomikoa egin zuen akademia zentroetan, funtzio ideologiko nabarmena zuen mugimendua martxan jarriz. Honela, langileriari zuzendutako feminismo sasi-marxista honi babesa emateko, ikerketa talde, konferentzia eta aldizkari zientifiko berriak sortu ziren: esate baterako, Union For Radical Political Economics taldea, Marxist-feminist group, 1975-1977 arteko mintegi feminista-sozialistak, Signs izeneko aldizkaria, Socialist Feminist Speakers Series... Une honetan, egun sektore akademikoen artean lekua egiten ari diren Mundu Mailako Kongresu marxista-feminista edota Critical Theory Group bezalako ikerketa taldeak datozkit burura. Baina momentuz, gai hori hurrengo baterako utziko dugu.

Hortaz, burgesiak gidatutako erasoaldi ideologiko honen abiapuntua 70. hamarkada hasieran idatzi ziren hainbat liburutan topatu behar dugu, hauen garapen modura planteatuak izan baitziren ondorengo urteetako ikerketak. Liburuotan mahai-gaineratzen diren zenbait ideia egungo mugimendu feministak (paradigma feminista-marxistaren aitzindaritzat hartuak izan diren heinean) baztertu baditu ere, laburki aipatuko ditut. Lehenik eta behin, Shulamith Firestoneren 'The dialectic of sex' (1970) dugu; Heidi Hartmannen hitzetan 'marxismoa auzi feministen mesedetan' kokatu zuen lehenengo saiakera, patriarkatuari analisi materialista aplikatzen saiatu baitzen. Juliet Mitchellen 'Women’s state' (1971) izan zen ahalegin hauen hurrengo pausua. Esango nuke, modu ezberdinetan kontzeptualizatua izan den arren, gaur egun arte indarrean jarraitu duela testu hauetan mahai-gaineratutako tesi nagusiak: Juliet Mitchellen arabera, problematika hau ebazteko garatu beharreko prozedura 'kapitalismoaren modu ekonomikoa eta patriarkatuaren modu ideologikoa' autonomoki aztertuz analizatu behar zen.

Dena dela, zehaztu dudan moduan, patriarkatua sistema ideologiko soil gisa ezaugarritzea ondorengo feministek segituan ukatu izanagatik, patriarkatua eta kapitalismoa hartu-emanetan dauden bi sistema bezala definitzeak arrakasta handia eskuratu zuen. Akats analitiko horretatik abiatzearen ondorio logikoa da, ondorengo formulazioetan errakuntza metodologikoak bata bestearen atzetik indartzen joan izana. Horregatik, hurrengo lerroetan, akats metodologiko berberetik abiatzen diren autore feministak ekarriko ditut, zirkulu feministetan “marxistak” bailiran aurkeztuak diren horiek hain zuzen ere. Zertarako? Bada, eragin handiko autore hauek mahai-gaineratutako baieztapenak elkarren artean alderatzetik hasita, ikuspuntu hauek komunean duten prozedura metodologikoa agerian uztea da nire asmoa. Honela, autore hauek egindako hanka-sartzeek, bakoitzaren ezintasun teorikoei baino, burgesiaren esku-hartze ideologikoari erantzuten diotela frogatzeko asmoa dut: metodo marxistaren potentzialitate iraultzailea ezerezean uzteko helburuz egindako maniobrak diren heinean, zorroztasunez kritikatu beharrekoak direla uste dudalako. Ea ba.

1978. urtean argitaratutako Zillah R. Eisensteinen 'Patriarcado capitalista y feminismo socialista' liburua dugu aipatu errakuntza metodologikoaren lehenengo adibidea. Autore honen hitzetan 'bere lanak klasearen analisi marxista tesi gisa hartzen du, patriarkatuaren analisi erradikal feminista antitesi bezala, eta bietatik sortzen da feminismo sozialistaren sintesia'. Antzeko bidetik doa hurrengo baieztapena: 'analisi marxistak klasearen harreman ekonomikoetan dauden botere harremanen azalpen historikoa bilatzen du, feminismo erradikala boterearen errealitate biologikoaz arduratzen den bitartean. Feminismo sozialistak, ordea, boterea bere klase eta erro patriarkalen zentzuan aztertzen du'.

