AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

COVID-19 gaitzak langile klasearengan eragin handia izan du, heriotza tasa altuez gain, gaixotasunarekin jasan behar izan dugun elkarbizitza ez baita baldintza onenetan eman. Lanpostuen galerak, ordaindu gabeko alokairuak, ordu luzez tratu txarren emaile denarekin espazio murriztuak elkarbanatu beharra... Baina bada beste sentsazio orokortu bat, kudeaketa txarraren, burgesiaren interesen eta egia ez jakitearen ondorio dena: ziurgabetasuna. Ezegonkortasun egoera honek psikologikoki langile klasea zeharo kaltetu du, erabakiak egoera onenetan hartzen ez gaudenaren sentsazioak eta datorrenari aurre egiteko baliabiderik edo adorerik izango dugun ez jakiteak langile klasea ahultzen du. Ezengonkortasun egoeretan burgesiak langile klasearengan esku-hartzeko gaitasuna areagotzen da, ziurgabetasun egoera orokortu baten aurrean, segurtasun neurriak zorrozten, bizi baldintzak okertzen eta langile klasearen baitako areriotasuna bultzatzen du.

Orokortu den zalantza egoera honek, gazteria langilearen egunerokotasuna zuzentzen du. Erabaki ahalmen ahuleko eta, are gehiago, erabakiak hartzeko elementu gutxi eskaintzen zaizkion subjektua da gazteria. Ezegonkortasun egoera hauek normalizatu dute gazteriak iltze goriari heldu behar izatearen praktika, asumitua, eta, horrela, lan baldintzen egoera penagarria gure egiteraino edo erabakiak hartzeko eta egonkortzeko baldintzarik gabe, etxebizitza eskubidea ere ez betetzea ohikoa zaigu.

Aipatu dut pare bat aldiz, edo hirutan agian, gazte-merkatu baten existentzia. Bere horretan existitzen ez den gazte-merkatu bat, berariazko administraziorik gabea, artikulu juridiko gisa idatzitako erregularizazio legerik gabea, ez dena Lanbideko web-orrian klikatu dezakezun leihatila bat, ez dena sindikatutako talde bat, patronalarekin sinatutako konbeniorik ez duena, edo nik behintzat ez dut inoiz horrelakorik sinatu. Baina badituena, ordea, berau erregulatzen duten hainbat lege orokor eta burgesiari bereziki emankorrak zaizkion ezaugarri batzuk. Zerrendatuta egongo dira ezaugarriak beste testuren bateko letren artean, baina lanen iragankortasunari, soldaten debaluazioari edo lanaren doakotasunari eta mugikortasunari erreparatu nahiko nieke gaurkoan. Kontuan hartuko dut ere, tartean, enpleguari lotutako hiru ezaugarri horien ondorio den etxebizitzaren problematika, edo, argiago, etxebizitzarik ez izatearen problema ere: bai etxebizitzaren alokairua bai hipoteka ordaindu ezinaren auzia, eta bizitzeko beharrezkoak ditugun minimoak ezin kosteatu ahal izatearena, alegia. Baldintza horiek guztiek gaztaroaren kontzepzioarekin lotura estua dute, hau da, gaztaroa trantsizio gisa ulertzearen ideiarekin.

Trantsizioari edota aldaketari intrintsekoa zaion desegonkortasunaren ideiak aurretik aipatutako elementuekiko gazte langileok dugun subjektibitatea baldintzatzen du. Desegonkortasun hau belaunaldiz belaunaldi beti ematen da, gainbalioaren erauzketa eraginkorrerako etengabe zabaldu beharreko merkatu eta baldintza berriak direla medio, etorkizuna lauso begiztatzen da gazteentzat. Produkzio-ziklo berrietara moldatzeko subjektua gazteria denez, hau da, produkziorako elementu berriak gazteriaren bidez txertatzen direnez, iruditeria burgesean, halabeharrez, gazteria aldaketaren sinonimo bilakatzen da. Baldintza horietara moldatzeko beharrak ziurgabetasun kondizio bat sortzen du. Ziurgabetasun hori da, sarritan, geure baldintza materialen egoera asumitzeko sendagaia eta gaitza.

