Sozialistak ere bagara

2019ko ekainaren 28a


Feministak gara, eta sozialistak ere bai. Baina ez kolore morea eta gorria gustuko dituenak bezala, ezta txokolate eta banillazko izozkia gustoko duenak bezala ere.

Norberak bere burua "ni feminista, ekologista, sozialista, euskalduna eta internazionalista naiz" bezala aurkeztea arau bilakatu den honetan, posizio politikoa collage bat balitz bezala aditzera ohitu gara: piska bat hemendik, beste piska bat hortik, handik ere piska bat jarriko diogu... Eta hala, mundua ulertzeko zein bertan jarduteko daukagun era Do It Yourself sorkuntza jolas soil batera mugatzen da. 

Ingurukoengan ikusten dugu, epika feminista burgesak erraz bete duela marxismoaren endekapenak zein Euskal Herriko ziklo politikoaren amaierak ekarritako erreferentzia falta: borrokatzeko gogoa pizteko, zergati zein helburu bat finkatzeko eta kolektibo bat sortzeko gaitasuna eduki du. Intersekzionalitatea jaun eta jabe da alor honetan, eta oraindik, hau zer den inork oso argi adierazi ez duenez, feminismo burgesaren optikan kokatutako interpretazio pertsonala bilakatu da errealitateari begiratzeko puntako metodologia. Honek horrenbesteko ahalmena egozten dio irudimenari, ezen aurkako proposamenak sintonian aditzen dira. Ilusioa baino konfusioa hedatzen du feminismoaren ulerkera burgesak, eta esan beharrik ez dago, zeharo era negatiboan eragiten duela nahas-mahasa honek langileongan: ez bakarrik iraultzaren antolaketa zapuzten duelako, baita gure egunerokoa okertzen duelako ere. Gaurkoan, feminismoaren alor honek optika burgesean korapilatzen dituen nahimen iraultzaileetan jarri nahiko nuke arreta, edo hobe esanda, militantziak langileontzat daukan potentzialitatea indargabetzeko duen gaitasunean.

Sozialistak gara kapitalarekiko bizi-menpekotasuna daukagulako, eta kapitalismoan gailentzen den aginte modalitatea botere burgesa denez, gure bizien gaineko agintea eskuratu ahal izateko, indarrean den errealitate horri kontrajartzen zaion langile boterea eratzea beste aukerarik ez dugulako. Langileok dependetzia bitala daukagu kapital harremanekiko, eta hau, bizitzako edozein aspektu harreman kapitalisten bidez asetzera behartuak ikusten garenean egiaztatu dezakegu: etxebizitza edo elikaduratik hasi, hezkuntza edo osasungintzatik pasa, eta kultura edo lagunarteraino. Militante guztiok ahobakarrez onartuko genuke menpeko gaituen errealitatetik askatzeko berau kontrolatzen duen indarrari aurre egin behar diogula. Baina, sozialistak gara, errealitateak berak hala adierazita, problematika zehatz ororen eragilea, eta ondorioz, aurre egin beharreko indarra, dominazio sistemaren erroan bertan kokatzen dugulako. Sistema hori historikotzat definitzen dugulako eta etorkizunerako aukerak sistema honen barne kontraesanetan identifikatzen ditugulako. Hortaz, sozialistak gara zapalkuntzen edozein adierazpen burgesiaren aurkako gudan borrokatzen dugulako eta guda hori, sozialismoaren eraikuntzaren gako estrategikoen baitan burutzen dugulako. Finean, ilusio eta desiren aurrean aukera errealen araberako antolakuntza eraginkorraren aldeko apustua egiten dugulako.

Feministak gara emakume langileok jasaten dugun genero problematikarekin amaitu nahi dugulako. Langile mugimenduaren historian emakumeon eta jazartutako sexualitateon bizi-baldintzen aldeko borroka konstante bat izan bada ere, begi bistakoa da auzi honek ez duela behar den bezalako pisurik izan. Horren adierazle da, langile feminismoaren ibilbidean guretzat ikaragarri baliagarriak diren irakaspenen artean, erreferentzia zuzen mordoaz gain,  hutsune zein hanka-sartze ugari identifika ditzakegula. Genero problematika gainditzeko egon diren esperientzietatik ikasi nahi badugu, gabeziak era intuitibo batean identifikatu eta horietatik ondorio deterministak atera beharrean (adibidez, Europan garatutako esperientzia sozialisten baitan sexu erasoak indarrean jarraitu dutenez, langile mugimenduarekiko autonomia daukan mugimendu feminista bat gabe ezingo ditugu eraso sexistak gainditu), historiari marxismotik begiratu beharko diogu. Hau da, gabezia eta hanka-sartzen horiek nork, noiz eta non gauzatu dituen ikertu beharko dugu: esperientzia horiek porrotera zerk eraman zituen ikertuz eta bertatik ikasiz, askatasunaren antolaketaren aldeko gure jarduna eraginkortzeko.

