Dirurik gabeko legea ez da legezkoa

2020ko urtarrilaren 16a


Versión en castellano

Pasa den abenduaren 28an urtebete igaro zen Madrilgo gobernuak pentsio publikoen balioa handitzeko eta «presazko» beste neurri sozial batzuk hartzeko 28/2018 errege-dekretua argitaratu zuenetik. Dekretu horrek unibertsitateetako zein Lanbide Heziketetako ikasleen kanpo-praktikak gizarte segurantzan kotizatzea beharrezko bihurtu zuen. Orain arte, ordaindutako praktiketan besterik ezin izan da kotizatu.

Lan ministerioak testua aurkeztu eta berehala, CRUEk (Conferencia de Rectores de Universidades Españolas) «unibertsitateekin kontsultatu gabeko» neurri horrek «unibertsitateentzako onartzeko zaila izango zen arazo ekonomiko bat» suposatzen zuela adierazi zuen. Jarraian azaldu zen CEOE (Confederación Española de Organizaciones Empresariales) «inposizio» horrek eragingo lituzkeen «enpresentzako kostu igoerek» praktikak arriskuan jarriko zituela esanez.

Berez, testu legalak hiru hilabeteko epea ezartzen zuen indarrean jartzeko, garapen zehatzago bat izan zezan. Hilabete erdia pasa zenerako, gobernuak errektoreekin bildu eta 2019-2020 kurtsora (kurtso hau) arte indarrean ez sartzea erabaki zuten, eta, halaber, ez dirudi datorren kurtsoan indarrean egongo denik. Gainera, kotizazio horiek ordaintzearen pilota batak bestearen teilatura jaurtitzen hasi ziren berehala: enpresek unibertsitateei esan zieten kostu hori haiek ordaindu ezean praktikak bertan behera utziko zituztela, eta unibertsitateek azkar lortu zuten gobernuak kostuaren karga handi bat bere gain hartzeko hitza ematea.

Ikustagun orduan: zein dira, urtebete ondoren, atera ditzakegun ondorioak? Gobernuak aurpegia garbitu du, neurri honekin 534.000 ikasle lagunduko dituela esanez (gogoratu ordutik bi hauteskunde orokor izan ditugula); praktiketan dagoen lan indar merkea erosten duten enpresek zentimo bat ere ez dutela ordainduko ziurtatu dute; eta langile klaseko ikasleek hiru aukera izango dituzte: orain arte bezala praktiketan doan lan egitea, praktikarik gabe geratzea edo kotizazio hori beren familiek ordaintzea (beharko den diru publikoa beren zergez finantzatuko baita). Baldintzen hobekuntza izan behar zuen hori, beraz, aurkeztu bezain laster erori da.

Izan ere, errentagarritasuna kolokan jartzen denean, balorez beterik duten diskurtso behera dator, erabat. Horregatik zioen CRUEk bere adierazpenean «praktika akademikoak balioestea» pozgarria zela, bere presidenteak, aldiz, «unibertsitateak ezin du ordaindu, ezinezkoa da» zioen bitartean. Unibertsitateei ez zaie bidezkoa iruditzen kotizazioak haiek ordaindu behar izatea, baina beste aldera begiratzen dute beren ikasleak baldintza negargarrietako praktiketara bidaltzen dituztenean. Lan egitearen truke ORDAINTZEN duen langilea; edozein kapitalistaren ametsik ederrena, dudarik gabe. Kuriosoa da Espainiako errektoreen elkartea denak, neurria argitaratu bezain laster, kotizazioak eurek ordainduko dituztela suposatu izana. Ez al ditu, bada, kotizazioak ugazabak ordaintzen? Baina lasai, CEOEk argi azaldu du zergatik ez dituzten haiek ordainduko: «Europar Batasuneko herrialde guztietan Gizarte Segurantzako kotizazioak soldatari lotuta doaz. Neurri hau kotizazio sistemaren perbertsio bat da». Praktiketako lanak ez ordaintzearen basakeriarekin nahikoa ez, eta, gainera, aitzakia hori bera erabiltzen dute kotizazioak ez ordaintzeko. A zer festa! Azken finean, kotizazioekin gora eta behera aritzea itxurakeria hutsa da, praktiketako lanen auziaz orokorrean hitz egiten ez badugu.

Orduan: lege bat egin dute baina ez dituzte epeak bete, edukia onartu behar zutenek (unibertsitateak, patronala) ez dute onartu, lortu behar zuen eraginaren aurkakoa eragin du (langileen baldintzak hobetzea) eta, gainera, hasieratik argi zegoen hau gertatuko zela. Nola azaldu daiteke? Bada, burgesiaren sektore baten maniobra bat besterik ez delako, ez proletalgoaren bizi baldintza materialen hobekuntza erreal bat.

Azken finean, neurri honen bultzatzaileek ez dute praktiken egoera prekarioa buruan: horregatik berandutu da aplikazioa, berehala aplikatuko zela esan bazuten ere; horregatik langileek ordainduko dituzte kotizazioak, kapitalistek ordaindu beharko zituztenean (soldatatik atera arren); horregatik atera zuten legea korrika eta presaka inorekin kontrastatu gabe… Aztertu behar duguna, beraz, ez da burgesiaren sektoreren batek edo besteren batek egiten dituen antzerkiak, horien ondorio materialak zein diren baizik, bestela, burgesiaren joko parlamentarioan eroriko ginateke.

Ariketa oso sinplea da: neurri bakoitzak burgesia edo langileria indartzen du. Langileria indartzen duen neurria langileriak inposatzen du. Ikusi dugu, bestela, kotizazioak ordaintzeko neurri bat nola bihurtzen den aplikatzen ez den edo aplikatzekotan langilearentzat kaltegarria den lege batean. Hauteskunde edo prentsako eztabaidetarako praktikak ordaintzeari buruz propaganda egin dezakete, baina, azken finean, langileria galtzen aterako da. Benetako hobekuntzak langile klaseak antolakuntzari esker lortutako posizio indartsuago baten bidez lortzen dira, ez burgesiaren sektore aurrerakoiago edo atzerakoiago bat Estatua kudeatzen ibiltzeagatik. Dena den, «progesismoaren» antzerkia langileon aldekoa dela sinesten duenak apustua egin dezake: orain ministerio propioa sortu zaigu unibertsitatean M-15 mugimenduko kide bat buru duela, ikusiko dugu zenbat antzerki eta zenbat hobekuntza ditugun. Ja!