Ibilian sortzen ari garen proletalgoaren eskola

2019ko uztailaren 1a


Badira urte batzuk ikasle mugimenduak proletalgoaren kontrolpeko eskola sortzeko hautua egin zuenetik. Hezkuntza burgesean jasotzen dugun formazio ideologiko, tekniko eta kulturalaren ordez, prozesu sozialista indartzeko modu askotariko formazioa jasotzea helburu duena. Burgesiaren interbentzio eta kontrol mekanismoetatik aldenduta, proletalgoaren beharrei zuzenean erantzuteko gai izango den formakuntza eredua landuko duen instituzioa: proletalgoaren kontrolpean dagoen eskola.

Norabide politiko honen emaitza da esaterako, Herri Eskola eta Herri Unibertsitateek azken urteetan bizi duten joera gorakorra. Norabide honen emaitza ona da ere, ikasle antolakundeak duela urtebete berreskuratu zuen Eskola Ibiltariaren arrakasta. Azken honen kasuan, urteetan abandonatuta egon den instituzioa da, batez ere, azken edizioetan parte hartze kopuru murritzak eta antolakuntzak dakartzan eginbeharrei erantzuteko ezintasunak bultzatuta, egiteaz utzi zena. Aipatu bezala, kasu honetan Ikasle Abertzaleak antolakundearen azken urteetako norabide politiko proletario eta sozialistak eragindako indartzeari esker, pasa den urtean berreskuratu ahal izan zen Eskola Ibiltaria eta inoizko parte hartze zabalena izan zuen gainera.

Aurtengo udako ere badaukagu aukera: Uztailaren 23 eta 26 artean Lekeitiotik Gernikara bitarte, "ikasleon formakuntza edo heziketa iraultzailean eta jarrera sozialistan" sakontzeko helburura duen ekimena antolatu du IAk. Berriki Gazte Koordinadora Sozialistarekin elkarlanean Azpeitian antolatutako “Gazte Sozialiston Topagunea” bultzada handia izan da eta jaso duen erantzun militantea bikaina. Oraingoan, hezkuntza problematikaren esparrutik, sozialismoaren aldeko grina eta borondatea duen orok prozesu sozialista elikatzeko parada izango du Bizkaiko kostaldean.

Oraindik ordea, badago, institutuetako ikasle borroken parte izan direnen edo/eta hauen jarraitzaileen artean ere, Eskola Ibiltaria zer den ez dakienik. Badago, ezagututa ere Eskola Ibiltariak zein ekarpen egin dezakeen ez dakienik. Testu labur hau bereziki zuentzat da.

Batetik, momentu historiko honetan eta proletalgoaren defentsarako, ikasle mugimenduak beharrezkoak dituen ezagutza tekniko, teoriko eta politikoak lantzeko espazioa da Eskola Ibiltaria. Hitzaldi, tailer eta mahai inguruen bitartez, testuinguruaren eta egoeraren analisi egokiak egin eta bertan esku hartzeko tresnak landuko ditugu. Besteak-beste, ikasle eta soldatapeko langileen autodefentsaren beharraz jardungo dugu, esperientzia lokaletatik ikasiko dugu eta eguneroko lan politikorako zenbait tresna landuko ditugu. Azken hauen artean adibidez, plangintza egokiak egiten, komunikazio politikoaz, militantzia eredugarriaz eta langileriarekin garatuko beharreko kontaktuez ikasiko dugu.

Bestetik, eskualde eta institutu bakoitzeko borroka eta eragile ezberdinak indartzeko eskola ere izango da. Aipatu ditudan gaitasunen eta beste hainbaten ezagutzak, norbanako bakoitza eta kolektibo ezberdinak indartzean egiten duen ekarpenaz gain, Eskola Ibiltariaren beste elementu askok ere talde lokalen sendotzean egiten dute ekarpena. Besteak-beste, ezagututako jende ezberdinaren bitartez sarbidea daukan errealitate eta esperientzia territorial ezberdinetako irakaspenek, Euskal Herriko institutu eta eskualde ezberdinetako taldeak elikatzen dituzte. Baita ere, ikuspuntu eta iritzi ezberdinak ezagutzeak.

Deskantsurako funtzioa ere badu Eskola Ibiltariak. Ikasturtea amaituta eta udako oporretan egonik, militanteen deskantsu osasuntsurako aukera da Eskola Ibiltaria. Batetik, goizetan, lagun eta burkidez inguratuta eta paisaia ederretan barrena, bi eta hiru ordu bitarteko ibilaldiak egingo ditugulako. Eta baita ere, ilunabar eta gauetako eskaintza musikal ezberdinen bitartez gustura egon eta erlaxatzeko tartea izango dugulako. Ikasle mugimenduak izan duen ikasturte politiko oparoa ospatu eta gure lan akademiko zein politikotik deskantsatzeko erabiliko ditugu tarte hauek.

Azkenik, mugimendu eta komunitate politiko zabal baten parte izan eta sentitzeko espazioa da Eskola Ibiltaria. Azken urteetan modu nabarmenean adierazi den, eta oraingoz behintzat hazteari utzi ez dion mugimendu sozialistaren babes eta berotasuna sentitzeko aukera ona da. Ikasle langileok, geroz eta modu krudelagoan bizi ditugu bakardade politikoaren eraginak eta honek geroz eta modu argiagoan adierazten digu gure arteko zaintzan oinarritutako babesa egikaritzearen beharra. Izan ere, bakardade politikoak irekitzen dituen aukerekin, oldarraldi burgesa modu basati eta gupidagabean erasotzen ari da langileria, arlo eta modu guztietan gainera. Honen aurkako defentsa politiko eta ekonomikoa antolatzeaz gain, ezinbestekoa zaigu langile gisara gure osasun emozional eta psikologikorako, burkidetasunean oinarritutako komunitate indartsu baten parte izatea. Horretarako, hots, gizarte burgesaren muturreko dekadentzia eta miseriatik babesteko, langileriarentzat aukera bakarra, sortzen ari den eta itxaropenaren argi errainu den komunitate politiko sozialistaren babesa da. Ez soilik aukera bat: aukera bakarra baizik.