Mundu mailako merkatua: muga eta kontraesan berriak

2021eko maiatzaren 14a


(Itzulpena)

 

«Mundu mailako merkatua da ekoizpena osotasun gisa nahiz bere momentu bakoitzean agertzen den lekua, baina era berean, baita kontraesan guztiak prozesuan ikusten diren tokia ere. Mundu mailako merkatua, aldi berean, osotasunaren oinarria eta euskarria da».

Karl Marx, Grundrisse


Egia da XX. mende erdian kapital globalaren metaketa-prozesuak, langile gehiago behar zuenez, langile asko lan-merkatuan txertatzea ahalbidetu zuela. Ordea, gaur egun, mendebaldeko ekonomia gehienetan eta beste askotan ere, kontrakoa gertatzen ari da.

Horren ondorioz, kapitalak zailtasunak dituela biztanleria-masa handi bati enplegu eta soldata bermatzeko. Biztanleria-masa horrek diru-sarrerak behar ditu elikatzeko, etxebizitza ordaintzeko, bero mantentzeko, eta azken finean, bizi-baldintza minimoei eusteko. Oro har langabezia-tasa 2008ko krisiaren aurreko datuekin alderatuta parekoa edo apur bat baxuagoa bada ere (datu horiek egokiak diren zalantzan jarri liteke, estatistika-institutu gehienetan astean ordubetez soilik lan egiten duen pertsona bat landun gisa zenbatzen baita), gaur egungo testuinguruan, enplegatutako gero eta pertsona gehiagok dituzte zailtasunak beren bizi-estandarrei eusteko. Ez dira kasu anekdotikoak, gero eta gehiago baitira «ezohiko enplegu-moduen» pean lan egiten duten pertsonak. Horien artean aurki ditzakegu, esaterako, iraupen laburreko lanaldi partzialeko enpleguak edo «zero orduko enpleguak», non langileak hala eskatzen zaionean soilik lan egingo duen, gutxieneko ordu-kopururik eta lan-ordutegirik ezarri gabe. Jakina, ordutegien aurreikusezintasunak eta aldakortasun handiak antsietate eta ziurgabetasun handia dakartza, lanean ez ezik, baita lanetik kanpo ere, hots, bizitza pertsonalean. Horretaz gain, kontuan hartu beharrekoa da zein baxua den era horretako enpleguen soldata-maila ere.

Gainera, horri gehitu behar zaio kapitalak berari arrotz zaizkion bizitzako espazio guztiak balio-logikaren baitan azpiratzeko duen joera. Horrekin esan nahi dut egunerokotasuneko ekintzak, esaterako, auto pribatu bateko bidaia, orain etekina ateratzeko aukera bihurtu direla, Blablacar bezalako zerbitzuen erabileraren bidez. Gauza berbera gertatzen da bigarren eskuko arroparen salmentaren kasuan, gero eta zabalduago baitago dirua irabazteko bitarteko erraz eta irisgarri gisa. Halaber, gela bat hutsik edukitzea dirua irabazteko aukera galdutzat jotzen da, logela hori alokatuz gero diru-sarrera handia lortuko balitzateke. Adibide horiek argi erakusten dute kapital-harremanak bizitzako gero eta jarduera edo espazio gehiago zeharkatzen dituela. Duela bi aste eskas, Ainhoa Vidalek gaur egun bizi dugun kapitalaren interesak unibertsalizatzeko uneari buruz idatzi zuen kazeta honetan.[1] Bertan, nortasunaren garapena merkatuaren menpe dagoela aipatzen zuen. Hain justu, kapitalak jabetza forma eta erreprodukzio sozialaren eremu guztietara totalizatzeko joera dauka, bere burua legitimatzeko helburuz, bai eta bere boterea betikotzeko eta handitzeko ere. Funtsean, merkatuaren parte ez diren jarduera guztiak, baina izan litezkeenak, aberastasun-iturri izan daitezke eta kapitalak ez du zalantzarik izango horietaz aprobetxatzeko.