Edonola ere, Heidi Hartmann izan da zirkulu feministetan ospe handiena irabazi duena. Autore hau zuzen-zuzenean aipatzen ari naizen paradigman kokatzen da. Nagusiki, 1979. urteko 'Un matrimonio mal avenido: hacia una unión más progresiva entre marxismo y feminismo' deitutako liburua izan da, nire iritziz eta ez hainbeste aurkeztutako ideiak berritzaileak izan zirelako, baizik eta modu satiriko eta ironikoan formulatuak izateak berezitasuna eman zielako, bereziki erabili dena. Hartmannek, feminismoa eta marxismoaren arteko harremana ezkontzaren metaforaren bitartez irudikatu zuen. Baina ezkontza hau guztiz gorabeheratsutzat hartzen duenez autoreak, bi aldeen arteko ezkontza osasuntsua lortzeko bi analisi-metodoak maila logiko parekoan kokatzea proposatzen du.  Hortaz, Hartmannen ustez, marxismoa eta feminismoa elkartzen ez badira, bakar bat ere ez da nahikoa emakumearen zapalkuntza aztertzeko. Gauzak horrela, feminismo-marxista litzateke baliagarria den metodo bakarra. Honela formulatzen du berak uztartzea: 'analisi marxistak garapen historikoaren eta, zehazki, kapitalaren legeen funtsezko ikuskera eskaintzen duen arren, marxismoaren kategoriak sexuari itsuak zaizkio (sex-blind). Zehazki feminista den analisiak baino ezin du agerian utzi emakume eta gizonen arteko harremanen izaera sistematikoa. Hala ere, analisi feminista ez da nahikoa, historiaren aurrean itsua delako eta ez delako aski materialista'. Hau da, bi paradigma teorikoen sintesia justifikatuta geratuko litzateke, marxismoaren zeregina sistema kapitalistaren kategoria ekonomikoak aztertzea eta feminismoarena emakumeen zapalkuntzaren zergatia ikertzea omen delako. Bi fenomenoek (klase dominazioa eta genero zapalkuntza) sistema kapitalistan euren artean ezinbestean duten barne-harremana alboratuz, bi ikerketa-metodoen artean duen harremana kanpokotasun hutsal batera mugatzen du honela.

Hortaz, argi geratzen da zein den autore hauen asmoa eta zergatik hartu behar ditugun burgesiaren kolaboratzaile ideologiko modura. Feminismoa eta marxismoaren arteko sintesiaren aitzakiapean, feminismo ‘erradikala’ bloke politiko inter-klasistarentzat erakargarriagoa bilakatzea bilatzen zuten posizioak dira aurkeztutakoak, itxurazko diskurtso marxista batekin mozorrotuak. Honek ez du Marxen pentsamenduaren kategoria zentralarekin (ekoizpen harremanak), berak zapalduen alde posizio etiko eta politikoarekin eta ‘historiaren ulerkera materialista’-tik eratortzen den osotasun sozialaren baitako fenomenoen barne konexioa aztertzearekin inongo zerikusirik. Beraz, marxismoaren izaera iraultzailea ezerezean geratzea zen akademiko hauek bilatzen zutena. Marxen ikuspunturik erradikalki eta modu interesatuan aldenduz, gertakari ekonomiko hutsetara mugatua den azterketa-metodo gisa baino ez baitzuten definitzen ekonomia politikoaren kritika, obra guztia zeharkatzen duen eta bere esentzian aurkitzen den iraultzaren teoria burgesiaren interes politikoen mesedetara baztertuz.

