Zentzua krisian

2020ko ekainaren 25a


Krisi hitza grezieratik dator eta «hautu bat egin» erran nahi du. Zentzuaren krisiaz arituko gara ondoko lerroetan, errepresentazioek eta ideologiek dituzten oinarri materialak aztertu beharraz.

Biziki luzaz, komunitatearen bizi eredua izan da nagusi, eta honen eskutik zihoan kontakizun handia: erlijioa. Gauzak jainkoen edo jainkoaren bidez azaltzen ziren, eta kontakizun handi erlijiosoak ematen zion gizakiek hartzen zuten norabideari zentzua. Antzinarotik XV. mendera, kontakizun handi horiek ez dira guztiz berdinak izan, baina hortik zetorren oinarrizko ideia bera zen. Gailentzen zena ez zen indibiduoa.

Interes indibiduala interes kolektiboari gailendu behar zaion auziak, luzaroan, ez du zentzurik izan, indibiduoaren errepresentazioa egon behar baita horretarako. Haatik, indibiduoaren potentzialtasuna bere baitatik ez da existitu, historian biziki berant arte. Greziar hirian gertatzen ahal zen okerrena ez zen preso egotea, hiritik kanporatua izatea baizik. Kanporatua izatea, ez parte izatea zen, eta ez bazinen kolektibo baten parte, ez zinen deus, hilda zeunden. Gogora dezagun gure birraitona-amonek nola aurkezten zuten horien burua: familiaren edo herriaren parte bezala, «halako baserrikoa, halako herritakoa», erabakigarria zena komunitatea zen. Eta hori da interesgarria, zerk ematen dion zentzua naizenari.

Ekoizpen indarren garapenari zor zaio klase sozial batek bere buruaz hausnartzea. Zentzu horretan, literatura epikotik eleberri psikologikora dagoen jauzia esanguratsua da, baita Descartesen pentsamendua ere : «pentsatzen dut, beraz, banaiz». Beste guztia zalantzan jarriz, Descartesek oinarri bezala jartzen du ni bat badela, dena baino lehen. Ni bat jartzen du komunitatearen aurretik, alta, argi dago, bere subjektibitatea, hots, bere burua pentsatzeko modua ondorio historiko bat dela, eta ez hasiera puntu bat. Auzi indibidual eta subjektibotzat hartzen direnak beti dira auzi intersubjektiboak, harreman sozialei loturiko auziak, psikologia oro horregatik da, baita ere, soziologia bat.

Komunitatean dena azaltzen zuten jainkoek/jainkoak, eta boteredunei boterea jainkoagandik omen zetorkien. Beraz, gauzak ziren bezala ziren. Baina ondotik, humanismoan, zentroan jarriko dena gizakia da, bere burua ulertzeko gaitasuna duena bere baitatik. Indibidualismoa aurrerapena da, indar produktiboen garapenari esker ematen dena.

Baina indibidualismo horrek egoismoan erortzeko tendentzia dauka, ahazten dugularik indibidualismo hori posible dela, interes kolektiboa eta lan komuna dituelako oinarri. Gaur ene pisuan aspertzen banago, ditudan baliabideei esker da, pisua, osasuna, telebista, jantziak... Besteei esker bizirauten dut, hainbeste non jada ez naizen konturatzen. Ukatzen dut, nahi gabe, besteen lanaren beharra daukadala, ene baitatik existi naitekeela pentsatzeraino.

Loic Chaigneau filosofo marxista frantsesak, horregatik dihardu, gaur egungo testuinguruan, zentzuaren krisiaz. Zentzuaren bi adieretan: norabidea eta erranahia. Zentzua, batetik, norabide bezala ulertuta: zer helburu ematen diot ene biziari, zein norabide hautatzen dut? Ohikoa bihurtu zaigu nihilismoan erortzea, ezerezaren ideologian, bizitza absurdoa da eta ez dago zentzurik emateko. Horrek, halabeharrez, hautu eza dauka ondorio. Bestetik, zentzua erranahi bezala ulerturik: ez ditugu gauzen erranahiak ulertzen, gauzak erranahirik gabe azaltzen zaizkigu. Zein erranahi eman, naizenari balioa ematen diona, indibidualki eta kolektiboki?

