LOMLOE: Ikamaren erantzuna aztergai

2021eko otsailaren 12a


Gaurkoan LOMLOEri buruz idatziko dut. Nire asmoa ez da, haatik, legea bera aztertzea. Izan ere, legea hezkuntza esparruko joko-zelai politikora ekarri eta bertan eragindako erantzuna aztertu nahiko nuke; zehazki, Ikama antolakundeak legea onartzearen harira egindako posizionamendua aztertuko dut. Ikamaren militantzia eredua eta proiektu politikoa definitzen joate aldera posizionamendua esanguratsua dela deritzot eta, beraz, hona ekartzeko interesgarria.

Hasteko, LOMLOE legearen kokapen labur bat egingo dut, testua bera aztertu baino nondik eta zergatik datorren aipatzeko. Ondoren, Ikamak hilaren 1ean egindako adierazpenari erreparatuko diot eta, bukatzeko, ondorio batzuk ateratzen saiatuko naiz irakurketa politikoa osatze aldera.

LOMLOE, kokapen txiki bat:

Lege zabala da LOMLOE (Ley Orgánica de Modificación de la Ley Orgánica Educativa). Zabala izanagatik azalekoa da, era berean. Ukitzen dituen puntuen artean daude eskola kontzertatuen finantzazioa, gaztelaniak komunikazio-hizkuntza izateari uztea, bankuen eta multinazional teknologikoen parte hartzea hezkuntzan, digitalizazioa eta beste hainbat. Ordea, sakontasun gutxiko aldaketak dira egiten dituenak, edo zenbaitek esan duen gisan, aldaketa estetikoak. Ez da harritzekoa: LOMLOE, izenak dioenez, Hezkuntza Legean (LOE) aldaketak egiteko lege organikoa da. Hain zuzen ere, aurreko PPren gobernuak egindako aldaketetatik (LOMCE) zenbait desegiteko helburua du lege berriak. Ezin espero, beraz, sakoneko aldaketarik. Aipatutako puntu batzuetan, adibidez hizkuntzaren auzian, LOMCEk egindako aldaketak desegin ditu; beste batzuetan, digitalizazioari dagokionean kasu, jada ematen ari diren egoerak formalizatu eta juridikoki babestu nahi izan ditu.

Egin beharrekoa zuen aldaketa gobernu berriak. PPren garaian hezkuntza komunitateak eta oposizioak gogor kritikatutakoa izan zen Wert legea, eta mobilizazio ugari egin ziren haren aurka estatu osoan, baita Hego Euskal Herrian ere. Lege aldaketak eragindako polemikagatik batetik, eta sortu zituen mobilizazioengatik bestetik, LOMCEk garrantzi sinboliko handia hartu zuela esan daiteke, eta hainbat eta hainbaten gogoan iltzatuta geratu zen. Hala, egungo gobernua osatzen duten alderdien hauteskunde programan, hezkuntzari dagokionez, LOMCE desegitea izan da puntu garrantzitsuena. Bistakoa denez, hezkuntza komunitatean sortutako asaldura kapitalizatzea izan zuten horrekin helburu, hauteskunde garaian asaldura boto bihurtzea, alegia. Espero bezala, logika elektoralistan egindako mugimendua izan da gobernuak egindakoa, eta ez auzia ebazteko borondatez egindakoa.

Ikamaren posizionamendua:

Ikamak, bigarren mailako hezkuntzan jarduten duen antolakundea izaki, lege berriarekiko bere posizionamendua adieraziz irakurketa bat argitaratu zuen LOMLOE onartu berritan. Lau dira irakurketa horretan problematizatutako puntu nagusiak: 1) gaztelaniak komunikazio-hizkuntza izateari utzi arren hizkuntza zapalduen aldeko murgiltze ereduak martxan jartzeko bermerik jarri ez izana, 2) erlijioa notan kontuan izango ez bada ere denek eskaini behar izatea, 3) eduki curricularraren % 50 Espainiak zehaztea eta Euskal Herrian egina izango den eta «gure herriaren aitortza eta garapenean lagunduko duen» curriculumaren ukapena eta 4) ebaluazio irizpideak Madrilen erabakitzea. Horren ordez, «tokian tokiko errealitatea eta ikasleriaren beharrizanak aintzat hartzen dituen ebaluazio irizpideak [...] hezkuntza komunitateak adostutako dituenak» aldarrikatu ditu.

Hasteko, esan behar dut ados nagoela lau puntu horiek problematizatzearekin. Alegia, kaltegarria da, nire ustez, ikasleria langilearentzat ikastetxeetan erlijioaren presentzia eta beharrezkoa, adibidez, ikasleria euskalduntzeko mekanismoak martxan jartzea. Aipatutakoekin ados egonagatik, faltan somatu ditut beste zenbait puntu, baita osotasunaren kapitalistaren baitan hezkuntzak duen funtzioren kokapen bat ere.

