Autoritarismoaren gorakada hezkuntzan eta IKAS (II)

2020ko abenduaren 19a


Orotara, hezkuntzaren zeregina ikaslea soldatapeko lanerako gai egitea da, horretarako jakintza teknikoak transmitituz, bizi-ohiturak eta ideologia txertatuz. Egiari zor, emaitza hori ez da soilik hezkuntzaren ondorio; ezin dira gutxietsi ikasle horiek beren bizitzako gainontzeko esparruetan jasandako eraginak, gazte masa-kulturarena, kasu.

            Behin eta berriz aipatzen ditugun gaitasun tekniko horiek, ordea, ez dute balio balioa ekoizteko balio ez badute. Alegia, ikuspuntu produktibo kapitalista batetik, alferrikakoa izango da eskuratutako edozein gaitasun, ondoren soldatapeko lanaren diziplinan esplotatu ezin bada. Horren adibide, enpresetan maiz gertatzen dena: tituludun berriak kontratatu eta enpresak bere beharretara egokitutako formakuntza emango dio bertan lanean hasi dadin, maiz ordura arte ikasitakoarekin zerikusirik apenas duen zereginen batean. Enpresarentzat ikasketa prozesua osatu izana nahikoa berme da langile horrek beretzat ondo lan egingo duela jakiteko; nolabait ere, bidean jarritako probei aurre egin diegula nahi du jakin: ordu luzez lan egiteko gai garela, otzanak eta esanekoak garela, jakintza tekniko konplexuak eskuratzeko gai izan garela...

            Izan ere, langileak beharko du lanaldira ohitua egon, 8 ordu lanean ia etengabe egiteko gai izan, eta arrotza zaigun eta gustagarria ez den jardunean aritu hainbeste orduz. Eta izan beharko du sumiso, berak jarri ez dituen enpresako legeen eta bere nagusien meneko izatera ohitua, eta ongi kunplitu ezean zigorra jasoko duela jakin. Ikastetxean egunero emandako orduek eta ondoren etxean ikasten pasatakoek eta legedia sarritan arbitrarioaren eta irakasleen meneko hainbeste urtez izateak lortuko du lanaldi bestela bortitzera aise egokitzea.

            Gainera, antolatzeko hautua egitekotan, bestela ere jasaten duen kontrola areagotuko den jakitun izango da ikaslea. Baina, batez ere, ez du antolatzeko beharrik sentituko: hezurretaraino sartua izango du bidea bakarrik egin behar duela diotson indibidualismoa. Kapitalismoa eta soldatapeko lanetik haratago ezer ez dagoela eta irudituko zaio egungo ordena perfektua ez, baina naturala eta aldaezina dela. Bizi-ohitura kapitalistak eta ideologia burgesa ezarri zaizkiola diogu, baina, esan bezala, hori ez da (soilik) esplizituki gertatzen den ideologizazio bat. Hezkuntza sistema zer neurritan eta nola den ideologizatzaile ulertu ahal izateko, ideologiak praktika material gisa duen dimentsioa kontuan izan behar dela uste dut, aurreko artikuluan azaltzen saiatu nintzenez. Hezkuntza prozesuaren esperientziak berak bilakatzen du hezkuntza ideologizatzaile, ordena kapitalistaren berme eta, beraz, ez neutral.

            Deskribatutako norbanakoak ekoizten dituen hezkuntza prozesua autoritarioa dela diogu, eta lau elementu nagusi bereiz ditzakegu bere baitan: infantilizazioa, hezkuntza prozesua edukiz hustu eta prozesu diziplinatzaile soil bihurtzeko joera, kontrol soziala eta askatasun politikoen urraketa. Era batera edo bestera, lauek duten helburua da lauak batzen dituena: hezkuntza prozesuak bere helburuak ahalik eta egokien betetzea, umemoko izatetik esplotatzeko prest dagoen langile izan arteko prozesua ahalik eta eraginkorrena izatea dute itu.

            Infantilizazioari dagokionez, ez diogu soilik irakasle, guraso edo bestelako figura autoritarioek egindako gutxiespenari egiten erreferentzia; infantilizazioa egoera gisa ulertu behar dugu, ardurarik hartzeko ezintasuna eta erabakimenik eza dituena ezaugarri nagusi. Zentzu kultural garrantzitsua du, eta ez da esklusiboki ikasleriaren ezaugarria, gizarte osoa infantilizatua dela esan baitaiteke, gazte esparruan eta hezkuntza prozesuaren baitan are nabarmenago bada ere. Ardurak hartzeko ezintasunaren ondorio da menpekotasuna, eta zeharo baldintzatuko du hartutako erabaki oro.