Dena autonomoa balitz bezala agertzen zaigu, dena horrela balitz bezala. Nondik, nolatan eta zergatik ulertu gabe, azaleko epaiak azaleko praktiketara eramaten gaitu, eta eraldaketa, beraz, ez da azalean baizik gelditzen. Ezkerra eskuinari pilota botatzen ikusten dugu, joko zelaia ahantziz. Batzuek gibelera egitea planteatzen dute, baina hori aukera faltsu bat da, ez delako posible. Badira kontakizun handi batera itzuli beharra aldarrikatzen dutenak, monarkia eta jainkora itzultzea, adibidez, nolabait berriz espiritualismora itzultzea litzatekeena (islamismoa...). Beste anitzek aldatzea planteatzen dute, baina gainditu eta eraldatu gabe. Ideologia zabaldua da, bestalde, mundua horrela dela, eta gure esku dagoena soilik egin dezakegula, hau da, aldaketak gure bizitzako gauza txikietan egin behar ditugula. Sarri, ez da irudikatu eta diseinatzen osotasunarekiko maila kolektiboko eraldaketarik, indibiduoaren baitako aldaketa da bilatuko dena. Azkenik, badira haustura bat planteatzen dutenak, matxinada, bat-batean dena suntsitu eta dena berriz hastea posible balitz bezala.

Sailkapen merke eta desitxuratzaile bat izan daiteke hau, baina uste dut gaur egungo ideologia nagusi batzuen ahultasunaz jabetzeko balio duela. Beste behin ere, teoriaren beharra azaleratzen zaigu, gaur egunera ekarri gaituzten lorpen historikoak ulertu eta jarraikortasun batean kokaturik baizik ez baita posible izanen berauek gainditzea. Teoria auzi praktiko bat da, prozesu historiko global batean kokatuz, gure indibidualitatetik ateratzen gaituena, aldi berean gure indibidualitatea ulertzeko eta kolektiboaren baitan birkokatzeko aukera eskaintzen diguna.

Hitzek zentzu bat dute, zentzua ematen dute. Hori ulertzea funtsezkoa da, bestenaz ez dugu ulertzen ideologia dominantearen arazoa, gure pentsamenduen koadroa egituratzen duena. Ideologia dominanteak predeterminatu dituen kategorien baitan pentsatzen dugu. Hitzek zentzurik ez dutela erratea, errepresentazioa eta sinbolika zenbateraino den erabakigarria ahaztea da, horrek bultzatzen baitu gizakia kolektiboki ekitera. Hitzek badute zentzu bat. Eta justuki zentzu krisiaren auzia da, hitzei, berriro, erranahia eta norabidea ematea.

Beraz, hautua badugu, kontzeptu lauso, eta epe luzera begira eraldaketa gaitasunik ez duten praktiketan murgildu ala errealitatea ahal bezain zorrozki aztertzeari ekin, historia eraldaketa bezala ulertuz, eta eraldaketa hobe baterako prozesuan kokatuz. Posible dena azterturik praktika logiko bat ematea ahalbidetzen du teoriak, praktika politiko eta historiko bat, baita, aldi berean, egunerokotasuna zedarritzen duen praktika bat ere. Helburua hemen ez da jada finkaturiko helburu bat, eraikitzen dugun helburu bat baizik, ekoizten dugunari immanentea zaiona. Eramaten ditugun ekintzek egiten gaituzte helburuaz kontziente. Ez dugu garena eraikitzen, eraikitzen duguna gara.

Krisi hitza grezieratik dator eta «hautu bat egin» erran nahi du.