Feministak gara

2019ko maiatzaren 31a


Ez gaude feminismoaren aurka, ezpada, feminismo burgesaren aurka: kapitalismoa bere horretan uztea helburu duten petatxuak jartzen dituen, emakumea subjektu unibertsal gisa ulertzen duen, zein ezberdintasunak politikoki aurrez aurre jartzen dituen eta iraultzaren xedea borondate indibidualaren baldintza gabeko gauzapena dela defendatzen duen feminismo burgesaren kontra, hain zuzen. Aldiz, errealitate burgesa errotik eraldatzea ahalbidetuko diguten pausuak egikaritzea, kapitalismoak ezartzen dizkigun bereizgarriak deuseztatzea, zein norberaren berezitasunak askatzea eta kolektiboaren gaitasunak antolatuz guztion beharrak asetzea helburu duen feminismo horren alde gaude. Langile feminismoaren alde, alegia. Zu ez ala?

Aurkakotasuna egon arren, badakit askotan zaila izaten dela, begirada-kolpe bakar batez, bi korronte hauen arteko kontraesana ikustea. Guk geuk ere askotan zalantzak izaten ditugu egiten dugunaren zuzentasun mailarekin edo inguratzen gaituzten espazio postmodernoen ekintza batzuk egokiak izatearen aukeraren inguruan. Arrazoi mordo batek bultzatzen gaitu ezbai horretara: hitzen erabilera okerrak, baita manipulazioak ere; geure egitasmoekin kontraesanetan egoteraino eramaten gaituen programaren eta praktika politikoaren arteko loturarik ezak; perspektiba historikoa duten balorazioak egiteko ezintasunagatik, baita zuzenean ezgaitasun politikoagatik ere, egiten dugunaren ondorioen dimentsioaz ez ohartzeak... Adibidez, egunerokotasuna militantzia eredu kontrairaultzailea sustatzera bideratzen duen eragile batek bere burua langile feminismoaren ordezkaritzat hartzen duenean, emakume langile guztiak bertan biltzen, eta horrenbestean, mendean hartzen ahalegintzen denean, emakume langileok bizitzen dugun talkaren definizio ezegokia sortzen du. Bestela esanda, langile aristokraziako emakumeek haien burua langile feminismoaren ikur bilakatzeko egiten duten saiakerak, klase borroka desitxuratzen du: gure ikuspuntua lohituz eta potentzialtasuna antzutuz.

Era batekoak ala bestekoak izan, errealitatea lausotzen duten bitartekoek nahasmen politikora bultzatzen gaituzte. Emakumeon askapenaren izenean egiten den edozein adierazpen bere bat-batekotasunean epaitzen dugu, eta horien ustezko asmo onak itsutzen gaitu. Amarru ilunenak erabiliz, gu liluratzea lortzen dute, alegia. Adibidez, etxekoandreen auziari dagokionean, emakume hauek oinarrizko beharrizanak asetzeko zein sozializatzeko gaitasuna edukitzea guztiok beharrezkoa ikusten dugunez, maiz, behar hori ikusteak, etxekoandreentzat soldata bat eskatzen duen aldarri historikoarekin bat egitera bultzatzen gaitu. Jarrera hau, ordea, gehienetan intuiziotik garatzen dugun jarrera izaten da, alde batera uzten baitugu: batetik, etxeko giroan egiten diren lanak perspektiba sozialista batean antolatzeak zer esan nahi duen, bestetik, emakume hauek dauzkaten beharren konplexutasun maila eta, azkenik, etxeko lanak era orokortu batean soldatapeko bihurtzeak dakarren eragin soziala. Ondorioz, emakume langileen ustezko defentsan eta borroka feministaren izenean, gure harreman pertsonalak truke balioaren baitan gauzatzea sendotzen dugu; itxura proletarioa hartzen duen, baina, egiaz proletalgoa soldataren kateetara estutu baino egiten ez duen feminismo burgesa babestuz.

