Zergatik ikasle greba?

2020ko apirilaren 7a


Versión en castellano


Martxoaren 26rako Ikasle Abertzaleak antolakundeak deitua zuen ikasle greba bertan behera geratu da. Aurpegi zurbil asko ikusi ditut egun hauetan, greba indartzeko horrenbeste lan egin ondoren ezingo dituelako behar bezalako fruituak eman, baina guk ez dugu egun jakin batean jende asko kalera ateratzeko soilik lan egiten, ez horixe! Greba honen lema «Tasak merketu, bekak hobetu» zen, eta ez bata ez bestea lortu ez direnez, egindako lanari jarraipena eman behar diogu. Nik behintzat ez dut horren erraz amore ematen, beraz Coronavirusaren «monotema» horretaz aspertuta dagoenak hau irakur dezake. Izan ere, uneren batean borroka berriro hartu beharko dugu, ez izan zalantzarik. Greba hau UIB eragileak beka eta tasen inguruan egindako bost aldarrikapenetan oinarrituta deitu zen. Argitu dezagun zergatik babestu behar den borroka hau galderen bidez:

 

Zer da UIB? UIB (Unibertsitateko Indar Batasuna) EHU eta NUPen (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) antolatzen den eragilea da. Haren jarduna honela laburtu daiteke: unibertsitateko langile klaseko sektore ezberdinak (ikasleak, garbitzaileak, ikerlariak...) programa baten baitan organikoki batzea. Hau da, denak UIBren baitan antolatzea haren programa unibertsitatean betearazteko, eta, modu horretan, haren borrokak aurrera eramateko (ikasketa kostuak murriztea, hitzarmen hobea lortzea, EPIF[1] aplikatzea...). Jardun horren baitan, lauhileko honen hasieran UIBk tasen eta beken auzian lehentasunez aldatu beharreko bost puntu finkatu zituen. UIBren programa, funtsean, unibertsitatea langile klasearen kontrolpean eta bere interesetara jartzea inplikatzen duen maximoen programa bat da: doako hezkuntza, soldata berdintasuna, lan-banaketa sexualaren abolizioa… neurri horiek unibertsitatea bere izaera burgesaren mugetara eramaten dute, unibertsitateak programa hori betetzeak kapitalaren interesei men ez egitea inplikatzen baitu.

 

Zergatik doako hezkuntza? Aipatutako programa honen puntuetako bat da, esan bezala, doako hezkuntzarena. Jasotzen dugun hezkuntzak kapitalarentzako langile moduan formatzen gaitu. Horrek esan nahi du etorkizunean lan egingo dugun enpresaren edo lantegiaren jabe den horrek (kapitalistak) beharrezkoa duela guk kimika, kontabilitatea, diseinu grafikoa, filologia edo dena delakoa ikastea, etorkizun horretan beretzat produktiboak izateko. Hori horrela izanik, zer zentzu du formakuntza hori geuk ordaintzeak? Ez al da zentzuzkoagoa kapitalista horrek ordaintzea? Geure gurasoek orduak pasatzen dituzte kapitalarentzat lanean, eta, gainera, irabazten duten soldataren zati gero eta handiagoa bideratu behar dute beren seme-alabok etorkizuneko langile izateko prestatzeko. Baita zera ere! Hezkuntza hori haiek ordaintzera behartuko ditugu. Beka gehiago eta handiagoak ordaintzeko dirurik ez dagoela? Tasak jaisten badira unibertsitatea finantzatzerik ez dagoela? Lasai, kapitalaren jabe diren burges horiek diru pila dute eta.

