Loralditik haratago

2019ko maiatzaren 13a


“Legedi burgesak ezartzen digun ahultasun egoera estrukturalaren aurrean, desjabetuoi kolektiboki gure buruaren kargu egitea besterik ez zaigu gelditzen. Miseria eragiten duen bizi formatik haratago gure burua pentsatzea dagokigu. Etsaiak gure txoko bat erasotzen duen bakoitzean hor egongo gara, gaitasun ezberdinak metatuz, elkarrekin indartuz, ezintasunarekin hautsiz.”

Erraki

Azken hilabetean, hiru Gaztetxe berri okupatu dira Gipuzkoan, bi Bizkaian (bata, Galdakaokoa, idazten ari naizen honetan desalojatu berri), beste bat Arabar Errioxan... Argi dago, Gaztetxeen loraldiaz ari garenean, ez garela ezer puzteko saiakera propagandistiko bati erantzuten ari. Errealitatea da. Gertatzen ari da.

Era berean, agerikoa dela esan genezake, loraldi hau Euskal Herrian bizi dugun testuinguru politikoari guztiz lotuta datorrela. Proletarizazio fase berri honetan, gazte mugimenduan errotik eragiteko gaitasuna erakutsi duen ildo sozialistaren bultzadaz, duela urte gutxi alboratuta genituen terminoek lehen lerroa hartu dutela ikustea besterik ez dago. Dagoeneko, klase elkartasuna, jabetza pribatuaren ukapena edota langile boterea eraikitzearen beharra, okupazio gehienen komunikatuetan aldarri gisa ageri zaizkigu.

Izan ere, aldaketa, eztabaida eta erabaki ezberdinek protagonismoa hartu dute urte luze hauetan. Formakuntza politikorako lan gogorra sustatu da gazte mugimenduan, prozesu honen emaitzen fruituak epe motzean dastatzen hasiak gara.

Azken urteetako ibilbideari gainbegirada bat eginez, iraultzarako armak jakintzaz  kargatzeko ahaleginak ez dira ahuntzaren gau erdiko eztula izan: Ikasle Abertzaleek Herri Unibertsitate ezberdinetan lorturiko emaitza kuantitatibo zein kualitatiboak; Gaztetxe topaketa ezberdinetako hitz hartzeetan Herri Mugimenduko kideek agertu ohi duten argitasuna; herri ezberdinetako Gaztetxeetan egitem diren mintegien zorroztasun kritikoa; Itaiako emakumeen irakasketak eta ausardia erakustaldia… Agerikoa da, kontua ez dela komunikatuetan termino horiek erantsi direla soilik: praktika politiko historikoaren mugetatik abiatuz, ekinbide zuzena garatzeko nahitaezko premisa gisa baizik. Hau da, hausnarketa teoriko horiek guztiak, borroka guzti horiek eduki praktiko eraginkorrez betetzeko egin den ahaleginaren emaitza dira.

Niri dagokidan esparrura itzuliz, txoko ezberdinetan azaldu da okupazioa bera dinamika desberdinen azken helburua edota gure aisia "alternatiboki" kudeatzeko eremuak geureganatzeko bitarteko gisara soilik ezin dugula ulertu erreparatzeko gaitasuna. Langile kontrol espazioak eraikitzea helburu duten ekintza politiko zehatzak gauzatzeko bitartekoaz mintzo gara orain, okupazioaz hitz egitean.

Izan ere, desjabetuoi, hitzak adierazten duen moduan, jabetza pribatuaren forma duten bitarteko guztien ukazioan borrokatzea dagokigu; gizarte kapitalistan, berauen jabetza eza langile klasearen berezko baldintza soziala ida. Langile klaseari, horri kontrajarririk, bitarteko ezberdinak kontrol modalitate burgesetik (jabetza pribatutik) langileriaren kontroleko bitarteko (jabetza kolektiboa) izatera pasatzeko pausoak ematea dagokigu. Hau da, langile boterearen garapenerako beharrezko izango zaigun birjabetzeak burutzea, honen zilegitasun historikoa aldarrikatzea, okupaziorako bitarteko moduan kokatuz.

