Kultura iraultzaileaz

2019ko apirilaren 30a


    
Urruneko lurralde batean kontatu ziguten behin, oso zuhaitz berezi baten azpian eserita geundela. Zuhaizpe horretantxe eseri omen zen, 40 urte lehenago Öcalan, gaur egun Kurdistango mugimendu iraultzaileko liderra dena. Turkiako estatu kolpearen ondoren, bere antolakundea errepresioak jota zegoen, deseginda, kide gehienak kartzelan, eta bera Kurdistango Rojavako eskualdean, inortxok ere ezagutzen ez zuela, inongo babes sozialik gabe, herrixka ezezagun bateko zuhaizpe batean, bakarrik. Orduan sentitu zuen ordea, iraultzaren pisu guztia bere sorbalden gainean. Une hartantxe egin zion zin bere buruari, sorbalda gainean sentitzen zuen erantzukizuna beteko zuela; egina zeukan bere bizi hautua: borrokan biziko zen.

Baldintzak baldintza, mundua hobetzeko ardura sorbalda gainean sentitu eta bizi hautu hori eginen dutenei idatzi nahiko nieke, horrek dakarren ardura, kezka eta ilusioz. Gure aitzineko belaunaldian izan dira bizi hautu hori egin dutenak, baina zoritxarrez, euren borrokak ez du esperotako fruiturik eman. Belaunaldi berriari dagokigu, zergatiak ulertu eta analisi sakonak egitea, gauzak zalantzan jarri eta bestelako iturrietatik ikastea, hausnartzea, eztabaidatzea, berpentsatzea… ezinbestean, borroka berri baten oinarriak birmarraztea egokitu zaigu. Eta a zer panorama gure herri txiki maite honetan! Ur nahasiak izan ohi dira, bide berriak esperimentatu beharrean dauden errekastoenak.

Iturri berri bila abiatu ginen joan den udan, Kurdistanera, eta han ernaldu zitzaidan kulturaren inguruan hausnartzeko grina. Testu teorikoak eta ekintza praktikoak lotzen nituen ordu arte borrokarekin. Bada, iraultzaren guztiz bestelako ulerkera bat transmititu digute Kurdistango lagunek. Laudion ospatu ziren GKS-ko topaketetan, Itaiako kide bati entzun nion legez, “bideak eraman behar du bere baitan soluzioa”, eta hori bera da militante kurduen ezpain artean irakurri genuena: gaurdanik gorpuztu behar du iraultzaile bakoitzak beregan iraultza. Kurduak ez dira ordea, ezpain artean hitz hutsal anitz erabiltzekoak, benetan daukate erabateko lehentasuntzat pertsonalitate eta harreman iraultzaileak eraikitzea, hauek izanik iraultzaren oinarri, bide eta norabide. Ulerkera horretatik mintzo dira etika eta kultura iraultzaileaz. Mugimendu iraultzailearen baitan gorpuztu dituzten arau sozial eta erritualak balio batzuen eramaile dira eta bizi forma berri bat dute jomugan. Pertsonalitate eta harremanen eraldaketa hau emateko, mekanismo desberdinak garatu dituzte, norberaren baitan kapitalismoak errotutako izaera indibidualista erauztea dutenak helburu (egoismoa, botere nahia, matxismoa, alferkeria...) eta kolektiboa bizigai.

Grina iraultzaile berri bat sentitzen dut borborka gure lurretan, sakon eta zorrotz irakurri, hausnartu, eztabaidatu eta formatzen ari den belaunaldi bat. Borrokan bizi nahi duen belaunaldia. Lokalki, garatutako ideiak praktikan esperimentatzen diharduena, lan serio eta konprometituan. Analisi teoriko sakon eta praktika sendo hauekin batera, ekinbide hauen funtsa gidatzen duten printzipioek (elkartasuna, batasuna, independentzia politikoa) lur hartzen dutenean hezurmamitzen diren harremantzeko moduak eratzen ari dira: kultura militantea edo kultura komunista egikaritzen doa eta joango da ezinbestean. Azken aldian, bete betean sentitzen dut, praktikan ematen ari garen horretatik sortzen ari zaigula, honetaz ala besteaz teorizatzeko beharra. Kulturaren gaiarekin ere hala sentiturik, bide horretan ekarpen xumea egitera dator atal hau, gure herrian gorpuztu nahiko genukeen kultura komunistaz hausnartzera.