Etorkizunak dakarrenaren ezjakintasun horrek errealki egin nahi duguna antzemateko zailtasunak eragiten ditu, etorkizuna baloratu ahal izateko elementuen faltan, erabaki asko irmoki hartzeko ezintasuna nabaria da gugan. Ikasketen inguruko zalantzak, alokairu bidez pisutxo batera joateko aukerak edota alboko herrian bizitzea nahiago dugun erabakitzearen dudak; gazterian errotuta dagoen inguruarekiko lotura ezak erabaki okerrak zuzentzeko aukera eskaintzen du, beste ikasketa batzuk, beste herri bat edo beste enplegu bat aukeratzeko bidea irekitzen du. Horrela, gazteriarengan ohikoak diren zalantzen aurrean erabakiak hartzea, pairatzen dugun ziurgabetasun kondizio horrek sortutako baldintza subjektiboek errazten dute. Esan nahi dudana da, ziurgabetasunezko baldintzetan hartzen diren erabaki ezegonkorrek, oinarri ahulak izaten dituztenez, atzera buelta erraza dutela, hortaz, etorkizunean egin nahi dugunaren informaziorik gabe hartutako erabakiak itzulgarriak dira askotan. Horrek eragiten duen lasaitasun sentsazioak, lasaitu beharko ez gintuen arren, badu jatorri bat. Izan ere, iruditeria hori zentro inperialistan ekonomiaren susperraldian dagoenean klase-ertainaren bizi eredua denarekin nahasten da. Hau da, zure ahalmen ekonomikoak ahalbidetzen duen bizi eredua zure baliabideen ezengonkortasunak eragiten dituen aukeren artean txarrenetan txarrena ez dena aukeratzeko posibilitatearekin nahasten da. Horrela, batzuen atzerrira joateko aukerak, beste batzuen atzerrira joateko beharraren kondizioen pare saltzeko gaitasuna lortzen du burgesiak, lana utzi eta «ametsetako lanaren» bila ibili daitekeenaren esperientzia eta ogi apurren truke tabernako lana klase partikularretako lanarengatik aldatzea lortzen duenarenaren esperientzia parekatzen dira.

Baina gaztaroa berariaz desegonkorra izatearen iruditeriak praktika asko inpunitate osoz gara daitezen baimentzen du. Esaterako, ordaindu gabeko praktikak, atzerrian egin beharreko ikasturteak, aldi baterako kontratuak edota ordaindu gabeko lanorduak. Izan ere, gure bizi-baldintzek eta gure baldintza materialek, –etxebizitzarik ez edukitzea, adibidez– praktika horien baitan sortzen diren enpleguak onartzeko aukera eskaintzen digute. Askotan, gure lan-merkaturako sarbide bakarra lan horiek izaten dira, horiek baitira gazte lan merkatuan esleitzen zaizkigun lanak. Ditugun baldintza desegonkorrengatik onartu ditzakegun lanak izaten dira, eta ditugun baldintza ezegonkorretan sakontzea eragiten dutenak. Datorrenarekiko ezjakintasun horrek baldintza aproposak eskaintzen baititu minimoen ukazioa normalizatuta egon dadin: zergatik soldata eduki gurasoen etxean bizi bazara? Zergatik etxebizitza bat ez badakizu lanean jarraituko duzun ala ez? Zergatik ikasle pisu bat ez badakizu gradua gustatzen zaizun ala ez? Zergatik lan kontratu bat ez badakizu honetan jarraitu nahi duzun edo ez?

Azaldutako guztiaren izateak erro bat du: subjektu debaluatuak izatea. Horrek gure bizitzetan ondorio zuzen bat du, azalpenik zor ez zaion subjektu bat izatearena, hain zuzen, eta hori ekarri nahi nuen gogora. Izan ere, COVID-19 gaitzaren agerpenarekin gazteok bizi izan dugun ziurgabetasuna formaz aldatu da, ziur aski inmediatoagoak bihurtuko ziren zalantzak askorentzat. Ikasketez, ikasle pisuez, praktikez, kontratu gabeko lanez, udan begirale gisa edo tabernetan urte osorako ateratzen ditugun sosez… Ez dakigu ezer, eta dakiguna gutxi eta berandu jasoa izan da. Ez garelako azalpen politikorik merezi duen subjektu bat, ez dugulako partida honetan jokatzeko fitxarik. Horregatik, burgesiak inpunitate osoz erabakiak hartu ahal izateari eta honi erantzuteko subjektu artikulatu sendorik ez izateari buelta eman beharrean gaude, izan ere, galtzeko ezer ez dugunok, dena dugu irabazteko.