Politika despolitizatzaileak

2021eko apirilaren 2a


Atera berri da albistegietan Bilboko udalak boluntariotzazko Erasmus programa bultzatzeko hautua egin duela. Europako Solidaritate Gorputzak finantziatutako eta bultzatutako praktika hauek ziurtagiri bidez abalatzen dira. Garatzen joan ahala, aurreikusteko modukoa da praktika kurrikular gisa kontsideratzen hasiko direla, izan ere, praktika hauek soldatapeko lan baten baliokide dira; logika honakoa da: 2-12 hilabeteko praktikaldi bat, Europako edozein herrialdetan, egonaldi eta gastu minimoak ordainduta, osasun laguntzailea, gizarteratze zein migranteen harrera lanak egiten aritzea. Europar Batasunaren azken hordagoak gazteen egoerari buelta emateko saiakera interesatua estaltzen du. Saiakera diot eszeptiko gehiegi daudelako maniobra politiko honen atzean, hala ere, dirauen bitartean gutxienez begirik ez kentzea dagokigu. Batetik, gazteon lan indarraren debaluazioan instituzio berri bat indarra hartzen ari delako eta, bestetik, gazteon despolitizaziorako tresna bat gehiago delako honakoa.

Praktika hauek 18 eta 25 urte bitarteko gazteek egiten dituzte batez ere. Ikasketa osteko fase desegonkorrari aterabidea eman nahian aukera bezala eskaintzen dute. Gazte hauen borondate onaz baliatuta burgesiak gazte lan indarra produkziora txertatzeko duen zailtasunari aterabidea emateko hala moduzko saiakera bat da, bestelako praktika ez kurrikularrak bezala edo ikasketa prozesuak luzatzea bezala, hau da, langabezia estrukturala estaltzeko saiakera bat da. Konkretuki boluntariotzazko Erasmus programa honek, 100.000 gazte batu nahi ditu ikasturtero ia urte osoko praktikaldia burutzeko. Baina hori alde batera utzita, estatuen erantzukizunpean dauden ardurak, soldatapeko lanaren bidez egikaritzen direnak, bizirauteko behar minimoen trukeko gazteen lan bihurtzen da. Horrek inplikatzen du, batetik, estatuak bere erantzukizuna delegatzen duela, eta, bestetik, gazteek lan berdinaren truk soldata gutxiago jasotzen dutela; eta, ondorioz, lan horien gastua txikitzen da eta inbertsioak murrizten dira gazteon bizkarretara. Praktika hauen normalizazioak gazteon lan indarraren merkatzea eragiten du, lana dohainik edo ordainsari miserable baten truke burutzea ohiko egiten delako.

Era berean, faktore despolitizatzailea ere argia da. Argia da, Europak gazteon despolitizazioaren aldeko hautu argia egin duelako. Hasteko, gazteek politikarekiko duten urruntasunari ustezko irtenbidea ematen hasi dira; Europa mailako gazteen erabaki guneak sortzen, beraien ahotsak entzun daitezen edo. Espazio horiek, ordea, ez dira lotesleak eta, oro har, performancen eszena bilakatzen dira. Gazteei erabakitzeko eskumena luzatzen zaiela simulatzen da, errealitatea geroz eta erabaki eta parte hartze ahalmen gutxiago dugula den bitartean. Horretaz gain, boluntariotza praktika horien bidez kapitalismoak berak erreproduzitzen dituen arazoen aurrean klase ikuspegia neutralizatzea lortzen du, borondate sozialista neutralizatzen du. Boluntariotza praktika hauetan ematen diren egoera konkretuen aurrean, migrazioa edo drogodependentzia kasu, estatua salbatzaile gisa sozializatzea lortzen da, kontrara, erantzulea denean burgesiarekin batera. Dirua eta baliabideak inbertitzen dituenaren errelatoa zabaltzea ere lortzen du, kostua benetan jasotako etekinen aldean minuskuloa denean. Laburtzeko, gatazkaren izaeraren inguruko errelato ez politizatua normalizatzea eta errotzea eragiten du. Horrela, borondate eraldatzailea kapitalak bere logikaren baita txertatzen du; alde batetik, lehen aipatutako eskulan merkearen bitartez, baina, bestetik, eraldaketa hori logika kapitalistaren baitan pentsatu eta gauzatu daitekeela sinestaraziz. Horrek gazteongan eta oro har proletariotzaren baitan geroz eta nabarmenagoa den despolitizazioa bere ukapen gisa sozializatzea lortzen du, politizazio gisa. Politika horrela, kontsetsu batetatik abiaraziko litzateken zerbait bezala agertzen zaigu, eta kontsetsua, hortaz, ez da borroka politiko baten ondorioa, hau da, politika ez da interes kontrajarriak mahaigaineratuz ematen den akzio marko bat; are gehiago, kontrakotasun horiek politika eraginkor bat burutzeko oztopo bezala pertzibitzen dira.

Gazteongan interes politikoa eta ezinegona handituz doala eta ezinegona ere irudikatzen dute estatistikek, baina orduan nola liteke antolakuntza politikorako tendentziak zeharo murriztu izana azken hamarkadetan? Nola liteke antolakuntza proletarioa guztiz residuala izatea? Nola liteke programa emantzipatzaile baten aldeko militantziarik ez egotea? Arestian esan bezala, burgesiak despolitizazioa bere antagonia bezala sozializatzea lortu duelako, politizazio gisa. Horretaz gain, politika proletarioa kriminalizatu asmoz, kutsu erradikala duen (status quoa zalantzan jarri dezakeen edozein jarrera) edozein gazte interbenitzeko subjektu bilakatzen nahi dute, militatzeko oinarrizko baldintzak deuseztatu dizkigute, askatasun politikoak urratuak izan dira eta modu esplizitu eta inplizitu batean propaganda antikomunista normalizatzen dute, antolakuntzaren eta kolektiboaren ukapenarekin batera.

Hori guztia testuinguru konkretu batean ematen ari da, jazarpen poliziaren, errepresioaren eta eskubideen ukapenen garai hauek proletarizazio prozesu batekin batera gertatzen ari baitira. Gizartearen geroz eta kopuru handiagoa ari da langabeziaren, ezengonkortasunaren eta misereriaren bizimoduan murgiltzen, eta ezinegona eta haserrea geroz eta nabarmenagoak dira. Horrek proletalgoaren protesta espontaneoen hazkundea eragin dezake, proletalgoen bizi baldintzen eta eskubideen aldeko aldarrikapenak gizartearen masa zabalak bere egitea eragiten dezake, hau da, termino politikoetan, militantziaren legitimotasuna mahaigaineratzeko baldintza aproposak eraikitzen dira. Horrek burgesiaren partetik aterabide polizialak, estrategia ilusorioak edo bestelako taktikak eragin baditu eta eragingo baditu ere, komunistok badugu eginbeharrik. Izan ere, gazteon interes politiko hori dagoen esferetan, ekarpena egitea dagokigu, langileon interesen aldeko neurriak zein antolakuntza bitartekoak proposatzea eta klase etsaia seinalatzea. Programa komunista batek momentu historiko honetan duen garrantzia zein askatasun totala eskuratzeko berme bakarra dela adierazi behar dugu. Askatasun integralaren aldeko borroka antolakuntza proletarioan hasten delako, eta gizartearen antolakuntza komunistak soilik eman diezaiokeelako aterabidea.