AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Udaberrian sartzearekin batera hasten da loratzen urduritasuna ikasleriarengan. Ikasturteko azken txanpan murgilduak gaude eta, honek, azterketa garaia dela esan nahi du. Unibertsitateko ikasleontzat, maiatza eta ekaina izan ohi da azterketa garaia (eta uztaila ere bai sarri). Bigarren Batxilergoko ikasleentzat ere bai, selektibitatearen mamua geroz eta gertuago sentitzen dutelako. Zehazki, datozen egunotan Hego Euskal Herriko milaka ikaslek euren etorkizuna baldintzatuko duen froga egin beharko dute. Hiru egunetan.

Pasa den ikasturteko datuak begiratzen baditugu, selektibitatea, 203.369 pertsonek egin zuten estatu Espainiar guztian eta hauetatik 12.028 ikaslek Hego Euskal Herrian[1]. Orokorrean, azken urteetan gora egin du zifrak, batez ere gazteon bataz besteko ikasketa prozesuaren luzapenaren ondorioz.

Selektibitate froga, bigarren hezkuntza bezala ezaguna dugun prozesuko azken pausua da. Unibertsitaterako sarbide froga bezala ere ezagutzen da. Honen helburua, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza -DBH- eta Batxillergoan barneratu dituzten gaitasunak ebaluatuz, ikasleria antolatu eta banatzea da, kapitalaren beharren arabera antolatzen den lan merkatuaren beharrak asetzeko. Antolamendu eta mailaketa hau, bigarren hezkuntza osoan egiten den zerbait da: esaterako, ikasleak DBH amaitzean Lanbide Heziketa edo Batxillergora bideratzean. Hala ere, Selektibitateak, modu nabariagoan eta eskala handiagoan betetzen du antolamendu eta mailakatze funtzioa, hau da, filtro sozial izatearen funtzioa. Finean, soldatapeko lan batera edo bestera bideratutako formazioa jasotzeeko banatzen baititu langile familietako ikasleak.

Ikasleok Bigarren Hezkuntzan garatutako ikasketa prozesuaren bitartez -beraz, baita selektibitatearen bitartez ere- barneratzen ditugun gaitasunak, batez ere, bi aspektu edo irizpideren baitan ebaluatzen dira: Disziplina gradua eta ikasgaiak buruan hartzeko gaitasuna. Hau da, ebaluazio frogen bitartez, ikaslearen bi aspektu hauek saritzen dira batez ere. Nire ustez, bi hauetatik, hezkuntza prozesu burgesaren aspektu garrantzitsuena langile familietako haur eta gazteak diziplinatzeko funtzioa da. Izan ere, prozesu honetan zehar gizarte burgesean langile gisa bizitzeko beharrezko disziplina jasotzen dugu ikasketa prozesuaren bitartez. Honela, Bigarren Hezkuntza, soldataren menpeko bizi modalitatera egokitzeko diziplinamentu prozesua dela esan genezake. Horregatik, berau da ebaluazioaren bitartez gehien saritzen den aspektua. Izan ere, ikasgaiak buruan hartzea ezinezkoa da diziplina zorrotz bat aplikatzen ez duenarentzat. Bigarren hau lehenengoaren ondorio logikoa besterik ez da.

Ikus dezagun zer esan nahi dudan: ikasketa eta bizi antolamendu diziplinario hau hobekien eta azkarren barneratzen duen ikasleak, ebaluazioetan (hots selektibitatean) nota hobea eskuratzeko aukera handiagoa izango du. Izan ere, egunero-egunero eskolara puntual iristen denak, irakasleak esaten duena adi entzuten duenak, etxerako lanak egiten dituenak, irakasgaia egunera daramanak eta azterketetarako ikasketa errutina zorrotz bat duenak, selektibitatean emaitza ona lortzeko aukera handiagoak izango ditu. Nota onei esker, estatus sozial handiagoko unibertsitateko gradu baterako sarbidea lortu ahalko du, eta behin bertan, graduaren exijentzia maila gainditzeko beharreko diziplinan nahikoa esperientzia izango du ikasleak. Azkenik, langileriaren kapa baxuenekin alderatuta, soldata hobe bat eskuratuko duen lanpostu batera sarbide errazagoa izango du eta lanpostuaren agintaritza eredu diziplinarioaren baitan jarduteko ere ez du arazorik izango.

Laburbilduz: agerikoa da ebaluazioen bidez eta selektibitatearen bidez, disziplina txalotu edo saritzen dela. Diziplina geroz eta zorrotzagoarekin, orduan eta aukera gehiago nota hobeak lortzeko, eta honi esker etorkizunean soldata altuagorako sarbidea izateko -denok ezagutzen ditugu salbuespenak, inteligentzia maila oso altua edo baxua izan dezaketen pertsonak esaterako. Ez da arau izaera hartu dezakeen fenomeno orokortua ordea, isolatua edo ezohikoa baizik-.

