Nostalgiaren eta marketinaren aurka, hausnarketa bat Paristik

2021eko martxoaren 25a



«Bere eginbehar historikoaz erabat kontziente eta horren arabera jarduteko erabakia hartuta, langile klaseak barre egin diezaieke luma lekaioen astakeria asaldagarriei eta asmo oneko doktrina burgesen babes pedanteari, zeinak beren arrunkeria ezjakinak eta fantasia sektarioak kutsu nahasgarrizko zorroztasun zientifikoz isurtzen baitituzte»
K. Marx, 1871, Der Bürgerkrieg in Frankreich («Gerra zibila Frantzian»).

(Itzulpena)

Parisko Komuna 1871n ezarri zeneko urtemuga bezalako data nabarmenak gogoratzeko ohitura dago, argitalpen, hitzaldi, tweet eta abarren bidez. Ez da gutxiagorako. Askatasunaren aldeko aldarrikapen grinatsuen oihartzunak entzun daitezke oraindik ere (nahiz eta oso modu desberdinetan izan) gure kontzientzietan, eta horrek (dirudienez) sentiberago eta entzuteko prestutasun handiagoz jartzen gaitu. Sentiberatasun hori ez da hutsala, gauzen egoeraz hausnartu eta eraldatzen saiatu den oro berehala konturatuko da horretaz. Une honetan, agian, baten bat hasiko zen asmatu nahian komunaren esperientzia osatzen duten ezinbesteko elementuetatik zein jorratuko dudan gaurkoan. Hala ere, kasu honetan beste zeregin bat egin asmo dut. Barregarria da pentsatzea nire garaiko pertsona batek aurretik espezialistaren batek edo adituren batek jaso ez duen ekarpenen bat egin dezakeela. Horregatik, ez dut laburpen laburregirik edo baldarregirik egiteko asmorik. Baten batek idatziz utzi zuen izan ziren belaunaldien eta gure belaunaldien artean isilpeko itun bat dagoela, zama astun bati aipamena eginez, konpromiso bat, gure gain dagoena eta iraganak kontuak eskatzen dizkiona. Saiatuko naiz konpromiso hori arinkeriaz ez ebazten.

Politikaren eremua eremu idorra eta oztopoz betea da. Aire freskoa eta aske arnastu nahi duen borondateak egunero borrokatu behar du ahalegin betean ezarri zaigun bide bihurrian aurrera egiteko. Praktika politikoak ondo pentsatua izan behar du, eta pentsamendu hori politikoa soilik izan daiteke. Abiapuntuko premisa hau da: bizi garen gizartea sakonki, egituraz, klasetan banatuta dago, eta programa zehatz bat (gehiago edo gutxiago) ordezkatzen dute beren erlazio antagonikoak zehaztutako gudu eremu historikoan. Premisa horren biluztasuna gorabehera, gauzak zailtzen hasten dira errealitate konkretuan sakontzen dugun heinean, memoria egiteko ariketa ere interbenituta baitago, konplikazio horiek erasanda. Horregatik, zalantza hau sortzen zaio bere borondate onenarekin ariketa horri aurre egin nahi dionari: nola egin beharko nuke?

Etsaia tekla bakoitzaren atzean ezkutatzen da, gure gogoetetan eskua sartzeko une egokiaren zain, haietan bere lekua aurkitzeko, pentsamendu antagonikoaren potentzialtasuna deuseztatzeko. Irtenbidea ez da erraza, ez dago zalantzarik. Etsaia jakintsua eta zaharra da, eta gu nahastu eta bere bidezidorretatik eramateko era askotako gaitasunak ditu. Dena den, gudu ideologikoen eremuan gure posizioak blindatzea ezinbesteko beharra da guretzat; iragana ere borroka eremua da. Saia gaitezen kezka horretan gehiago sakontzen. Klaseen arteko borroka gizarte kapitalistaren baitan dagoen antagonismoan oinarritzen delako premisatik abiatzen bagara, onartu ahal izango dugu antagonismoaren baitan ezkutatzen dela hizpide dugun hausnarketan aurrera egiteko gakoa.

Beste alde batetik, saia gaitezen ahal den neurrian argitzen teoria sortzeaz ari garenean zeri buruz ari garen. Idatzi dut jada ekintza pentsatu egin behar dela, antolatu, planifikatu, zuzendu, ulertu egin behar dela. Behar hori jarduteko asmotik sortzen da, baina zentzu batean jarduteko, norabide jakin batean. Pentsamendua, horregatik, ekintzaren fruitu eta substratu da, non, ekintzaz eraikia izan ondoren, haren oinarri den. Ekintzaren beste aldea, beste era bateko ekintza.

