AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

 Gaztelaniazko bertsioa

Ikasturtearen hasierarekin, lanera itzuli beharra dagoela esan ohi da. Gaztetxe eta gazte asanblada ugaritako hainbat kiderentzat lanean jarraitzeko garaia dela esan genezake ordea. Izan ere, festa, txosna edota elkartasun kanpainaz beterik izan ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinak abuztuan zehar, etenik gabeko antolakuntzari esker.

Argi dago, behin eta berriz aipatu izan dugun Gaztetxeen loraldiak eszenatoki berri bat ireki duela gurean. Langileen kontrolpeko hainbat espazio garatzearekin batera, lehendik "erdi hilik" genituen herri zein auzo ugaritako gaztetxeetako asanbladen gorakada nabaria da, belaunaldi berrietan pizten doan ilusio berrien ispilu. Esan beharrik ez dago, gazteriaren antolakuntza grinaren gorakada gurean garatzen doan prozesu sozialistarekin eskutik loturik datorren bilakaera dela, azken urteetako lan lerro ezberdinen presentziak, militantzia forma berriak gorpuztea dakarrelarik.

Nire testuetan etengabe errepikatu izan dudan elementua da belaunaldi aldaketarena: aldaketa hau, errealitatea irakurtzeko elementu eraberrituez gain, kontzientzia militante berri baten garapenari estuki loturik dator gurean. Gaiari gehiegi heltzeko intentziorik gabe, Arrigorriagan emandako gertaeren harira dozenaka gazte asanblada eta eragilek ateratako testua, kultura politiko berri baten hastapenetan dagoen gazteriaren erakusle da. Posizioak hartzeko gaitasuna aurrera begira eman beharreko pausoetarako aurrekari atzeraezina dugu.

Testuan ongi adierazten den moduan, sinatzen duten eragileek determinazio politikoz dimentsio lokala gainditzen zuen eztabaida batean elkarturik erantzuteko hautua egin dute, intentzio deklarazio gisa ulertu daitekeelarik aurrerantzean gazte asanbladei dagozkien auzi ezberdinetarako. Testuinguru nahasi hauetan, lehen lerroko aktibo politiko bilakatu dira gaztetxeak Euskal Herrian, eta erantzukizunez jokatzeko erabakia hartua dela nabaria da hauetako askoren artean.

Mota honetako auziek, lan lokaletara bideratutako eremuetan burubelarri dabiltzan militante gazteak testuinguru politikoa eraldatzeko balio ikaragarria duten heldutasun ariketa burutzera eramaten ditu: eztabaidak eduki politikoz bete eta eraiki nahi dugun kontzientzia militantean zuzenki eraginez, kontzientzia burgesak berehalakoan identifikatzen dituen azaleko gertakarietatik haratago. Honek militantzia eredu beraren inguruko hausnarketak garatzera eramaten gaitu,  inguratzen gaituen "klase-ertainaren soziologiak” guztiz gaitzesten dituen lan forma iraultzaileekiko elementuak mahai gaineratuz, efektibitatea eta epe luzera garrantzitsuak izango ditugun elementuak lehenetsiz.

Gaztetxeak, ongi argitu bezala, instituzio publiko eta irekiak dira, urte luzeetan borroka ildo oso ezberdinak garatu izan dituztenak tokiz toki, indar korrelazioen arabera. Agerikoa da askok goraipatu izan duten "aniztasun politikoaren positibotasunak" ez duela ez hanka ez bururik, eraginkorra izateko ez baitago batasun politikoa bezalakorik. Gazte militante sozialistoi, geure indarrez garatzen ari garen prozesu sozialistaren beharrekin harremanetan izango diren instituzioak sortzea dagokigu, proletalgoaren berehalako beharrei erantzuteko elkartasun sare anitz eraikitzea, geroz eta langileen kontrolpeko espazio gehiago garatzea..... eta era berean, gure herrian ondare historikoa bilakatu diren eremu ireki hauetan lan egiten jarraitzea dagokigu: eman beharreko eztabaidak arrazionalitate politikoz betez, eremu hauen izaera historikoarekin bat datorren proiektu antagonista elikatu eta langile klasearen independentzia politikoa artikulatzen jarraitzea historikoki langile klaseak kudeatutako eremu hauetan.