Honen bidez burgesiak langileoi helarazi nahi digun mezua garbia da: bere kontrolpeko gizarte, lege eta bizimodura ondoen egokitzen denak eta bere bizitzako aspektu gehienetan interes arrotzen mesedetara subordinatzeko prest dagoenak aukera handiagoa izango du bizi baldintza hobeak lortzeko. Noski, beti muga batzuen baitan: burgesiaren apur gutxiago edo gehiago lortzearen mugan, langile izatearen mugan, alegia.

Prozesu historiko baten baitan (kapitalismoaren sortze eta erreprodukzio prozesu historikoan) eskolak bereganatu duen eta eskolaren izaeran nagusitu den funtzio diziplinarioa hobeto ulertzeko, E.P. Thompsonen “Costumbres en común” liburuan lantzen den William Templeren (1770) aipu zahar hau erabiltzea aproposa iruditzen zait. Bertan, W. Temple, familia langile eta txiroetako lau urteko haurrak tailerretara bidaltzeko proposamenaz ari da-:

“Oso baliagarria da, modu batean edo bestean eta bizimodua irabazi ala ez, gutxienez egunean hamabi orduz lanpetuta egotea; modu honetara, hurrengo belaunaldiak etengabeko lanarekin ohituak egotea espero dugu, epe luzera zerbait atsegin eta entretenigarria bihur dadin.”[2]

Goian aipatu dudan bigarren aspektura itzuliz, hezkuntza prozesuko ebaluazioetan (eta selektibitatean modu nabarienean) edukiak buruan hartzeko gaitasuna da saritzen den bigarren aspektu edo ebaluazio irizpide nagusia. Hau da, irakasgaiko edukia memorizatu eta azterketan idatzitakoak eduki horrekiko duen egokitasuna baloratzen da. Memorizatzeko gaitasuna baloratu eta saritzea ordea, ezin dugu memoria lantzeko ariketa bezain modu sinplean ulertu; kontrara, bizitzako esfera guztietan jarduteko jarrera edo jokaera bezala dakartzan inplikazioen baitan kokatu behar dugu.

Hau da, memorizatzeko gaiatsuna ebaluatzea eta saritzea, bizitzan modu sumiso eta akritikoan jarduteko hezten gaituen mekanismoa da, eta honek, ondorio bortitzak sortzen ditu langileriarengan eta arazoei erantzuteko antolatzen den moduetan. Besteren artean, eragin edo ondorio hauek azpimarra ditzakegu:

Batetik, edukiak ikasketa prozesuan inbutu bitartez irentsi beharrak, gazteria, teoria eta ikasketa kontziente oro ukatzera edo gutxiestera bultzatzen du, teoriarekiko mespretxu nabaria eta beraz honen lanketaren erabilgarritasun zein beharrarekiko amildegi bat sortuz.

Bestetik, ikasleon gainontzeko gaitasun potentzial oro bigarren planora mugatzea ekartzen du. Esaterako, pentsamendu kritikoa, irudimena edo eskulanerako trebetasuna bezalako langileriaren gaitasun potentzialak sistematikoki gutxietsiak dira.

Honek guztiak, esan dugun moduan, maila kolektiboan edo langile antolakuntza moduetan ere eragiten du: esaterako, marko burgesa gainditzen duten planteamendu politikoak garatzeko ezintasuna edota burokraziaren zilegitzea. Zergatik? Bada, jarduteko modu honek erabakiak, betebeharrak eta aginduak akritikoki geure gain hartzeko tendentziara garamatzalako. Beraz, esan dezakegu ikaskuntza prozesuko ebaluazioek eta selektibitateak, ikasleok disziplina eta memorizatzeko gaitasunaren irizpideen arabera baloratzen eta mailakatzen gaituztela, irizpide edo aspektu hauek sarituz, gainontzeko gaitasunak bigarren planora mugatu eta gutxietsiz.

Selektibitatea gizarte burgeserako filtro eta mailakatze froga gisara errefusatzeak ordea, ez garamatza inolaz ere disziplina eta memorizatzeko gaitasuna arbuiatzera. Hau da, hauek betetzen duten funtzio burgesa ukatzea dagokigu sozialistoi eta, inolaz ere ez, esaterako, prozesu sozialistarako ezinbestekoa den disziplina bezalako ezaugarri bat errefusatzera. Beraz, betebehar nabarmena dugu disziplina burgesa eta diziplina sozialista kualitatiboki ezberdintzeari dagokionean. Prozesu sozial batean zein bestean diziplinak duen funtzioa ez baita berdina.