            Bestalde, kritikoki pentsatzeko gaitasun edo baliabiderik gabeko ikasleak hezten direla ikusten dugu. Edozein irakaslek kritikotasunaren aldeko aldarri abstraktuak barra-barra botako dituen arren, errealitatea ondorengoa da: hezkuntza prozesua edukiz husten ari da eta geroz eta gehiago du diziplinamendu prozesu soiletik ikasketa errealetik baino. Edukiaren lanketa sakona beharrezkoa da iritzi kritiko bat garatzeko, eta zentzu horretan, egun hezkuntza ez da ebaluazio eta sailkapen prozesu formal bat baino askoz gehiago. Mila datu ikasiko ditugu, mila xehetasun eta formula, baina kontzeptuen arteko loturak egiteko gaitasunik gabe, gertaera zehatzen zergatiak eta helburuak identifikatzeko ezgauzak izango gara. Azterketa egin eta hurrengo egunean, buruan sartutako guztiak berriz kanporako bidea egin duenean, geratuko dena epe motzean informazio bolumen handiak memorizatzeko gaitasunaren froga besterik ez da izango: azterketa gainditu dugun ziurtagiria. Hori guztia, baina, beharrezkoa da ikasleen filtro eta sailkapenerako makineria erraldoiak funtzionatu dezan.

            Ikasleria otzan mantentzea, aurretik aipatutako guztia gorabehera, ez da horren erraza, eta kontrol sozialak ere badu bere papera hezkuntzan. Kontrol soziala, labur esanda, markatutako bidea bertatik irten gabe egingo dugula bermatzen duten mekanismo mugatzaile eta errepresibo multzoa da. Kamerak, asistentzia kontrolatzea, plataforma digitalak... eta zigorrak.

            Autoritarismoaren ezaugarritzearekin amaitzeko askatasun politikoen urraketak ditugu. Bestela ere zaila da antolakuntza politikoaren aldeko hautua egitea, infantilizazioa eta kultura indibidualista tarteko, baina biltzeko zailtasunak eta jardun politikorako espazio fisiko baten faltak, propaganda egiteko mugek eta ekimenak aurrera ateratzeko zailtasunek, areagotzen den kontrolak eta zigorrek, besteak beste, antolakuntza politikoa ezinezko egitea dute helburu.

            Pandemiaren aitzakiapean hezkuntzaren izaera autoritarioa indartu dela nabarmena da, eta hamaika dira adibideak, edonork ikusteko modukoak. Datozen urteetan, krisi testuinguruan, bake soziala hausteko arriskua areagotzeak eta bake soziala mantendu dadin interesa handitzeak azaldu dezakete fenomeno hori. Arriskua areagotzearen bi arrazoi posible, proletarizazio-prozesuarekin orokortzera bidean den miseria eta kontraesanak areagotzean kontzientzia faltsuaren arrakalatzea dira; interesa handitu dela diot berregokitze prozesua ahalik eta egokien egiteko garrantzitsua delako. Bestalde, histeria kolektiboak neurri arbitrarioak hartzeko ireki duen atea ere aipatu beharrekoa da, horrek ahalbidetu baitu bestela pentsaezinak liratekeen neurriak hartzea.

             Fenomeno honen aurrean, autoritarismoaren aurkako kanpaina abiatu du IKASek. Ikasle eragile sortu berria da IKAS. Ez da, baina, hutsetik sortua. Euskal Herriko hamaika eskualdetan ikasturtez ikasturte garatutako Autodefentsa Sareen elkargunea da IKAS. Ezagun dugu, beraz, bere lana zertan datzan: ikastetxeetan ikasle langileen baldintzak hobetzeko borroka prozesu zehatzen inguruan indarrak metatzeko espazioa da IKAS. Baldintza horien aldeko borroka, ordea, ez da garaipen materialetara mugatzen, antolakuntza politikoaren baitan ikasleria heztea du helburu.

            Lanerako hipotesia eskala txikian frogatuta eta zenbait mugarekin topo egin ondoren osatu da IKAS. Indarrak koordinatu eta gaitasunak eraginkortzeko balio dezake, besteak beste, bat egiteak. Hala, egoeraren analisi zehatzago bat egin eta borrokak estrategikoki planteatzeko gaitasuna hobetzeko baldintzak sortu dira bat eginda. Izan ere, indarrak metatzea ez da soilik mobilizazio handiagoak egitea edo hazkunde kuantitatiboa, borrokaren garapen kualitatiborako bidea ere bada.

            Autodefentsa Sareek IKASen bat egiteak ahalbidetu du autoritarismoaren aurkako kanpaina martxan jartzea. Euskal Herri mailan ikastetxez ikastetxe egindako lan koordinatuak borroka lokal bakoitza indartuko du batetik, eta eskala lokaletik haratago jardutea ere ahalbidetuko du bestetik; maila kultural-ideologikoan, adibidez, berehala, autoritarismoaren izaera eta gorakada salatuz. Bigarren hezkuntzan antolakuntza politikorako dauden zailtasunak ikusita, bestalde, apustu ausarta eta azkarra dirudi, bai zentzu estrategikoan, baita taktikoan ere. Hezkuntza kapitalistaren muina kolpatzea du helburu, eta, hala, bera pixkanaka desegitea; baina baita militantziarako baldintza materialak eta moralak hobetzea ere, kontrol sozialaren aurka eta askatasun politikoen alde aurrerapausoak emanez. Infantilizazioari konpromisoa eta militantzia politikoa kontrajarriz.