Urte batzuk beranduago, halaber, prozedura berdinarekin egiten dugu topo han-hemenka: azken boladan, euren burua ezkertiartzat izendatzeko, marxismoa eta bestelako metodologien arteko sintesi eklektikoa aldarrikatzen duten paradigma sasi-zientifikoak ugaritzen ari baitira. Nor eta sektore feministek horrenbeste maitatzen duten Federici agertzen zaigu orain, politikagintza burgesa garaile ateratzea ahalbidetzen duen jokaldi honen gidari modura. Akademia giroan hain entzutetsua den 'Soldataren patriarkatua. Marxismoari kritika feministak' (2018) liburuaren sarreran bertan agertzen da metodologia burgesa ezaugarritzen duen ikuspuntuen arteko sintesi eklektiko saiakera: 'lehenengo pausua marxismoaz eta feminismoaz zer ulertzen dugun aztertzea da, ondoren bi ikuskerak elkartzeko. Borrokatzen dugun aldaketa hori egikaritzeko posible ez ezik ezinbestekoa da hau. Elkar gurutzatzearen prozesu horrek elkarrekiko berdefinizioa dauka emaitza gisa'. Beste behin, zientzia burgesaren prozedura legez, marxismoaren ulerkera ekonomizista zabaldu eta gero, murrizketa hau egungo kapitalismoa aztertzeko nahikoa ez delakoan kritikatua da, bere posizioa justifikatzeko bide bakar gisa: Marxen 'gainbalioa, dirua eta merkantziaren formaren analisiak eta, batez ere, bere metodoak nahitaezkoak izaten jarraitzen dute, nahiz eta ez diren nahikoak gaur egungo kapitalismoa ulertzeko'. Eta aurrerago jarraitzen du: 'printzipio feminista, anarkista, anti-arrazista, queerrekin nahasten bada, Marxen teoriak Europako, Ameriketako eta mundu osoko desobedienteengan eragina izaten jarraitzen du. Horregatik, feminismo antikapitalistak ezin du Marx albo batera utzi' (SIC).

Bide beretik doa Amaia Pérez Orozcoren 'Subversión feminista de la economía' (2014) liburua. Kasu honetan,  ustezko hizkera berritzaile (decesidad, buen vivir (?), BBHVAh, crisis, real, producción[1]...) batekin aurkezten bada ere, mozorrotutako proposizio ezin zaharragoek zeharkatzen dute bere lana. Euren aurpegia kutsu aurrerakoiaz zuritu nahi duten bestelako saiakera teorikoen legez, 'zibilizazioaren krisiaren aurrean ikuspegi kritikoen arteko konfluentziaren ziurtasunetik' (sic)  jaiotzen da autorearen proposamen teorikoa. Horrela, metodologien arteko antagonismoa ezabatua da, marxismoa edukiz hustu ostean beste azterketa-metodoen parean kokatua da. Honela, Orozcok kritikatzen duen 'añada mujeres y revuelva' prozeduraren funtsean, kritikatzen ari garen 'añada perspectivas críticas y revuelva' formulazioa baino ez dago.

Aurreko sarreran azaltzen saiatu nintzen zergatik ematen diren feminismoaren eskutik datozkigun desitxuraketak marxismoaren ulerkera positibistari guztiz loturik. Oraingoan ordea, pausu bat haratago joanez, marxismoaren ulerkera positibistaren ondorio politikoak laburki aipatu nahiko nituzke. Posizio teorikoen kritikak ez baitu bilatzen ideien munduari dagokion eztabaida abstraktu batean beste posizio bat txertatzea. Azken instantzian, kritika honen zentzua kritikatuak diren posizio teorikoek errealitatean politikoki duten eragina ulertzea eta konfrontatzea da. Zentzu honetan, nire ustez, kritikatutako posizioak, esfera politikoan obrerismoaren arazoan islatzen dira. Izan ere, alde batetik, aztertzen ari garen autoreek, errealitate sozialaren gaineko irudi kosifikatuan jausiz, marxismoaren ardura analitiko nagusia, askoz jota, 'klaseen arteko harreman ekonomikoen' analisia dela baieztatzen dute. Premisa logiko horretatik abiatuta, ez da harritzekoa orain arteko autore gehienek marxismoaren potentzialitate analitikoa edukiz hustutako 'ikuspegi historiko eta materialista' ekonomizistara mugatzea. Gauzak horrela, marxismoaren irudi positibista zabaldu eta gero, proletalgoaren potentzialitate iraultzailea zalantzan jartzera ausartzen dira eta honekin, aurrez esan dugun moduan, iraultza sozialistaren aukera historikoen azterketa ezinezko bilakatzen da.