 

Zer dira UIBren bost puntu horiek? Sinplea da: doako hezkuntzara bidean (aurreko galderan esan bezala) bekak hobetu eta tasak merketu behar dira, eta helburu horren baitan lehen neurri bezala UIBk bost puntu hauek finkatzen ditu. Azken urteetako tasen garestitzea gelditzea eta merkatzen hastea da horietako lehenengoa; NUPen bereziki, EHU baino askoz ere garestiagoak dira eta. Bigarrena, gainditzen ez diren irakasgaietan berriro matrikulatzera behartzen duten arauak deuseztatzea da. Arau horien ondorioz gainditu ez den irakasgaian bai ala bai matrikulatu behar da hurrengo kurtsoan, matrikula bakoitza aurrekoa baino garestiago ordainduz (NUP dugu berriro ere adibiderik latzena, matrikula batetik besterako prezioa bikoizten baita). Beste hirurak bekei dagozkienak dira. Bata errendimendu akademikoekin amaitzea da: beka jasotzeko kreditu kopuru bat aprobatu beharrak bekak presio mekanismo bihurtzen ditu. Bestea kreditu kopuru minimo batean matrikulatzea beka jasotzeko baldintza izateari uztea da (ikasketak lana bezalako beste betebeharrekin bateratu nahi dituena kanporatuz). Azkena, graduz aldatzeko kasuan beka ez emateko araua kentzea da. Arau horren ondorioz beka jasotzen den gradu bat utzi eta beste bat hasten bada, urte kopuru berean ez da jasoko beka. Guzti honek ez du esan nahi grebarekin bost horiek bai ala bai lortu nahi zirenik, ezta gure borroka puntu horietara soilik mugatu behar denik ere. Ezin ditugu ahaztu, adibidez, gero eta alokairu garestiagoak ordaintzeko bekak ez direla nahikoak, ez eta garraio kostu gutxi batzuk soilik ordaintzen dituen garraio bekak ere. Greba prozesu politiko orokorrago baten baitan ulertu behar dugu.

 

Zer lortuko dugu greben bidez? Greba ez da helburua bere horretan, greba bitarteko bat da. UIBren maximoen programa egikaritzetik lehentasunezko bost neurri zehatz horiek aplikatzeraino, gure lorpenak indar kontu hutsa dira. Esan nahi dut ezin dela langile klasearen interesetara dauden neurriak klaseen arteko eztabaida sano eta elkar-ulertzearen bidez aplikatu. Hobekuntza material horiek inposatu egin behar zaizkio burgesiari; indar korrelazioan geure aldea indartzen den heinean aplikatuko ditugu hobekuntza horiek. Aldaketa txikiak indar txikia dugunean, eta aldaketa handiagoak indar handiagoa dugunean. Indar aritmetika sinplea da. Horrek esan nahi du grebaren helburua tasen eta beken auzian aurrerapauso bat ematea dela, ez nahitaez bost puntu horiek betetzea (hori gure indarraren arabera emango da epe laburrago edo luzeago batean). Grebak auzi hau itzalpetik atera eta mahai gainean jarriko du: nor dago tasak merkatu eta bekak hobetzearen aurka? Lor dezagun, grebarekin, horren aurka dagoenak argi esan dezan. Jada ez dute balioko «aldarrikapenekin ados nago, baina…» bezalako formulek, gure alde edo gure aurka agertu beharko da.

 

Ondo dakigu auzi honen inguruan indar korrelazioa aldatzen hasten garen unean bertan «ez dago dirurik» bezalako mila aitzakia sortuko direla. Unibertsitateko kide gisa «unibertsitatearekiko dugun ardura eta betebehar» horretaz hitz egingo digute, harrotzen ditugun hautsak baretzeko. Baina ez, ez diogu ezer zor unibertsitate honi, ez Eusko Jaurlaritzari ez burgesiaren beste edozein instituziori ere. Garbitzaileek beren hitzarmena lortzeko unibertsitatea hankaz gora jarri behar bada egingo dugu, eta doako hezkuntza lortzeko kapitalari diru guztia kendu behar badiogu, kenduko diogu. Aldaketa hauek lortzea ala ez lortzea beraz, ez da lehentasun kontua, indar kontua baizik. Indar hori lortzera bidean martxoaren 26koa bezalako hitzordu pila izango ditugu. Beraz, hurrengo greba iristen denean inork ez dezala galdegin greba zergatik egin, zergatik ez egin baizik.

 

 



[1] EPIF: ikerlariei legez aplikatu beharko litzaieken eta EHUk adibidez aplikatzen ez duen hitzarmena.