Selektibitatearen auziaren garapenak, ebaluazioaren inguruko posizio sozialistaren bidegurutzera garamatza ezinbestean. Hau da, prozesu sozialistak hezkuntza eremuan eta konkretuki ebaluazioaren auzian borrokatu beharreko posizio politikoen aferara. Nire ustez, langile mugimenduak ebaluazio irizpideetan kontrol kuotak lehiatu behar ditu, auzi honen urgentzia eta kontrolaren potentzial estrategikoagatik batez ere. Urgentzia aipatzerakoan, lehenago azaldu bezala, burgesiaren ebaluazio irizpideek sortzen duten pertsona ereduaz eta honek langile antolakundeetan dituen ondorio bortitzei aurre egiteko beharraz ari naiz. Eta potentzial estrategikoari dagokionean berriz, ebaluazioaren gaineko kontrol proletarioa eskuratzeko borrokak irekitzen dituen aukera eta botere gaitasunez. Estrategikoa baita sozialistontzat, langile mugimenduak bigarren mailako hezkuntza prozesuan, bertako ebaluazio irizpideetan eta, ondorioz, ebaluatu beharreko eduki, gaitasun eta moduetan (ere) eragiteko gaitasuna izatea.

Izan ere, ebaluazioaren gaineko kontrol proletarioa irudikatzean, ez dugu soilik dimentsio lokaleko kontrol eta eragiteko gaitasuna ikuskatzera mugatu behar, eskala nazionalean antolaturiko proletalgoaren boterea irudikatu baizik: hezigune bateko Ikasle Autodefentsa Sareak hezigune horretako ebaluazio irizpideak ikasleen mesedetarako neurriekin aldatzeko gaitasuna izatea eta hezigune nazional guztietako ebaluazio irizpideak aldatzeko gaitasunaren arteko artikulazioaren beharraz ari naiz. Ikasleen interesen defentsarako nazionalki antolatutako langile mugimenduaz. Honek ahalbidetuko baitigu langileoi, burgesiak gure klasearengan jarriak dituen diziplina eta ideologizazio neurriak indargabetzeko ahalmena duen indar politikoa izatea. Modu honetan izango baita posible, ikasleriaren memorizazio akritikoa bultzatu eta saritzen duen ebaluazio prozesu bat izan ordez, ikasketa prozesua prozesu sozialistaren mesedetarako irizpideen baitan ebaluatzea: esaterako ikasleak pentsamendu kritikoan eta autonomia politikoan heztea. Era berean, ebaluazioaren gaineko kontrol kuotak irabazteak, selektibitateak betetzen duen filtro sozial funtzioaren baitan ere esku hartzeko gaitasuna eskainiko dio langile mugimenduari, eta honek, iragazki funtzio hau ahultzeko aukerak irekiko dizkio.

Ikusten dugun moduan, berebizikoa da hezkuntza prozesu burgesaren funtzio nagusia den eta selektibitateak indartzen duen filtro sozialaren aspektua kolpatzea, politikoki langileriaren baitako sakabanaketa egoera eta langileon mailakatze edo hierarkizazioa dakarrelako batez ere. Eta hau azken finean, langile mugimenduarentzat muga eta oztopo erreal handia da, klase batasunaren printzipio politikoa egikaritzeko momentuan. Ebaluazio irizpideena, proletalgoaren borroka zelai politiko estrategikoa da.

Amaitzeko eta sintesi moduan, Selektibitateak langileriarengan dakartzan epe motzerako eta epe luzerako ondorioei erreparatuta, ebaluazioaren auzian ere langile mugimenduak ahotsa edukitzeaz gain, eragiteko gaitasuna eta kontrol maila geroz eta handiagoa ahalbidetuko dioten mekanismoak garatzea urgentzia handia duen eginbeharra dela esan dezaket. Eta honek bere baitan, maila nazionalean eta bigarren mailako hezkuntzako langileriaren dagokionean, defentsa eta babes instituzioak artikulatzeko beharra mahai gaineratzen du. Honek soilik ahalbidetuko duelako, ikas baldintzetan zein orokorrean langileon bizi baldintzetan hobekuntzak irabaztea. Horretan tinko ari gara eta sakontzen jarraitu behar dugu. Langileriak soilik defenda dezake langileria.

[1]Ministerio de Educación y Formación Profesional / Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades. GOBIERNO DE ESPAÑA. (2018). Estadística de Evaluación de Bachillerato para el Acceso a la Universidad. Desde 2014 a 2018.. 2019/02/23, Espainiako Gobernuaren wegnunetik: http://estadisticas.mecd.gob.es/EducaJaxiPx/Datos.htm?path=/Universitaria/PAU//l0/&file=PAU_FaseGyEporCA.px&type=pcaxis

[2]E.P. Thompson. (1995). Tiempo disciplina y capitalismo. En Costumbres en común(434). Barcelona: CRíTICA.