Orduan, nolakoa izan behar du klase gizartea eta kondenatu gaituzten miseria gainditu nahi dituen ekintzak? Argi dago, lehenik eta behin, zentzu zehatz bat izan behar duela, erantzuten saiatzen den interes zehatzetan oinarrituta. Antagonismoa kontuan izanda jokatu behar du; antagonikoa izan behar du, borrokarako tresna bat, arma bat. Eta, edonola ere, politikoa izan behar du, jarduera politikoan buru-belarri sartuta egon behar du, jarduera hori ahalbidetu eta elikatu behar du. Alde horretatik, historiaren esparrua ez da salbuespenezkoa.

Ekuazioa pixkanaka argituz doa. Nola gogoratu? Zertarako gogoratu? Gogoratu egiteko, gogoratu iraultza egiteko, gogoratu iraultza antolatzeko. Nazkatu gara oroitzapen soilez, gogoeta nostalgikoez, autoerreferentzialtasun edo autokonplazentzia ariketez. Aski da gorriz jantzita beren burua apaindu nahi duten lotsagabe sentigaitzez. Guk ikasteko gogoratzen dugu, ondo egindakoez jabetzeko eta iraganeko akatsak ez errepikatzeko. Ez du ezertarako balio damutzeak. Utz diezaiotela paperek zauriak lasaitzeko balio izateari eta utz diezaiola bizitzak marketin hutsa izateari.

Hori dela eta, iraganaren azterketa parametro militante edo politikoetan egin behar da. Historia ez da hartu behar gure apalak edo idearioa betetzen dituen kontakizuntzat, gure posizioa apaindu eta erakargarriagoa egiten duen osagarri soiltzat. Ezta museo bateko kristal lodi baten beste aldetik miresteko moduko erlikia bezala ere, begiratu eta komentatu ahal izateko, ihes egiten diena hartu, ukitu, ulertu eta erabili nahi duten esku ausartei. Nahiz eta hori gauzatzeko oso zaila izan, gainerako hautuek, errazak baina azalekoak izanik, ez dute interesik. Duela urte batzuk, norbaitek aldarrikatu zuen filosofoek mundua modu desberdinetan interpretatu besterik ez dutela egin, baina kontua mundua eraldatzea dela. Eta, horrek funtsean esan nahi duenari dagokionez, gauzak ez dira gehiegi aldatu. Historia interpretatu egin behar da, baina ariketa horrek programa komunistan gorpuztutako askapenerako borondatearen potentzialtasuna biziagotzea lortu behar du. Bizitzeak posizio bat defendatzea behar du izan, eraiki nahi dugun etorkizunaren pultsua gure aldekoen kontzientzian sentitzea. Horrek izan behar du abiapuntua gure esku artean obra edo pentsalari bat hartzean, gertaera historiko bat edo beste hartzeko garaian. Horrek behar du izan abiapuntua aurrean dugun objektua inguratzen duten alderdiak garatzeko, mina eman arren behar den lekuan egia seinalatzeko, beharrezkoa den guztietan egia hori adierazteko. Zertarako balio dute iraganeko esperientzietatik egin genitzakeen irudikapen orbangabeek? Ba al dago edertasunik aurrean daukagun porrot historikoan? Mendean hartuta gauzkan dominazio gupidagabean? Horregatik, ikasteak konpromisoz ikastea esan nahi du, eta ez axolagabekeriaz.

Ez nuke nire gogoeta labur eta seguru asko hankamotz hau amaitu nahi azken erreferentzia bat egin gabe. Historiaren azterketa sistematiko eta antolatua ezinbesteko zeregina da egun gauden une historikoan; izan ere, iraganak bere barruan gordetzen ditu hartu dugun bidean aurrera egiteko baliagarri (ezinbesteko ez esatearren) izango zaizkigun giltza batzuk. Beraz, egin diezaiogun aurre lanari ahalik eta grinatsuen eta zehatzen, motiborik ez zaigu falta. Eta gogora dezagun, azken batean, egin daitekeen omenaldirik onena klaserik gabeko gizartea eraikitzea dela, menderatze mota guztien abolizioa; eraman dezagun askapenaren aldeko borrokaren lekukoa helmugaraino, gizateriak milaka aldiz bere eskuen artean izan zuena. Beharbada inoiz ez zaio eskutik erori. Edonola ere… Biba Komuna! Esan beharra neukan.