Jakin badakigu, gizarte kapitalistan, jabetza pribatuaren oinarrietan eraikita daudela zimentu guztiak, eta honen defentsara bideraturik botere modalitate ezberdinak: judizialak, polizialak... Oraindik ahulak gara botere burgesaren magalean; urrun gaude jabetza kolektiboak irmoki defendatzeko gaitasunak edukitzetik; errealitate hau onartzea besterik ez zaigu gelditzen.

Hala eta guztiz ere (eta zorionez), hori posible egin ahal izateko baldintzak eraikitzeko hastapenetan aurkitzen garela ere esan genezake. Gutariko asko baikara, gaztetxe zein eremu desberdinetako borrokak modu lokalista edo isolatu baten gisan ulertzetik haratago, gure txikia zerbait haundiago baten baitan kokatzeko beharraren sentsazioa bizi izan dugunok. Herriz herri, oztopoz oztopo, gure ekina printzipio sendo batzuen baitan kokatzeko pausoa ematera behartuak sentitu izan gara; gure borrokak, gauzatuko badira, eskala handiagoan saretzeko apustuaren beharrezkotasunaz jabetu gara.

Hala, birjabetutako langile kontrol espazioak, prozesu sozialistaren eraikuntzan erabilgarri izan daitezkeen eremuak direla uste dut, modu lokalean langile klasearen eguneroko behar desberdinei erantzuteko bitarteko soilak izatetik haratago . Zergatik? Borroka ildo hori baita egun gure potentzialitate eraikitzailea zein defentsiboa biderkatzeko baldintzetan jartzen saiatzen ari dena: eguneroko jardunean, langileok gure klase baldintza gainditzeko ezinbesteko zaigun independentzia politikoaz hornitzen gaituelako. Langile kontrol espazioak ildo horren baitan artikulatzeak berebiziko garrantzia izan dezakeelakoan nago beraz, jomugan ditugun helburuetara hurbiltzeko.

Horrek, gune autogestionatuetan borroka partzial ezberdinak gauzatzetik haratago, une berean lan lokalek dimentsio zabalago baten perspektiba hauspotzea dakar bere baitan, dimentsio haundiago honek borroka lokalaren gaitasunen indartzea ekartzen duelako. Modu berean, gure herri edota auzo ezberdinetan bizi ditzakegun bakardade zein elkartasun faltari, helduleku garrantzitsu bilakatu daitekeen familia politikoa eskaintzen digu. Esate baterako, guztiok ez gara Maravillas eta ez dugu horien oihartzun ahalmenik ere; begiratu Eztenako kideei bestela. Beraz, "guztiok" baten gorpuzteak epe motzeko erronka izan behar duela iruditzen zait.

Izan ere, Euskal Herrian, oraindik eguneroko ogi ditugu desalojo edota argi eta ur mozketak, identifikazioak eta isunak, kolpeak eta prozesamenduak. Gure ekintzen eraginkortasuna bermatzeko mekanismoak garatzen jarraitzea dagokigu beraz, elkartasunaren eta autodefentsaren praktikan sakontzea. Finean, eduki berrien potentzialitate politikoa gorpuzten jarraitzea. Gure eremu bat kolpatzeak, langile klasearen defentsan dihardugun guztiok kolpatzea suposatzen duelako eta honen defentsak guztion eginbehar bihurtu behar duelako, biziraun nahi badugu behintzat.

Jarrai dezagun bada loraldia ureztatzen. Bide honetan, besoak zabalik ematen diet ongi etorria herrialde ezberdinetan garatzen ari diren langile autodefentsa sare ezberdinei, zein gune autogestionatuen babes sare izatea xede duten Errakiko lagunei. Azkenik, ezin zoriondu gabe utzi parte hartzeko ohorea eman didan Gedar ere, aipatutako formakuntzaren beharraren hariari tiraka honelako proiektu bat aurrera eramateagatik (hala ere, lehenago abixatu idatzi behar dudanean!).

Amaitzeko, besarkada beroena Maravillas, Eztena, Galdakao eta antzeko erasoen ondorioak pairatzen ari diren guztiei.

Zuekin gaude!