Feministak gara sozialistoi, zapalkuntza guztien gaindipena gauzatu nahi dugunoi, berezkoa zaigulako genero problematikaren aurkako borroka: harreman sozialisten aldeko jardunak bere baitan baitaramalako sexu-genero askapenaren aldeko borroka, alegia. Langile kontzientziaren izaera jakin horri izena jartzen diogulako gara feministak eta hori era bikoitzean adierazten da gugan. Batetik, metabolismoa sozialista bilakatzen jarduten garenean, edozein generotako langileon askapena antolatzen gabiltzanez, emakume langileon zapalkuntzarik gabeko botere guneak eratzen jarduten garelako. Adibidez: klase elkartasuna ardatz duen militantzia eredua sustatzean, emakumeok betetzen ditugun funtzio sozial burgesen aurka egiten dugulako edo soldatarekiko dugun menpekotasuna gutxitzeko etxebizitzak okupatzen ditugunean, emakume langileok jasaten dugun soldataren debaluazioaren aurka altxatzen garelako. Bestetik, feministak gara sozialismoaren eraikuntzaren baitan, jardun feminista zuzen eta zehatza egitea beharrezkoa deritzogulako. Adibidez: ezarria izan zaigun despolitizazioari buelta emateko espazio konkretuak edo militantziaren baitako sexu erasoekin amaitzeko harremanen inguruko hausnarketak sustatuz burutzen saiatzen garena.

Horrenbestean, baiezta dezakegu ez garela feministak ez ustez emakumeoi berezkoa zaigun esentzia, instintoa, borondatea, zaletasunak, izakera... azaleratu nahi dugulako; ez emakume guztion askatasunaren alde gaudelako; ezta emakume langileon azken interesa harreman sozial kapitalistarekin (eta beraz, burgesiaren interesekin) bateragarria dela uste dugulako ere. Baieztatu dezakegu ere ez dagoela "dena aldatzeko feminismorik". Feminismoa, bere horretan, sexuak eta generoak egungo testuinguruan dauzkaten eragin sozialak jorratzeko jarrera denez, errealitateari soilik perspektiba horretatik begiratuta, ezinezkoa delako harreman sozial kapitalistaren funtzionamendua bere konplexutasun osoan ulertu.

Sexuak eta generoak dauzkaten eragin sozialei erreparatzeko bi interes kontrajarri daudenez, feminista izateko bi modu daude. Beraz, feministon zuzentasuna determinatuko duena ez da feminista izate hutsa izango, baizik eta hau gauzateko daukagun interesa, hots, gure jardun feministaren aukerak optika proletario ala optika burges batetik bideratzearen araberakoa izango da gure jardunaren baliagarritasuna. Hortaz, praktikan egiaztatu dezakegun bezala, emakume langileon zapalkuntzaren aurkako borroka optika proletarioarekin harremanean bakarrik bihurtzen da zentzuzkoa, eta ondorioz, gure ikuspuntu feministak sozialismoaren eraikuntzaren baitan bakarrik dauka bideragarritasuna. Zehatzago esanda: zapalkuntza zehatzen eta esplotazioaren arteko harremana ezagutu zein menderakuntza gainditu nahi badugu, beharrezkoa zaigu kapitalismoaren (osotasunaren) eta genero problematikaren (bere baitan daukan zapalkuntza forma zehatzaren) harremana azaltzeko kanpo loturak alboratu eta orden logikoa erdigunean jartzea.

Guzti honetatik bi ondorio atera ditzakegu. Batetik, feminismoa bi optika kontrajarritatik landu daitekenez, feministak ez garela komunitate bat, ez dugula gu bat osatzen. Burgesiak sustatutako desfase metodologikoak, besteak beste, gu nor garen eta etsaia nor den ulertzea lausotzen du, horrela, haien burua feminista erradikaltzat dutenak feminista guztiak batzeko deialdiak luzatzera bultzatzen ditu etsaiak; aitzitik, esperientziak argi adierazten digu errealitatea bera dela feministon arteko aurkakotasun politikoa sortzen duena. Bestetik, klase borrokaren bilakaera historikoaren produktu den gaurko harreman sozial honek emakumeon arteko menderakuntza sortzen duenez, guk ere, feminista orok bezala, defendatu nahi ditugun klase interesak hautatu behar ditugula. Defendatu nahi eta interesak hautatu diot, zoritxarrez, hautu politikoa ez delako gure klase interesen alde era mekanikoan sortzen den jarrera bat, eta hasieran aipatu gisa, gehiegi direlako feminismo burgesean korapilatutako emakume langileak.

Euskal Herrian saretzen ari garen ildo sozialistaren baitan antolatutako militanteok genero problematikaren aukako borrokan jarraituko dugu, ez balizko feminismo unibertsaletik, baizik eta langile feminimotik. Emakume langileon zapalkuntza egoera gainditu nahi dugulako behar dugu proiektu politiko sozialista, eta sozialismoa eraikitzeko, hots, garenaren eta izan nahi dugunaren gaineko kontrola eskuratzeko behar dugu sexu eta genero askapena. Errealitatea bera da etsaitasun politiko baten bidez harremanduta langile feminismoa eta feminismo burgesa aurrez aurre jartzen dituena. Gure zeregina da, beraz,  langile feminismoaren baitan, emakume langile guztien iniziatiba iraultzailea ordenatzea.