AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA


Ederra da begirada altxatu eta ahizpez inguratuta zaudela ohartzea. Etengabeko joan-etorrian bizi garen mundu honetan militante kideak dauzkazula sentitzea: dena ez dela jariakorra, eta inguruan dituzun guztiak galkorrak ez direla ohartzea. Ederra da ari fin batetik eutsita gauden honetan, geure bizi osoa ziurgabetasunean oinarritzen den garaiotan, inguruan dauzkazun emakume horiek zurekin dauden, eta egongo diren, bermea edukitzea.

Ahizpatasunaren edertasuna eskaintzen dizun babesean datza. Indibidualtasunaren esanahiak muturreko adierazpenak eskuratu ditu gaur, eta emakume langileok guda basati horretan jokatzeko dauzkagun aukerak oso mugatuak dira. Testuinguru honetan, sororitateak batasun baten parte izateko aukera ematen digu. Jadanik ez gara itolarrian atzera pausoak ematen dabiltzanak, talde bat gara, eta gure zapalkuntza egoerarekin amaitzeko hautua egin dugu.

Kolektibo baten parte izatea ez da soilik subjektu zabalago baten parte izatea, kideen geriza sentitzea ere bada: isolamendu bortitz honetan konpainia edukitzea. Baina hori nahikoa euskarri al da? Hau da, babesa indargarri suerta daiteke, baina aski al da lagunen beroa sentitzea zapaldu izateari uzteko? Ba al dauka sororitateak kapitalismoa iraultzeko potentziarik? Ahizpatasunak bakardade sentimenduaren tokian batasun sentimendua sor dezake. Hala eta guztiz ere, sentimendu hori soilik elkarrekiko afektua oinarri izanda eraikitzen denean, jadanik eskuratuak ditugun gaitasun apurrak erabiltzea ahalbidetu diezaguke ( adibidez, festan lagun giroaz gozatzea), bai, baina batasun sentimendu horrek ez baditu antolakuntza eta jardun bateratua oinarri, ez du gaitasunik sortzen, ez gaitu des-desjabetzen; hots, kapitalaren logikatik at biziberritzeko gaitasunaz jabetzen.

Beraz, ahizpatasunaren edertasunak mugak dauzka, ez baitauka errealitatea errotik suntsitzeko eta bizitzak erdigunean jarriko dituen ordena berri bat (sozialismoa) eratzeko ahalmenik. Ezin dugu, hortaz, gure proiektu politikoa elementu baten edertasunean edo honek gugan sortzen duen zirrara edo kitzikatze mailan oinarritu. Bizitzak lehenetsi nahi baditugu, eta horretarako menderatzen gaituen piztia hau akabatu nahi badugu, indartsu sentitu baino, indarra antolatu beharko dugu: kapitalismoarekin bukatzeko adina.

Amets Sarasua Zinkunegi naiz, eta blog honetan potentzia horren gauzapenean (iraultza sozialistaren antolaketan), langile feminismoak izan beharreko edukiaz arituko naiz; edo saiatu behintzat. Jakingo duzuen bezala, azken urteetan Euskal Herrian gorako joera nabarmenean dagoen posizio politikoa dugu honako hau: hamaika talde sortu dira, eta sortuak zeuden beste askotan ere lantzen hasi da langile ikuspegia. Emakumeok osatzen dugun, eta aldi berean, emakumeok osatzen gaituen ildoa da jorratzen duguna; bai emakumeok lehen lerroko militante garelako, baita orain arteko esperientzia historikotik tiraka, egunez egun harreman zein kontzientzia burgesa gainditzen goazenez, militantziaren bidez askatasuna ereiten gabiltzalako ere.

Ildo sozialistaren baitan antolatuta gaudenok gure gaitasunen biderkatzea bizi izan dugun arren,  larruazalean arantzak bailiran nabaritu ditugu geure mugak. Gure gogoak egikaritzeko ezintasuna dakarzkiguten hutsuneak dira, askatasuna eskuratzeko oztopoak. Hutsarte hauek geure desjabetu izaerak bere baitan daramatzan ezaugarriak dira. Auzia, beraz, norbanako gisa daukagun inpotentzia hori batasunaren potentzian bihurtzeko daukagun gaitasunean datza: desjabetu izaeratik langile boterea gauzatzeko eratzen dugun antolakuntza zein borroka formatan. Zeregin orokor horren baitan, baina, zein paper betetzen dugu emakume langileok?

Ez da erantzun makala duen galdera; ezta gaur-gaurkoz osorik erantzuteko gai garen galdera bat ere. Egia da ildo sozialista Euskal Herriko txoko militanteetatik hedatzen ari dela, baina jadanik aipatu gisa, konta ezinak dira dauzkagun hutsuneak: ezinbestean, genero auzia lantzeko daukagun eran ere islatzen direnak. Bagabiltza, baina oraindik ez dugu lortu gure espazioetan oraino bizitzen ditugun sexuaren araberako lan-banaketarekin, bertatik eratortzen diren botere-harremanekin zein eraso sexistekin guztiz amaitzea; ezta emakume langile guztiak antolatzea eta iraultza sozialistaren eginbehar oro gauzatu ahal izateko gaitzea ere.