Faltan somatu ditudan puntuak dira itunpeko ikastetxeei dagokiena eta hezkuntzaren digitalizazioarena. Hala ere, uste dut ezberdinak direla bata eta bestea ez aipatzeko arrazoiak. Itunpeko hezkuntzari dagokionean, lege aldaketak bertako plazak «eskari sozialaren» arabera eskaintzeko eta lursail publikoak itunpeko ikastetxeei uzteko aukera ukatu badu ere, ez du publifikaziorako mekanismorik proposatu, eta finantzazio publikoak Jaurlaritzaren esku jarraituko du. EAEren kasuan itunpeko hezkuntzak babes ekonomiko handia izaten jarraituko duela esan nahi du horrek. Azken asteetan ikusi dugunez, polemika sortzen duen puntua da itunpeko hezkuntzarena EH Bilduren oinarri sozialean. Horregatik, bertan posizio bat definitzeak sektore zabal baten (edo bestearen) gaitzespena eragin dezake, eta hori da, nire ustez, gaia saihesteko arrazoia. Gainera, atentzioa ematen duen ausentzia da puntu honena, hezkuntza komunitatean itunpeko hezkuntzak segregazioan eta euskararen transmisio makalean duen eraginak sortzen duen larritasuna kontuan izanik.

Digitalizazioari dagokionez, ostera, arrazoia bestelakoa dela esango nuke: puntu hau oraindik ez dago eztabaidaren zentroan eta hezkuntza sistemak kapitalismoaren baitan betetzen duen paperaren analisi baten faltan zaila da gaia kokatzen. Hezkuntzaren digitalizazio prozesua efektiboa izanik honezkero, LOMLOEk babes juridikoa eman eta tendentzia hori formalizatzea du helburu, eta horretarako ondorengo garapenerako bidea garbitu nahi du. Hala, nire ustez, legearen puntu garrantzitsuenetako bat da aipatu gabe geratu dena, krisi kapitalistaren eta ekonomiaren koiunturarekin konexioan, hezkuntzaren garapenerako joerak aztertzeko aukera ematen duen puntua baita, aurreko idatzi honetan zeharkabada ere aipatu nuenez.

Azkenik, eta aurreko puntuaren bidetik, hezkuntzak sistema kapitalistaren baitan betetzen duen funtzio estrukturala ez aipatzea esanguratsua dela uste dut. Hala, curriculumaren eta ebaluazio irizpideen salaketan pisu handiena hartzen duena erabaki gunearen kokapen territoriala da. Aipatutako kokapen estrukturalaren faltan, indefinizioan geratzen da horien izaera, «tokian tokiko errealitatea eta ikasleriaren beharrizanak aintzat hartzen dituzten ebaluazio irizpideak» eta «gure herriaren aitortza eta garapenean lagunduko duen curriculum propioa» formula lausoetan adierazten den indefinizioa. Indefinizio horrek bi ondorio ditu, gutxienez: batetik, zenbait fenomenoren kokapena ezinezko bilakatzen du, adibidez digitalizazioaren auzia, eta bestetik, elementu antagonisten faltan, zentzu komuna erreproduzitzen du eta ez du integratzeko arazorik batere eragiten.

Ondorioak:

Aurreko lerroetan aipatutakoetatik ondorioztatzen dut Ikamaren jardun erreala, antolakunde horretako militanteen borondatea gorabehera, EH Bilduk kapitalizatuko duen asaldura eta mugimendua eragitea dela. Ulertu behar da hori ez dela Ikama deskalifikatzeko asmoz egindako baieztapena, bere jardunaren eta honen fruituen arteko loturatik ateratako ondorioa baizik. Lau dira, nire ustez, kasu honetan Ikamak LOMLOEren aurrean hartutako posizionamenduak EH Bildu elikatzea eragiten duten kausak:

        Aldarrikapenen indefinizioa, eta, beraz, posizio kontraesankorrak asumitzeko gaitasuna.

          Problematizatutako puntuak ikasleriaren zentzu komun «progrean» jada txertatuta egonik, aldarrikapenekiko berehalako atxikipena lortzeko aukera. Horren adibidea da, besteak beste, erlijioaren aipamena.

–       Puntu polemikoak baztertzea, itunpeko hezkuntzarena kasu.

    Puntu horiek efektibo egiteko eta sortutako mugimendua kapitalizatuko lukeen bestelako proposamen organizatiborik ez mahaigaineratzea.

Boto eran itzuliko den lotura izateko nahikoa da lotura politiko ahul bat. Beraz, behar dena ahalik eta jende multzo zabalenak ahalik eta era zuzenenean aldarrikapen jakin batzuekin bat egitea da. Hain zuzen ere, hori da aldarrikapenen indefinizioak, polemika baztertzeak eta zentzu komunean jada txertatuta dauden puntuei pisua emateak sortzen duena: lotura politiko ahula eta berehalakoa.

Nire ustez, ordea, beste bat da hezkuntza esparruan posizio iraultzaile bat elikatu nahi duen antolakunde batek izan beharreko jarduna. Behar-beharrezkoa da ikasleria langilearen zentzu komuna zabaltzea, lan ideologikoaren bidez ondoren boto ez baina gihar organizatibo bihurtuko den asaldura sortzea, lortzen nekezagoak izan arren, askoz sendoagoak izango diren lotura politikoak baitira horiek. Izan ere, ikasleria langilearen zentzu komunean politikaren eta politika parlamentarista burgesaren arteko batasuna esklusiboa den artean, hortik kanpoko politika pentsaezina zaien bitartean, jai dugu.

Ikastetxeetan antolatu arren, «kalean» politika logika elektoralistarekin egiteak, zinez, aipatutako ulermen markoen betikotzea baino ez digu ekarriko.