1960-1990 arteko musikagintza, bi mugimendu

2020ko maiatzaren 30a


Versión en castellano

Aitzineko artikuluan, zeharka aipatu nituen Euskal Kantagintza berria eta Euskal Rock mugimenduez, baina gaurkoan horietan jardun nahiko nuke luzeago. Izan ere, mugimendu interesgarriak dira zenbait ikasgai eta hausnarketa puntu ateratzeko.

1.- 1960-1980: Euskal Kantagintza Berria

Euskal Kantagintza Berria, frankismoaren azken hamarkadetan kokatzen da, euskal nazionalismoaren eta euskal kultur adierazpideen berpizkundearen baitan, ETAren eta ikastolen sorreraren giroan, euskal literaturgintza eta euskara modernizatzeko urratsekin batera. Euskal Herriaren eta euskal kulturaren galeraren sentipenak sorturiko erreakzioak, autobaieztapen mugimendu orokorrago baten eskutik eraman zuen kantagintzaren arloa ere. Ez Dok Amairu talde esanguratsuenaren barnean, gutienez hiru ulerkera ezberdintzen ditu Josu Amezagak[1]: euskal kulturaren berreskurapen gisa ulertzen zutenena, nazio berreskurapen politiko bezala hartzen zutenena (ETAren kultur frontea) eta kantagintza euskal estetikaren alderdi garrantzitsutzat jotzen zutenena (Oteiza).

Ez Dok Amairuk kultura tradizionalaren osagai batzuk (desagertzear zegoen txalaparta, dantza eta kopla zaharrak) musika molde berriekin batera altxatu zituen oholtzara. Baina, kantu tradizionalez gainera, Yupanqui eta Brecht-en poema euskaratuak, edo Vietnamgo gerlaz zein Estatu Batuetako beltzen borrokaz diharduten abestiak ere kantatu zituzten. Xabier Letek honela formulatzen du:

«Kantariek, espresio tresna desalienatzaile bezala hautaturiko euskara hizkuntza aldetik, berdin euskal gizarte askatu batetarako borrokaren baldintzekin identifikatzen ziren aldetik, nazionalitate arazoan funtsatzen zuten beren betekizuna. Baina, era berean, internazionalagoa zatekeen humanismo sozial batekin ere solidarizatzen ziren (...) Zerbait gehiago ere bazen: zapalduen aldeko mezu bat, hain zuzen.  Nahi den bezain sentimentalki eta primarioki formulaturiko herri eta klase zapalduen aldeko solidaritatea»[2].

Kantagintzaren hedapena, egitura hegemonikoetatik at, euskal azpiegitura propioak eratzeari zor zaio, disketxeen eta herri irrati batzuen sorrerari, baina, batik bat, aitzineko artikuluan aipatu genituen kantaldiei. Kantaldiez esanguratsua da urte batzuetan euskarazko kantagintza kasik ez existitzetik, herrietako jai eta ekitaldietan ezinbesteko osagai bihurtu zela. Horietan, Amezagak azpimarratu bezala, gerta zitekeen «Baga Biga Higa» bezalako kanta eta hitzezko ikuskizun batean entzulegoaren gehiengoa erdalduna izatea.

Kantaldi horiek, euskal gizarteak bizi zituen uneko arazoak agertzeko gune bihurtu ziren, elkar truke horretan, euskal kultura eta euskara herri izateko berreskuratu beharreko ezaugarri soilak baino, eguneroko arazoei aurre egiteko hizkuntza eta kultura bilakaraziz. Diktaduraren menpeko garaia zen hura, eta horrek baldintzatzen zituen euskal langile klasearen bizipenak, baita, aldi berean, Euskal Kantagintza Berriaren izaera ere. Julian Lekuonak honela idatzi zuen 1966an Zeruko Argian:

«Ezin gindezke orain uso txuriaren historia tristea kantatzen hasi, hori baiño tristeagoak badaudelako. Uso txuria gure Euskal Herrietako tximinietako keak aspaldi beztu zuen (...) Ezin giñezke gauza politak bakarrik kantatzen ibili. Herriak gizarte batean bizitzera esnatu behar du. Eta kantuak indar handia duela iruditzen zait euskaldunen artean jendea pizteko».

Errepresioak eta ezarritako sistema politikoaren aurkako borrokaren indartzeak konpromezu politiko gero eta nabarmenagoa hartzera bultzat zituen kantariak.

 

2.- 1980-1992: Euskal Rock Musika

Iraola eta Xalbardinek[3] azaldu gisan, erreforma izan zen Euskal Kantagintza berriaren agorpena ulertzeko faktore garrantzitsua. Ordu arte sistemaren aurka agerturiko sektore batzuk sistema politiko berrian integratu ziren eta berrosaturiko hegemoniak euskal kantagintzaren eraldakuntza eta gainbehera eragin zuen. Ez Dok Amairuren zatiketaren azpian agertzen ziren bi joera azaleratu ziren berriz ere: kantagintza koiuntura politikoari zuzen erantzuten ahalegintzen zena bata, eta kantagintza eremu autonomoagoa bihurtzea aldarrikatzen zutenena bestea.

Hegemonia berri horrek, bistan da, ez zituen gizartearen sektore guztiak bere baitan hartzen. Diktadurapean, euskaltasuna bere osotasunean sistematik baztertua bazen, sistema berrian, hein batean, onartuta zegoen, baina euskal klase menperatzaile berriei onarpen horrek beren hegemonia eraikitzeko balio zien heinean bakarrik. Aldiz, gizarteko sektore batzuk horretatik kanpo gelditu ziren, adibidez, gazteria.

