Zatiketarako joeraz

2020ko martxoaren 18a


Versión en castellano

Gutxi iraun dio feminismoari emakume guztiak ahizpa gisa aurkezteko gaitasunak. Baretzen ari da euforia eta ezbaian jartzen perspektiba. Galtzen ari da «komunitate»  baten parte sentitzeak zeukan erakargarritasuna; jada ez dugu aski zapalkuntzen definizio abstraktu batekin, ez feminista izateko gonbit motibagarri batekin ere.

Badirudi, intersekzionalitatearen hutsuneak azaleratzen ari direla. «Dena korapilatua dago» errepikatzen dute: errealitatearen konplexutasuna mataza baten sinpletasunean bilduz. Langileok, ordea, galdera zehatzak dauzkagu, ez dugu aski abstrakzioarekin. Geure bizimoduaren zergatiak ulertu eta bertatik irteteko zer egin behar dugun jakin nahi dugu. Erantzun bila gabiltza.

Neurri zehatzen inguruko eztabaidak ugaritu dira: zer egin, nola egin, norekin egin... Galdera horien aurrean bakoitzak hartutako jarrerei esker, agerian geratzen ari da auzia lantzeko norberak daukan borondatearen zein konpromisoaren izaera nolakoa den. Elkarrekin «gora borroka feminista!» garrasi egiten dugunean, gu sentitzen gara, guztion artean bat egingo bagenu bezala. «Borroka» horren esanahia arakatzen hasten garenean, baina, konturatzen gara indar bakar bat izan ordez, zatituta gaudela, etsaituta.

Aldarri feministen anbiguotasunak eztabaida sustatu du, eta eztabaidaren irrazionaltasunak ezin elkar ikusia. Bakoitza bere lubakian dago orain, gotortuta, elkarren aurka. Egia da hori ez dela joera bakarra eta Euskal Herrian feminismoak kontziliaziorako indarra duela oraindik. Baina, geroz eta nabariagoa da gurean ere: gizonezkoekiko gorrotoa uztartzen duten taldeak eta gizon transak aldarrikatzen dituztenak; prostituzioaren babesleak eta abolizionistak; feminitatearen defentsa egiten dutenak eta transfeministak…

Kezkagarria da. Eta ez feminismoa bere baitan etsaitua dagoelako, logikoa da, klase interes kontrajarriak babesten ditugu. Kezkagarria da langileria etsaitasun politikoan dagoelako. Orain larritu egiten gara batasuna zen tokian banaketa ikusten dugunean, baina zer espero genuen, normala da, bat dator azken urteotan Euskal Herrian feminismotik zabaldu diren hiru mezu nagusiekin: «zapalkuntzaren adierazpenetan jarri behar da jomuga», «norberaren iritzia norberaren esperientziatik dator» eta «guztiak gara zapaltzaileak».

Azken mezu horretan jarri nahi nuke arreta, kaos politiko hau sustatzeko argumentu nagusietako bat izan baita. Ukagaitza da, guztiok probesten ditugu eskura dauzkagun bitartekoak, aukera horiek klase-kideen sufrimenduan oinarritzen direla jakinda ere. Dekadentzian dagoen, baina, oraindik orain Erdigune Inperialista izaten jarraitzen duen Euskal Herrian bizi gara, eta hau ez da dohainik, noski. Gure ekintzez eta hauek sortzen dituzten ondorioez arduratzeko betebeharra daukagu, bai. Baina izugarrizko arduragabekeria da, besterik gabe, iniziatiba feminista indibidualari dei egin, eta albokoa, dauzkan «pribilejioen» erruduntzat jotzen hastea: «ez erosi Bangladesheko emakumeek egindako produkturik; ez kontratatu interinarik; ez eduki harreman heterosexualik; eztabaida batean ez erantzun emakume arrazializatu bati; ez izan emakume, izan transa; emakume proletario batek prostituitzea erabakitzen badu errespetatu…».

