Emakume taldeak eta autolaguntza

2020ko urtarrilaren 23a


Versión en castellano

Gatazka konstante batean bizi gara, gure gorputzekin, identitateekin, egiten dugunarekin, baita egiten ez dugunarekin ere; kontraesanez beteta gaude. Emakume egin gaituzte, emakume, bere molde negatiboenean. Barneratuta dauzkagu; militante garenean ere, hor jarraitzen dute, guk ere ez dugu ezaugarri zapaltzaile horiek guztiz desagertaraztea lortu. Zaila egiten zaigu, hortaz, geure baitan naturaltasunez bizitzea, zaila gure gorputzak geure sentitzea. Korapilatu egiten gara gorputzak maitatzearen eta sexualizatzearen arteko muga praktikoa topatzen. Horregatik sortzen ditugu taldeak, zehazki emakume taldeak, ezinezkoa egiten zaigulako dauzkagun egonezin guztiak bakardadean lantzea, are gehiago, daukagun emakumetasun hau bere funts zapaltzailetik askatzea.

Arazoak sortzen dira emakume talde horiek estrategia proletario baten baitan funtzioak betetzeko sortu beharrean, entzungo gaituen norbaiten bila fundatzen ditugunean; hutsunea betetzeko, protagonista izateko edo kezkak uxatzea ahalbidetuko digun emakume talde bat osatzen dugulako. Emakume taldeek eta autolaguntzak bat egiten dutenean, kasik gauza bat eta bakarra izateraino elkartzen direnean, hau da, sozialak diren fenomenoak indibidualismoz konpontzen saiatzen direnean, arazo bikoitz batekin egiten dugu topo. Batetik, bi kontzeptu horiek bateratzeak emakume taldeen funtzioa autolaguntza talde profesionalak izatea dela ulertaraziz, antolatzeko grina dugun emakumeoi norberaren ezintasunen kudeaketan espezializatzen gaitu eta, gainerako bizi politikotik isolatuz, emakume taldeetara zokoratzen gaitu. Hau da, emakumeok kontrola eskuratzeko aukera oro zapuztu eta itxurakerira kondenatzen gaitu.

Bestetik, emakume taldeen eta autolaguntzaren arteko harreman honek sortzen duen bigarren arazoa, lehena baino okerragoa da: genero problematikaren subjektibitatearen alorra feminitatearen mistifikazioz bete, eta auzi hau lantzeko bide bakartzat autolaguntza aurkezten da. Aipatutako bigarren arazo horrek, batez ere, optika sozialistaren baitan antolatuta dauden militanteengan duen eraginari erreparatuta, bi joera kontrajarri indartzen dituela baiezta dezakegu: auzi horiek lantzeko eduki ohi ditugun mugek uzten duten hutsuneak autolaguntza zantzuak sustatzen ditu, eta postmodernismoarekiko errefusa dela eta, subjektibitatearen auzi bera errefusatzen bukatzen da.

Edozein kasutan, Ildo Sozialistatik auzi hori lantzeko daukagun zergatia ez da autolaguntzaren hedapenak sortzen dituen bi arazo horien desegitera mugatzen. Subjektibitateaz ari garenean, antolakuntzaren dimentsio emozionalaz, identitarioaz, psikologikoaz zein afektiboaz ari gara; adibidez, militanteok geure sentimenduak kudeatzeko dauzkagun erez, geure buruerekiko dauzkagun ulerkerez, bat-bateko estimuluen aurrean erantzuteko dauzkagun kodeez, elkar maitatzeko dauzkagun moldeez... Eta beraz, oraindik orain, lan-banaketa eraginkor bat egitea zein harreman pertsonal osasuntsuak egikaritzea ahalbidetzen digun subjektibitatea ezartzeko zailtasun handiak dauzkagunez eta gure militantzia ereduak hala bultzatuta, eginbehar politiko gisa heltzen diogu auzi honen lanketari. Nabarmena da egoera politikoak eskatzen digun borondate, konbintzio zein konpromiso maila zorrotza iraunkorki mantentzeko zailtasuna daukagula, eta eskala txikiagoan eta noizbehinka bada ere, azaleratzen jarraitzen dute taldearen goxotasunagatik hurbildutakoek ere. Bereziki, momentu gogorrenetan ikusten ditugu militantzia ereduaren diseinuan dauzkagun ahulguneak; estrategia proletario batek kapitalarekiko daukan funtsa hauslea denez, interes ekonomiko horren alde jokatzen dutenekin bataila politikoan aurkitzen garenean, kasu. Momentu horiek eskatzen duen determinazioa, eta orokorrean portaera, praktikatzen ari gara oraindik.