Sistema berriaz ziren esperantzak nahiko azkar zapuztuko ziren. Horrez gain, gatazka politikoaren ondorioz, errepresio latza jasanen zuen gazteriak. Bestalde, sistema ekonomikoak ere ez zuen lortuko gazteria bere hegemoniaren azpian hartzerik: gazteen langabezia % 40 eta % 50 artan kokatu zen. Sistema politikoaren irekidurak bultzaturiko kontsumismoa eta norbanakoaren autonomia kultur balore berriak, kontraesanean sartu ziren kontsumitu ezinik eta ezin familiatik atera aurkitzen ziren hainbat gazteren errealitatearekin.

Lan prekarioek eta langabeziak, sistema berriaren desilusioak eta errepresioak gazteriarengan dakarten etsipena eta etorkizun ezaren sentimentuan hartzen du lur «no future» leloak. 1976an, Londresen, krisialdi ekonomikoaren eta desmobilizazio politikoaren testuinguruan sortu zen punk mugimenduak ukazioa izango du bere oinarrian: norbera ukatzen duen errealitatearen ukazioa. Punk estetika gizartearekiko desafioa da: kateak, bota militarrak, txakur lepokoak, belarrietako kateorratzak, eta estetika «normalak» errefusatzen duen guztia. Punk mugimendua antisozial bezala definit zen, deus eskaintzen ez dion gizartearen aurkakoa; ez du teorizazio oinarririk, bat bateko bizipenetatik sortzen da, gizartea eraldatzeko proiektu batetik baino. 

80ko hamarkadaren hastapenetik goiti ehundaka talde osatuko dira Euskal Herrian, Hertzainak taldeko Josuk azadu zuen moduan: «Punkiek erakutsi dute ez dela musikari handi bat izan behar zu bezala bizi den jendearen aurrean adierazteko».[4] Kultur elitismo ororen aurkako deia zen. Disketxeak eta fanzineak sortu ziren, baita irrati libreak eta kontra informazio sareak ere. Baina oroz gainetik, musika talde horien azpiegiturako funtsezko zutabea gaztetxeak izan ziren.

Gatazka politikoak gizarteko sektore ezberdinen muturretaratzea edo polarizazioa ekartzen du, eta arrazoi ezberdinengatik indarrean dagoen sistemaren aurka daudenek hainbat unetan topo egiten dute. Horrela ulertzen da «Rock Radikal Vasco»-ren sorrera eta garapena, bai eta mugimendu horren eta ezker abertzalearen arteko elkar trukea ere. Errepresioak leku zentrala izan zuen, eta tortura, presoak, hildakoak, polizia, estatua, edo borroka armatua ohizko gaiak izan ziren musika talde horien kantuetan.

Euskararen gaiarekin bukatzeko, adierazgarriak dira aipu hauek:

«Euskalduna Erriberan beti izan da aldarrikatzailea, batzuk erreformarekin konformatu dira eta orduan euskalduntasunak jada ez du balio»[5].

«Guk euskaraz kantatzea erabaki genuen inor ez zelako euskaraz kantatzen ari eta rockak, definizioz,  boterearekiko molestoa izan behar baitzuen»[6].

«Euskadin, punka izan behar bazen, euskaraz izan behar zen»[7].

Ikusi dugunez, euskal musikagintzaren errealitatea ezin da ulertu prozesu politiko eta sozialei so egin gabe. Bi mugimendu horiek botere sistema hegemonikoak zapalduriko sektoreetatik sortu ziren eta kultur adierazpide indartsuak osatu zituzten bakoitzak bere garaian, eta masa mugimenduak mugitzerainoko eragin kulturala suposatu zuten. Agerian gelditu da, zapalduaren bizipenetatik jalgitzen den adierazpide kultural errebelde batek har zezakeen dimentsioa, baina bereziki, norabide politiko iraultzaile bat daukan mugimendu baten baitan horrek har zezakeen indarra, baita azpiegitura eta adierazpen bide propioak eratzearen garrantzia ere. Azkenik, iraganari begira jabetzen gara, euskara kontra hegemonikoaren, zapalduaren eta iraultzailearen ezaugarri izan den heinean hurbildu izan direla hainbat langile sektore euskarara eta mugimendu borrokalariari osotasuna emateaz gain, horrek eman izan diola zentzua eta indarra euskarari.



[1] AMEZAGA, J. (1995). Herri kultura: euskal kultura eta kultura popularrak. Euskal herriko Unibertsitatea.

[2] Lete, X. (1977). Kanta berria, erresistentzi abesti. Jakin (4), 16-28.

[3]Iraola, M. & Xalbardin (1985). Euskal kantagintzaren aldaketak ulertu nahiz. Larrun.

[4] Hertzainak. (1982). Muskaria (13), ekaina-uztaila.

[5] Fernandez, B. eta Vilches, C. (1983). Debate sobre la conciencia vasca en Navarra . IPES: Langaiak (3), abuztua.

[6] Zabala, J.  (1989). Entrevista: Hertzainak. El Tubo (3), abuztua.

[7] Montoia, X. (1982). Hertzainak. Muskaria (19), ekaina-uztaila.