Feminista goitizena daraman edozer onuragarritzat hartzen den anabasa honetan galduta segi nahi ez badugu, berehalakoan ageri zaiguna arakatzen hasi behar dugu: sustraira, sakonera jo. Ikusten dugun edozein mugimendu, baita feminista ere, berau eratzen den testuinguru politikoarekin lotu behar dugu. Adierazpen horiek nondik datozen ikertu behar dugu, nora garamatzaten aurreikusteko eta, ahal den neurrian, guztia ontzat hartzen duen uholdeak gu berarekin eraman ez gaitzan. Kapitalismoa eraisteko saiakeran, beste behin, beharrezkoa zaigu gure jardun feministak dauzkan ondorio sozialak neurtzea, kolokan jartzen dena gu geu izan ez gaitezen.

Mugimendu Feminista bitan banatzen duena ez da berau osatzen duten kideen borondatea, asmoa, ezta klase soziala bera ere. Bere baitan aurkakotasuna sortzen duena, ekinbide feminista bakoitzak errealki indartzen duen botere soziala da: hau da, zapalkuntzen aurkako borroka gauzatuz, errealitatea kapitalista elikatzen ala berau irauliko duen indar politikoa elikatzen duen. Beraz, gure praktika politikoaren klase izaera, ez du kapitalismoa errotik suntsitzeko eduki dezakegun borondate iraultzaileak, guztiontzat bizigarria den harreman sozial bat eraikitzeko asmoak edo geure langile izaerak determinatzen; baizik eta, hain zuzen, praktika horren bitartez errealki sortzen dugun eragin politikoak. Kontraesana honakoa dugu beraz: praktika politikoa kapitalismoari naturala edo berezkoa zaion harreman eredu indibidualista mantentzera zein betierekotzera bideratzea, ala kontrara, harreman eredu indibidualistaren jatorriaren konplexutasuna (ekoizpen prozesuan kokatzen diren bi klase sozial antagonikoen existentzian eta euren arteko indar harremanetan oinarria duena) ulertzetik abiatuz, eredu honen etengabeko erreprodukzioa bermatzen duten baldintzen aboliziora bideratzea. Horrenbestean, nahimenik zintzoena izanda ere, bere militantzia norbere burua sendatzeko jardun isolatura bideratzen duenak, nahiz oharkabean izan, langile feminismoa indartu beharrean, feminismo burgesa hauspotzen du. Zentzu honetan, militanteon arteko harremanak urgentziaz hausnartzeari eta lantzeari uko egiten dionak ere, sozialismoaren eraikuntza trabatzen eta feminismo burgesa elikatzen bukatzen du.

Hau kontuan hartuta, feminismoaren baitan azpi modalitate asko dauden arren, korronte guztiak, guzti-guztiak, bi korronte nagusiren baitan bildu daitezkeela baiezta dezakegu: harreman kapitalistatik at langileok daukagun biziberritzeko gaitasuna elikatzen dutenak, edo alderantziz, burgesiaren logikan are gehiago hondoratzen gaituztenak. Langile feminismo bat behar dugu, orain eta hemen bizi garelako, gu geu zurrunbilo batean bihurtzen gaituzten presioek testuinguru historiko zehatz bat dutelako. Sistemak zapaltzen gaituela esaten dugunean, kapitalismoa gainditzeko beharraz ohartzen garelako; genero zapalkuntza kasualitatea ez dela diogunean, kausalitatea argitara ateratzeko premia dugulako. XXI. mendeko Euskal Herrian hezitako emakume gazteak garelako, eta gure zapalkuntzak inguruabar honi erantzuten dionez, gure praktika politikoa arazoen sorburuari eta honek gurean hartzen dituen ezaugarri bereizgarriei aurre egiteko antolatu behar dugulako. Gure lurraldean bizitzeak sortzen dizkigun berehalako premiak iraultza antolatuz asetzeko betebeharra dugulako; hots, oinarrizko beharrizanei sozialismoaren eraikuntzaren baitan aterabidea emateko zeregina dugulako.

Barrena ihartzen digun sumin guzti hau itzali nahian, noraezean, hara eta hona trabatuta gabiltzan honetan, langile feminismoa behar dugu gure baitan daramatzagun kezkak hauspotu, zalantzak erantzun eta muinera iristeko. Gure ikuskera sakonduz eta jarduna zorroztuz, grin iraultzailea praktika iraultzaile bihurtzeko.

Beste behin, gure jardunak defendatzen dituen klase interesekin zalantzati bagaude, galde diezaiogun geure buruei: egiten ari garen honek nor indartzen du?