Noski keinu txikiek garrantzia dutela. Baina, eguneroko ekintza horiei helburua langileok gure erreprodukzioaren gaineko kontrola eskuratzea izan behar da, ez autokonplazientzia. Horregatik, kontuan izan behar dugu, alde batetik, keinu txiki horiek txertatzea desjabetuon estratu guztietan bideragarria ote den: bertako produktu ekologikoak erosteak ez dauka zama bera Antiguon ala Beraunen bizi den langile batentzat, gure seme-alaben zaintza ezin dugu berdin kudeatu langile aristrokrazia edo proletarioak bagara… Bestetik, kontuan izan behar dugu ere, ekintza horien eragiteko gaitasuna zein den: txapa bat soinean jartzeak eta klase-kideen borrokaren sostengu izateak ez baitituzte ondorio berberak sortzen. Keinu txiki batzuek iraultza antolatzen dute, baina, ez guztiek.

Kaos kontzeptuala erein da, eta kaos organizatibo zein politikoa jaso dugu ordainetan. «Una muerte anunciada» esaten da gazteleraz. Eta honen aurrean zer? Hemen doaz egoera honi aurre egiteko orduan, kontuan eduki ditzakegun bi puntu. Batetik, eta lantzen ari ginen puntuari jarraiki, hartzailerik eta jarrera zehatzik izendatzen ez duen pribilejioen aurkako kanpaina egiteari utzi, eta langileok gauzatzen dugun gizarte burgesaren erreprodukzioaren azterketa zehatza egin behar dugu: figura diziplinarioak identifikatu, haien funtzioak zerrendatu eta erabiltzen dituzten mekanismoak ezagutu behar ditugu.

Eta batez ere, figura diziplinarioak (eta orokorrean edozein jarrera zapaltzaile) gainditzeko tresna kolektiboak sortu behar ditugu. «Zure pribilejioei uko egin behar diezu» elkarri aurpegiratzearekin ez dugu senar autoritarioarekin, gerente erasotzailerekin, ebaluatzen gaituen ikaskidearekin, ez inolako jarrera matxista orokortuekin bukatzea lortuko. Klase batasuna ezin da norberak dauzkan baliabideen edo borondatearen arabera antolatu. Horregatik zaigu beharrezkoa genero problematikaren aurkako borroka prozesu sozialistaren baitan kokatzea: kultura sozialistaren lanketaren baitan, jokabideak zein horien konplimendurako metodoak adostu ahal izateko.

Bestetik, kaos egoera honi aurre egiteko bigarren puntua, ondorengo jokaldi makurra neutralizatzea da: klase feminismoaren gaitasunak anizteko beharra, langileria etsaitzeko aitzakia gisa erabiltzea. Bakoitzak bere zapalkuntza garrantzitsuena gisa ulertzea, bakoitzak subjektu bat osatzea, nahimenaren arabera jokatzea… sustatu da. Muturtuta gaude orain: izan, iritzia zein protagonismoa gainditzeko inolako borondaterik gabe, edo izan, atomizazioa gainditu eta langileon alde borrokatzeak exijitzen duen klase batasuna eratzeko inolako konpromisorik gabe.

Pentsatu nahi dut dena ez dela moda kontua, eta postmodernistek haien buruak «klase feminista» gisa izendatzen dituztenean, inertzia iraultzaile bat dutela adierazten ari direla. Zergatik zapalkuntzak landu eta zertarako subjektibitateak antolatu kontsentsuz erabaki behar dela aurpegiratu zaigu maiz. Sor ditzagun espazio horiek, bada. Batu gaitezen politika egiteko, zer eta nola egin erabakitzeko. Kapitalismoak ezartzen digun genero problematikari aurre egin eta optika proletario batetik sexu-genero askatasunaren aldeko borroka antolatzeko. Feminismoak emakume burgesekin batu gaitu, langileon artean bereizteko. Batu dezagun klase gorrotoa, antolatu klase elkartasuna, langile bakar bat bidean geratu ez dadin.