Plazaratutako galdera hori osoki erantzutea egiteke daukagun zeregina da. Bai, baina berriro diot: bagabiltza, eta horren adierazle dira ildo honen baitan garatzen ari garen harreman osasuntsu zein emakume militante integralak. Blog honetatik genero auziaren langile ikuspegia zabalduz, eginkuzun horiek ebazten laguntzen saiatuko naiz: militantziako harremanen hutsuneak adierazten, Euskal Herriko emakume gazteok bizitzen dugun genero zapalkuntza zehatza identifikatzen eta honen zergatiak azaleratzen, eraso sexistei aurre egiteko behar ditugun tresnen gakoak zirriborratzen, emakume langileon genero zapalkuntza betikotzen duten muturreko adierazpenak salatzen... ahaleginduko naiz, ea asmatzen dudan!

Sororitatetik ikas dezakegu zeinen garrantzitsua den kideon afektua: babesa edukitzetik harago, babesa sentitzea. Militanteen maitasunak goxatua sentitzea, aintzakotzat hartua. Alabaina, afektuak sistema kapitalistan bizirauteko (eta horrenbestez, hau betikotzeko) tresna izan beharrean, sistema kapitalista gainditzeko tresna izatea nahi badugu, afektua ezin da harreman interpertsonal  isolatuetan adierazten den zerbait izan; ezpada, proiektu politiko baten baitan garatzen den harremanen funtsa. Maitasunaren xedea, hortaz, askapen prozesuan aurrera egin ahal izateko militanteon osasuna bermatzea izan behar da: proiektuaren sustengu, eta ez helburu pertsonal. Horregatik, desjabetuon elkartasuna ezin da sentimenduetan oinarritu. Guretzat printzipio organizatibo bat izan behar da, programa politikoarekiko hartzen dugun konpromisoa; eta horrenbestez, taldearekiko zein bertan militantzia kide ditugunekiko konpromisoa.

Guk elkartasuna antolatu egin behar dugu: urgentziaz, gure espazioetan bizitzen dugun genero zapalkuntzarekin amaitzeko, baita, bertatik kanpo ematen denaren aurka tresnak garatu ahal izateko ere. Horrenbestez, generoen gaindipenerako lanabesa klase elkartasuna da. Alta, gure buruei onartu behar diegu, lehia mugagabera kondenatuta egoteak sortzen digun kontzientzia burgesak itsututa, ez dela erraza klase elkartasunez jokatzea, ezta horrek eduki beharreko izaera zein hartu beharreko dimentsioa ulertzea ere.

Zailtasunak zailtasun, baldin iraultza sozialistaren alde lerrokatzen bagara, argi eduki behar dugu, ezinbestean, elkartasunak berekin ekarri behar dituela hainbat puntu; adibidez, lantzen ditugun etika zein komunitate izaerek helburua bera haien baitan eraman behar dutela. Komunitatean harremantzeko lantzen ditugun elementuak ezin ditugu aldarrikatzen dugun harreman sozial orokorretik bereizi. Edo bestela esanda, sozialismoa eraikitzeko jarduten bagara, garatzen ari garen harremantzeko ereduak metabolismo hori egikaritzeko ahalmena eduki behar du: haziak fruituaren zein lorearen potentzia bere baitan daraman bezala.

Horregatik, kontuan hartu behar dugu, batetik, ez dagoela klaseen gainetik gauzatzen den sororitaterik, bai, ordea, emakume langileon klase interesen gainetik dagoen sororitatea. Itxurak itxura, azken batean, sororitateak ez ditu sekula emakume burgesen interesak zalantzan jarriko, eta beraz, ahizpatasuna ez da sekula burgesiaren klase interesen gainetik gauzatuko. Bestetik, kontuan hartu behar dugu genero zapalkuntzarekin amaitzeko bidea klase elkartasuna dela, hortaz, garatzen dugun antolakuntza formak guztion ardura eta zeregin gisa kokatu behar du auzi honetan jardutea. Beraz, kontraesankorra da militantzia osoa zein babesaren aspektu oro barnebiltzen dituen elkartasuna antolatu beharrean, soilik emakumeon arteko babes sentimenduak sustatzea.

Emakume langileon klase interesen gainetik, eta beraz, gure behar errealetatik at, garatzen den sororitate baten aurka, klase elkartasuna  antolatu behar dugu. Babesaren edertasuna militantziaren bidez bilatzen dugun esperientzia izateari utzi, eta militantziaren gora-beherez gozatzeko ahalmena bilakatu behar dugu. Babesaren edertasunak bidearen ondorio izan behar du, ez helburu. Alegia: konbentzimendu politikoz egiten ari zareten hortaz gozatzen duzun unea. Eta ederra da une hori, kideen konpromisoak besarkatzen zaituen une hori.

Ibilbide luzea dugu aurretik, zaindu dezagun elkar,

Amets.