Ulertuko zenuten jada, kulturaz jardungo dut atal honetan, kultura gizatalde baten mundu ikuskera eta bizi forma bezala ulertuta; komunitate baten harremanak gidatzen dituzten printzipio edo balioez nahi bada, eta harreman horien nolakotasunaz. Aztertu dugu nola gizatalde batek bizitzeko behar dituen baliabideak ekoiztu eta eskuratzeko daukan moduak baldintzatzen duen gizatalde horren bizi forma. Ikusi dugu ekoizpen sistema horren kontrola daukan klaseak daukala, gainerako giza instituzio eta arau sozialak eratzeko boterea; sistema bere neurrira egina denez, dominazio harreman hori medio azpiraturiko gizataldearen ideologia eta praktika baldintzatzen duela, Venezuelan, Kurdistanen, Estatu Batuetan… zein Euskal Herrian. Gaur egun ondorioz, bizi forma kapitalista izan eta mundu ikuskera burgesaz zipriztindurik dago kultura, eta zer esanik ez euskal kultura bera. Testu hauetan dena den, kultura oinarri materialek nola baldintzatzen duten aztertu baino, kolektiboaren onuran oinarrituriko bizi ereduaren eraikuntzan, potentzia iraultzailea ukan lezaketen kulturako elementuak jorratu nahiko nituzke.

Idatzi beharko nuke, kultura komunistaren baitan landu beharko genituzkeen arloez. Idatzi beharko nuke balio komunistei zer espresio eman diezaiekegun eta hauek gugan errotzeko garatu genitzakeen mekanismo kolektiboen inguruan. Idatzi beharko nuke, garai bateko euskal kulturatik berreskura genitzakeen elementu interesgarri batzuk garatuaz. Egunez eguneko jardunean plazaratzen diren auziei buruz idatzi beharko nuke... Idatzi beharko nuke, baina, idazten hasi aurretik, ezin erran zertaz idazteko gai izanen naizen. Ez dute, ene testuek, ordena logiko eta analitiko bat jarraituko, ideia solteak izanen dira gehienbat, kultura kolektiboa gorpuzten joan nahiko luketen elementuen zirriborroak. Zuen ekarpen eta kritikak izanen dira bide honetan laguntzarik handiena. Hemen idatzirikoak prozesu kolektiboan garatzen joanen diren hari muturrak izanen dira, hartu eman eta elkar eraginean forma hartzen joanen direnak, gure borroka elikatzeko balio badute.  

Interes indibidualetan oinarrituriko bizi eredua onura kolektiboan oinarrituriko bizi eredu bilakatu nahi badugu, ekoizpen sistema eta jendarte antolaketa osoa eraldatzeaz gain, balio sistema, pentsamendu eta jarrerak aldatzeari ekin behar diogu gaurdanik, elkar eraginean eraldatuko baita alor bakoitza. Iraultza egunera itxaron ezin eta gaurdanik iraultza egitearena da lagun kurduengandik jaso genuen ikasgairik handiena. Iraultza antolakuntza prozesu bat baita, berriaren sortze prozesu bat, zaharraren txikitze prozesu bat, eta ez zain egonda iritsiko den egun fantastikoa. Guhaur gara gure pertsonalitatean iraultza bide hori egin behar dugun lehenengoak, eta gaurdanik has gaitezke langintza horretan. Kolektiboaren onerako borrokatzeko bizi hautua egiten dugun momentutik, gure baitako indibidualismo hain errotua erauzteko hautua egiten dugu. Hautu hori egunero, uneoro egin eta berrindartu beharrekoa da.  Bide zail eta neketsua da hau, lagun kurduek dioten gisan, kanpo eta barne etsaien aurka jardun behar baitugu etengabeko guduan. Ez ginen gauza errazetarako jaio lagunok! Ederretarako bai ordea, eta ezin dut gure etikarekin bat datorren kulturan bizitzea baino ederragorik irudika. Hamaika alorretan, teoriatik praktikara, hel diezaiogun bada, bide honi.