Ekoizpen artistiko konprometitua

2020ko otsailaren 27a


Versión en castellano

Pelikula edo serie baterako gidoi on bat nola idatzi irakatsi nahian aritu zaizkigu klasean. Irizpide nagusia «funtzionatzen duena» da, publikoa gure pertsonaiekin identifikatzea, istorioa sinesgarria izatea… Ezinezko maitasunak edo tentsio sexualak beti funtzionatzen omen dute, errua, desira, arriskua edo misterioa sartzeak. Goazeneko gidoigintza jarri zaigu eredutzat eta zein diren hura idazteko urratsak ikasi ditugu, zer hartu behar den kontuan...

Sinesgarria izatearen eta funtzionatzen duena egitearen izenean baina, dagoena erreproduzitzen eta elikatzen dugu. Eta dagoena, hau da, norma, botere egiturak definitzen du, eta hain justu boteredunei interesatzen zaie industria kulturalak norma erreproduzitzea, honen determinazio eta inplikaziorik azaldu gabe, kontzientziaziorik eragin gabe.

Uste dut audientzia datuetatik eta sare sozialetako “atsegin dut” eta bihoztxoetatik haragoko kontzientzia baten gainean sortu behar dugula artea. Funtsezkoa da norentzat eta zertarako sortzen dugun galdetzea, mundua interpretatzetik aldatzerako bidea egiten lagunduko digun artea baitugu ipar. Xede berdinetik zebiltzanen esperientziak interesgarri zaizkigulakoan, Sobietar Batasunean emandako artearen inguruko gogoeta eta eztabaidetako batzuk ekarri nahi izan ditut hona.

Ernesto Castrok gai honetaz emandako hitzaldi[1] batean (bertatik hartu ditut hemengo puntu gehienak) aipatzen duen gisara, Gramsci kartzelan eta Frankfurteko eskola erbestean hasten dira gai hauetaz hausnartzen. Esanguratsua da langile mugimendu politiko errealetik distantzia batera eta, nolabait esatearren, denbora daukatenean ekiten diotela honi. Hain justu ere, eni behintzat, usu datorkidan buruhaustea horixe baita, denborarena. Benetan dedikatu behar al diogu momentu honetan denbora arte sorkuntzari? Lehentasuna da?

Lehenik eta behin, memoriaren gaia mahaigaineratu nahiko nuke. Gaur egun elikatu nahi dugun zerbait transmititzen duten, aurreko garaietatik datorzkigun obra batzuk berreskuratu eta gure egitea bezain, alderantziz, nahi ez dugun zerbait transmititzen dutenak seinalatzeak badauka bere garrantzia. Izan ere, arte orok darama berekin, izan kontzienteki ala inkontzienteki, gauzak ulertzeko eta adierazteko era bat, hartzaileagan eragina daukana. Arte ekoizpenak interpretatzeko eta epaitzeko gai izatea eskatzen du honek.

Arte sobietarraz hitz egiterakoan, hastapenean gerla zibilaren garaiaz, ezinbestean aipatu behar dugu Proletkult. Arte proletarioa egin nahiak hura zer zen problematizatzera eraman zituen. Proletarioek ekoiztu arte oro ote da proletarioa? Ezinbestean izan behar al du arte proletarioak proletarioek ekoiztua? Burges batek ezin du arte proletariorik egin? Gogoeta eta eztabaida hauei ematen zitzaien lekuaren erakusle da «kult intern» deituriko internazional bat antolatu izana kultura proletarioaren inguruan.

Abangoardia kulturetaren eta herriaren arteko bereizketaren auzia azaleratzen da hauen eztabaidetan. Lauaxeta, Lizardi eta Orixe datozkit eni burura, eta nola, euskal literatura kultua egitera bultzatuz, abangoardia rola ematen zitzaien euskara eta abertzaletasunaren berpizkundean. Proletkulten buruhauste nagusia zen, nola antolatu kultura bat, aldi berean oinarriarena eta proletarioa, baina ez konformista, hau da, ez dena egunerokoaren ikuspegira mugatzen. Erantzunaren intuizioa bizi dukegu gure azaletan: antolakuntza esperientziatik ematen dela langile klasearen kontzientziazio eta iniziatiba hartzea.

Arte anti-burgesa egiten zutela erran izan da, baina problematizatu dira proletarioa «ez denarekin» definitzearen mugak, proletarioa soilik ez burgesa bailitzan. Izan ere, gizarte antolaketa modu ezberdin baten eraikuntzarekin batera, hainbat elementu kultural eta ohitura barneratzen joan beharko gara, kosmobisio eta etika ezberdindu baten baitan. Hau elikatzen lagun lezake arte proletarioak.

Troskik arte iraultzailea eta arte sozialista bereizi beharra aipatzen du. Arte iraultzailea, estatus quoarekiko haustura bultzatzen duena litzateke, arte sozialista berriz, elkartasun proletarioaren baloreak sustatzen dituena. Guk gaur egin genezakeen gisan, «gora artista konprometituak!» oihukatzen irudika genitzake garai hartan, eta interesgarriena zaigu, haien aburuz arte konprometitua zertan zetzan ikustea.