Beste aldetik, erabat zuzenak iruditzen zaizkit Iris Youngek ‘teoria duala’-ren baitan identifikatutako arrisku politikoak. Zehatzago, 1992. urtean argiratatutako 'Marxismo y feminismo, más allá del matrimonio infeliz. Una crítica al sistema dual' testuan zorroztasunez dihardu Hartamannek babestutako marxismo eta feminismoaren loturaren porrotaz. Youngen analisia politikoa da: sistema dualaren teoria, garai hartako langile mugimendutik autonomoa izango litzatekeen emakumeen mugimendua sortzea justifikatzeko asmoz jaio zela ondorioztatzen du. Hau da, paradigma feminista-marxistaren ondorio praktikoa, itxura batea aldarrikatzen duenaren oso bestelakoa da: langileriaren askapen prozesutik jaiotako eta honen espresio zehatza zen emakume langilearen mugimendua ukatzea, ezeztatzea eta kasurik hoberenean, bere baitan barnebiltzea.

Ordutik lauzpabost hamarkada igaro diren arren, paradigma horrek utzitako zama gure bizkarren gainean daramagu oraindik. Nik neuk ere irentsi nuen amua, feminismoa emakumeoi soilik dagokigunaren usteari indarrez eutsi nahi izan nion garaian. Gaur egun hain hedatuta dago paradigma horrek sortutako gaitza, ezen emakumeok kasurik onenean ere lan-karga bikoitza jasan behar izaten dugun; hau da, genero problematika bere osotasunean zein modu aislatuan hartzen dugu gure gain, problematika orokorra lantzeko sortzen diren espazioetan ere arituz. Normalean, ordea, nagusitzen den irudia da, erabat bananduta dauden adierazpen politikoak bilakatu direla, borondateak ere elkartu ezin dituen emakumeon eta gizonen ardura bereiztuak bailiran.

Ezin zitekeen bestera gertatu, beti ere, ustezko feminismo marxista honek bezala, langileria eta emakume langileen zapalkuntzaren azterketa eta borroka kanpo-harreman batek lotzen dituela ulertzen bada. Horrela espresatzen da obrerismoaren arazoa: ustez kontrakoa lortu nahi badu ere (emakume langilearen emantzipazioa), marxismoaren erdigunean langile klasea fenomeno ekonomiko unilateral izatera mugatzen dute.

Badugu zer hausnartu beraz. Zintzoki uste dut Euskal Herriko mugimendu feminista hegemonikoak traba berdinarekin egiten duela topo: ez bakarrik maila teorikoan euren azterketei 'kutsu materialista' (ekonomizista) ematen saiatzen direnean, baizik eta euren praktika politikoan elikatzen duten subjektu politikoan. Honela,  langileriaren gaineko irudi positibista emanez, bi ikuskeren arteko sintesia aurkitzeko sektore feminizatuen gatazketara murrizten dute borroka eremua: etxeko langileengan, zahar-etxeetako beharginengan, garbitzailengan... Horrela, ezinezkoa suertatzen zaie langileriari atxikitzen zaizkion aldarrikapenek lanaren marko burgesa gainditzea, langile klasea subjektu iraultzaile gisa artikulatu ezinik agertzen delarik. Osotasun sozial berria nekez ekoitzi daiteke subjektu iraultzailea modu horretan murriztua bada.

Ez ditzagun, bada, burgesiaren neurrira egindako paradigma-teorikoak jaso hala irentsi, askapenerako formula ‘definitibo’ gisa sinetsi. Ekin diezaiogun emakume desjabetuon mugimendua zapalkuntza-forma guztien aurkako borroken arteko batasun politikoan oinarritutako prozesu sozialistan integratuta garatzeari. Berreskura dezagun ekonomia politikoaren kritikaren esentzia iraultzailea.

[1] Berak marratzen ditu erabiltzen ohi diren zentzuaren ukapena adierazteko.