Jakina den bezala, genero problematika ez da subjektibitateak militantzian duen eraginetik at geratzen. Bistan da militanteok geure baitan daramagun kontzientzia burgesagatik gizon-emakumeok jokamolde ezberdinduak dauzkagula. Hala, aipatutako ahultasunak direla eta, gauzatzen jarraitzen dugun disziplina urraketetan ere, genero problematikari dagozkion bi joera historiko bereiz ditzakegu: gizonezkoek genero problematikari dagozkion zereginak betetzeko eduki dezaketen utzikeria, bereziki, militantziaren baitan subjektibitatearen auziak duen paperarekiko urruntasuna; eta emakumezkook, erabakitasun ezak sortzen digun ahultasuna dela eta, bajoi emozionalak betikotzeko zein ardurek gain hartzeko izaten dugun joera.

Lasaitasun kutsu batekin ari naiz honetaz guztiaz, aipatutako zergatien zamaz gain, aurrerantz doanaren determinazioa ere badugulako. Gabeziak gabezi, akats guztietatik haratago, ongi egindakotik ere ikasteko aukera duenaren konfiantza dugulako: gaiari dagokionean, lan-banaketaren edozein puntutan daukagun emakumeon kopurua gorakorra zein militantzia ereduak irabazitako eraginkortasuna aipatu ditzakegu. Badugu nora begiratu, beraz. Nola begiratu behar dugun, hau da, militantziaren baitan subjektibitatearen lanketak hartu behar duen izaera zehaztea, nahasi ohi zaigun ebazpena izaten da. Kultura sozialistak ematen digu testuinguru orokorra, eta norakoa marraztu ahal izateari esker, muturren aurrean dauzkagun mila eta bat arazo lehentasun estrategikoaren arabera ordenatzeko aukera dugu. Kultura sozialistaz jardutea, beraz, ez da etorkizuneko ekonomia sozialista batean edukiko dugun harreman eredu hipotetikoaz hausnartzea. Kultura sozialistaz jardutea, adostutako bideorria gauzatu ahal izateko gaur, orain eta hemen beharrezkoa zaigun militantzia eredua egikaritzea da.

Beharrezkotasunetik eutsi behar diogu gaiari: mahai gainean dauzkagun erronka politikoak eta gure jarduteko eredua, maiz, talkan sartzen dira, eta, hortaz, ziklo politikoko eginbeharretara egokitzen den militantzia eredua atzemateko premia dugu. Logika horren baitan kokatu behar dugu, beraz, emakumetasunaren kontzeptu burgesaren azterketa, lehenik eta behin, militante garen emakumeongan subjektibitate arrotz horrek jartzen dizkigun trabak identifitzeko. Langile gisa jasaten dugun genero problematikaren baitan, emakume bakoitzarengan subjektibitateak betetzen duen paperaren ulerkera osatu bat eukitzeko gaitasunik ez daukagun arren, badugu egikaritzen ari garen proiektu politikoak daukan garapen mailaren eta emakumentasunaren ulerkera burgesaren talka ezagutzeko gaitasuna. Hau da, egozten zaizkigun funtzioen gauzapenean, kontzientzia forma horrek jartzen dizkigun oztopo zehatzak ezagutzen ditugu. Emakumeon subjektibitatea kultura sozialistaren eztabaidaren baitan lantzeko bigarren arrazoia, identifikatutako subjektibitatearen elementu zehatz horiek gaindituko dituzten harreman forma berriak eratzeko daukagun aipatutako premiari erantzuteko daukagun gaitasunaz baliatuta, testuinguru jakin honetan dauzkagun zereginak betetzeko prestatzea da.

Autolaguntzan oinarritzen den feminismoaren defendatzaileek argudiatuko digute talde horietan «haien kontu pertsonalez» aritzen direla, eta, beraz, zilegitasun osoa dutela nahieran jarduteko; diotenez, norberak beretik bereari eutsita soilik osatu ditzakegula geure buruak. Aipatu dut autolaguntza itxurakeria dela, baina ez da hala guztiontzat. Langile aristokraziako emakume gehienentzat erabilgarria da; ez «haiek haietik haienari» ekiten diotelako, ezpada, autolaguntzak eskatzen dituen bitartekoen jabe zein autolaguntzak eskaintzen dituen aukeren onuradun direlako. Hots, nahikoa denbora zein diru dutelako salgaiak erosteko, baita, subjektibitatearekiko dauzkaten kezkak direla eta, hala nolako petatxoen bidez, ezinegon pertsonalak asetzeko gaitasuna daukatelako.

Guri, aldiz, autolaguntzak ez digu balio; are gehiago, sortzen dituen ondorio sozialek kaltetu egiten gaituzte: proletarizatuta gaudenez, ez daukagu gurpil zoro horretan irauteko gaitasunik, eta optika sozilistatik jarduten garenez, ezinezkoa zaigu emakumetasunaren kontzientzia burgesak gure jardunean sortzen dituen arazo guztiak autolaguntzaren bidez ebaztea. Horrenbestez, subjektibitatearen auziak daukan garrantzia politikoa kontuan hartuta, guztioi dagokigu, zeregin gehiago edo gutxiagorekin, baina erantzunkizun osoz, dimentsio horri egokitutako neurrien bilaketaz arduratzea.