Batasun politiko eta proiektu antagonistez mintzo naizen honetan, aipatu gabe utzi ezin nituen Tolosako lagunei elkartasun keinu bat egitea datorkit nahitaez. 2016ean abiatu zuten dinamika baten baitan okupatu eta desalojatua izan zen Ezpala Gaztetxea. Garai hartan, lan andana eginagatik, ez zuten lortu kolpe errepresiboei eta jazarpenari gainjartzerik. Baina Tolosako militanteen determinazioa ez da horregatik desagertu, indartu baizik: Berriz ere birjabetu zuten Ezpala, aurtengo Apirilaren 22an. Hilabete guzti hauetan jazarpena pairatu izanagatik, ez da gaurdaino tolosarren kemena gelditzerik izan. Txoko honetatik, nire elkartasun osoa adierazi nahi diet urte luzez eskualde horretan borrokan jardun duten eta egun diharduten militanteei.

Birjabetze honen harira emandako identifikazioen ondorioz, gazte baten aurkako epaiketa egingo da datozen egunetan. Botere burgesak mekanismo guztiak jarri ohi ditu martxan aipaturiko proiektu antagonisten aurrean, maila lokaleko erresistentzia saiakerak antzu gelditu ohi zaizkigularik, indar korrelazioaren balantza desorekatua ageri baita eskala territorial handiagoan antolatua den boterearen aurka. Puntu honetan ageri zaigu Erraki bezalako elkartasun sareen ezinbestekotasuna, elkartasuna eta erresistentzia antolatzearen beharra maila nazionalean, babes ekonomiko, logistiko eta abarren bitartez herri txikieneko militanteak babesik gabe gelditu ez daitezen. Tresna bera sortu zenean adierazi zen bezala, denborak eta militanteon gaitasunak baldintzatuko du Errakiren potentzialitatea, eta esperientziak erakutsiko digu honen efektibitatea. Lehen pausoak ematen hasia da, eta gatazka egoera ezberdinen aurrean Erraki jokatzen ari den papera goraipatzea besterik ez zait gelditzen.

Gaitasunak batzen goaz; belaunaldi berrien geroz eta determinazio politiko handiagoa, auzi politikoetan konplexurik gabe posizionatzeko gaitasuna, konpromezua oinarri behar duen militantzia ereduaren garapena, koherentzia ariketa etengabeak, elkartasun sare ezberdinen biderkatzea.... Guzti honek argi erakusten du, klase ertainaren zentzu komunari jarraiki ekimen erosoak (eta gero eta despolitizatuagoak) soilik antolatzera mugatzen ziren gaztetxeetatik haratago, aipaturiko proiektu antagonistak indartu ahal izateko aukerak biderkatzen goazela herriz herri, langile klasearen beharretara egokitutako tresna politiko antolatuak elikatuko dituzten eremuak garatuz. Gauzak honela, prestatu eta ikasten jarraitzea dagokigu, etorri ahal izango diren (etorriko diren) errepresio kasuei erantzuteko gaitasunen biderkatzeaz gain, botere proletarioa eratzea ezinbesteko premisa gisa agertzen zaigularik. Saretzeak soilik salba gaitzake.

Beste behin, zorionak eta eskerrik beroenak Erraki posible egiten duzuen guztioi txoko xume honetatik. Hau da, zorionak eta eskerrik beroenak, udara guztian zehar bonoak saltzen, itxulapikoak jartzen, elkartasun ekimenak prestatzen eta gatazka eremuetan lehen lerroan egon zareten militante guztioi.

Bidetik ikasiz, aurrera goaz. Jo ta ke.