Prolet kulten, agitazio eta propagandan aurkitu zuten artistek euren ekarpen artistikoaren zentzua, literatura eta arte plastikoa lotuz, kartel ikusgarriak sortzen zituzten. «Literatura alderdia bihurtu behar da» formulatu izan zitzaien, artistak arimaren ingeniariak direla eta edukiak ilustratu eta herriari irisgarriak egitea dela euren rola.

Arte obra on bat baina, ezin da propaganda hutsera mugatu. Ideia berriak aurreikusi eta sortzen dituena dela arte obra ona zion Lunatxarski, Sobietar Batasuneko hezkuntza eta kulturaren komisarioa izan zenak. Kritika marxista hiru printzipioren gainean oinarritu beharko litzateke haren ustez: Lehenik eta behin, ez litzateke propaganda hutsa dena onartu beharko, ezta ideia biluzien gaineko literaturarik ere. Jada guztiz garatuak dauden euren programako puntuak plazaratzen dituen idazlea artista txar bat dela deritzo. Bigarrenik, «ez dela arterik berrikuntzarik gabe» diosku, edukia berria izan behar da, adierazia ez den zerbait adieraztea da artistaren lana. Honek sarri, forma berri bat eskatzen duela eransten du.

Azkenik, Lunatxarskiren ustez, obra batek potentzialki unibertsalki ulertua izatea ukan behar du xede. Isolatzea eta ez ulertzea eragiten duten formak baztertu behar lirateke, helburua ez baita esteta espezialisten zirkulu ttipi batentzat ekoiztea. Dena den, kritiko marxistek iraganeko eta oraineko obrei meritu intrintsekoa aitortu behar dietela aipatzen du. Kondenatu beharrekoa artistaren marko mentala da, hau da, metodo formalen bidez errealitatetik urrundu nahia. Laburbilduz, balio estetikoa aitortu bai, baina obra hauen sorgai izan den marko kontzeptualari kritika egin behar zaiola dio Lunatxarskik.

Sobietar Batasuneko bigarren fasean bereziki (1922-1927 urteetako testuinguruan), arte burgesaren balioaz eztabaidak sortzen dira. Leninek Danteren Divina Comediak garaiko mentalitate burgesa aztertzeko balio digula azaltzen du. Troskik aldiz, Danteren balioak ez datzala horretan erantzuten dio. Haren iritziz, Danteren arteak nolabaiteko balio estetikoa ukaiten jarraitzen badu, ez da burgesa delako, baina burgesa den arren, formazko eta edukizko osagai jakin batzuk dituelako, garai historiko oro transzenditzen dutenak. Troskik arteari klase sozial jakin bat transzenditzen duten balio estetikoak aitortzen dizkio.

Ezin aipatu gabe utzi formalismoa. Ernesto Guerrak formalismoaren ekarpen nagusia, hartzailearen mundu ikuspegia estetikaren bidez eraldatzearen ideiaren atzean zegoen benetako konpromisoan ikusten du. Distantziamendua edo desfamiliarizazioa jarriko dute formalistek artearen oinarrian, kulturari kontrajarririk. Artearen helburua ez da obra eta publikoaren artean katarsi edo identifikazio erabatekoa sortzea izanen, distantziatze eta zailtze bat baizik, ikuslearen ikuspuntu emozional edo biografikoan hausnarketa eta mugimendu bat sorraraziko duena. Horrela, alienaziotik ihes egitea da helburu, kultura edo zentzu komun ideologikotik askatuz, egiazkora hurbiltzeko.

Antzerkia har liteke adibidetzat. Garai hartan, atzerriratze edo harritzea izanen dira artearen tresna nagusia forma berriak sortzeko, beti ere, langileriaren desalienazioa helburu dela. Talka estetiko baten bidez hartzaileagan gaizki izate bat probokatzea da xede, norbere egoera pertsonalaren gaineko beste jarrera bat hartzera behartzeko. Gaur egun ere baliatzen dira berrikuntza, probokazioa eta txokea, baina zer helbururekin?

Azken puntu gisara, «Ez da sorkuntzarik askatasunik gabe» esaldia hartu nahiko nuke. Ez noski askatasuna zentzu abstraktu edo burgesean ulerturik, oinarri antolatuaren gaineko arte espontaneo, intuitibo, irudimentsua aldarrikatzeko baizik. Antolatuaren gaineko espontaneotasuna da artea. Kontua da oinarria nola dagoen antolatua eta zer elikatzera datorren espontaneotasuna. Izatekotan, zeren gainean eraikia den kontzientzia hartzetik askatuko da arte sorkuntza, ezta? Esperientzia librera ateak zabalik baina oinarriak sendo, arte askea baino, askatuko gaituen artea nuke amets. Baina askatuko gaituena ez dela artea izanen dakigunez, askatze bidean ekarpena egin dezakeen arte konprometitua defendatuko nuke.



[1] Castro, Ernesto. “Como de politico es el arte politico? El caso sovietico  https://www.youtube.com/watch?v=h-Mdp2kLCWY&t=4318s