Orain arte ikusitako elementuekin dagoeneko antzeman dezakegu zenbait autoreren ustez erreprodukzio sozialari dagokionez gure garaiko kontraesan handienetako bat den hori. Azken buruan, ekoizpen kapitalista egoera problematiko baten aurrean dago, gero eta neurri handiagoan gainera: merkatu-logikatik kanpo geratzen diren biziraupen-moduak onartzen ez baditu ere, ez da gai gehiengoarentzat baliagarria den bizitza-erreprodukziorako eredurik eskaintzeko.

Nahiz eta kontsumitzaile kopuru handia behar duen bere merkantziak saltzeko, kapitalismoak soberan dagoen biztanleria-masa gero eta handiagoa sortzen du, gero eta gizaki gutxiago behar baititu ekoizle gisa. Lanaren gizarteak jada ez du lanik behar. Gaur egungo enpresa handiak, etekinak lortu nahi badituzte, teknologia-erabileraren mendekotasun erabatekoan daude. Hala, Netflixen moduko enpresek urtean milaka milioi euroko etekinak lor ditzakete, langile-plantilla oso mugatua izanik ere (mundu osoan hamar mila langile baina gutxiago). Antzeko zerbait gertatzen da industria bioteknologikoekin ere, irabazi-kopuru izugarria lortzen baitute sendagaien, txertoen, patenteen eta abarren jabetza intelektualaren bidez.

Industria moderno horiek guztiak mundu mailako kapital industrialaren balorizazio-prozesuan izandako baldintza materialen aldaketari esker dira posible. Ezagutza transmititzeko bitartekoen iraultzak, hala nola informazio- eta komunikazio-teknologienak, kapital ukiezinaren garapenarekin batera (ezagutza, hezkuntza, ikerketa), irabazi handiak dituzten sektoreak sortzea ahalbidetu du, non lana gero eta gutxiago behar den.

Izan ere, merkantzien ekoizpenari aplikatutako aurkikuntza teknologiko guztien helburua ekoizpenerako behar den lana murriztea da. Hala ere, ekoizpen horretan gauzatu den lanak soilik ahalbidetzen du irabaziak izatea. Oro har, zenbat eta denbora gutxiago behar izan merkantzia jakin bat ekoizteko, orduan eta balio ekonomiko txikiagoa izango du merkantzia horrek, eta, ondorioz, irabazi gutxiago lortuko dira. Hala eta guztiz ere, balioa murrizteko joera hori ekoizpen globalaren etengabeko igoerarekin konpentsatu da: auto bat ehun orduan beharrean hamar orduan ekoiztea posible bada, auto horrek balio txikiagoa izango du; ordea, auto bat beharrean hamar auto ekoitzi eta saltzea lortzen bada, autoek auto bakar hark adinako balioa edo handiagoa izango dute.

Horregatik dago kapitalismoa kondenatuta aurrerantz ihes egin eta gero eta gehiago ekoiztera. Horren guztiaren arazoa da hamar auto ekoizteak auto batek baino baliabide natural gehiago kontsumitzea dakarrela. Kapital-metaketa hazkunde-prozesu esponentzialean datza, eta gero eta baliabide natural gehiago behar ditu; beraz, muga saihestezin bat du, natura ez baita agortezina. Horren erakusgarri da 70eko hamarkadatik aurrera petrolioaren eta gas naturalaren kontsumoak eta prezioak izan duten gorakada izugarria.

Nork imajinatuko zukeen, XX. mendearen hasieran kapitalismoaren mugei buruz eztabaidatzen zenean, muga horiek baliabide naturalen erabilera estentsiboarekin eta biosferaren etengabeko degradazioarekin zerikusia izango zutela? Bada, halaxe da: kapitalismoak, bere izaeragatik, gaindiezinak diren oztopo ekologikoekin egiten du topo.

Alabaina, horrek ez gintuzke determinismora bultzatu behar; ez dakigu ezer kapitalismoaren krisiaren etorkizunari buruz, eta, zorionez, fenomeno horren azken emaitza erabat irekia da oraindik.

 


[1] https://gedar.eus/ikuspuntua/es/ainhoa-vidal/aniztasunaz-eta-askatasun-aukerez


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik