Aniztasunaz hitz egiten digute

2019ko uztailaren 27a



Aniztasuna bizitzaren plenitude gisa aurkezten zaigu: bizitza beraren helburua norbera ezberdintzen duten ezaugarriak aurkitzea izango balitz bezala. Gutako bakoitzak erreprimitua izan den berezko elementu bat duela eta gure buruak esentzia indibidual horren bidez ezagutarazi behar ditugula azaltzen zaigu. Aniztasuna garapenaren puntu gorena izango balitz bezala hartzen da, bizitzaren summuna, topatzeko zeregina daukagun norberaren izaera propio hori askatzeko bidea. Harreman sozial kapitalistan nor izatea, beraz, esklusiboa izatea da: taldean bereizgarria eta berdingabea izatea.

Ekoizpen ziklo honi (ere) beharrezkoa zaio aniztasunaren ulerkera burgesa: orain arte kapitalismoa iristen ez zen esparruak bereganatuz, merkatua hedatzea ahalbidetzen duelako batetik, eta desjabetuon antolakuntza politikoa anitza izatea sustatuz, langile antolakuntzaren potentzialitatea hutsaltzea lortzen duelako, bestetik. Behar ekonomiko horrek agindu dezan, kapitalari beharrezkoa zaio horri egokitutako gizarte antolamendua indarrean jartzea, hots, salgai itxura hartzen duten botere unitateak balioztatzea eta menpean dauzkan horiek bereizgarritasunaren arabera atomizatzea ahalbidetzen dion forma kulturala garatzea. Hori dela eta, aniztasunaren zentzu honek era bikoitzean eragiten du ordena burgesean integratutako Mugimendu Feministako eremuetan: batzuetan, elkarrezina elkarbizitzera bultzatuz, eta besteetan, bateragarria zatituz.

Horren adierazle ditugu, esate baterako, bere burua “iraultzailetzat” duen edozein ontzat hartzen eta partaide guztiak bere partikularidadean aurkeztez dituzten eragileak. Edo bestela esanda, taldea batzen duen elementua emakume izatearen ulerkera irrazionalean kokatzen dutenak eta, hortaz,  klase etsaitasuna alde batera uzten duten eragileak: gure zapaltzaile diren emakume burgesekin berdintzen zein eskuz esku lan egitera gonbidatzen gaituzten martxoaren 8ko agerraldi nagusien sustatzaileak, kasu. Helburu nagusitzat subjektibitate propioa elikatzea duten taldeak ere aniztasunaren bilaketa zoro horrek Mugimendu Feministan daukan eraginaren adierazletzat hartu genitzake; edozerren gainetik, baita klase batasunaren gainetik ere, haien itxurazko independentzia bilatzen dutenak. Esaterako, langile estrategiaren baitan kokatzeko prest ez dauden emakume gazteen, bolleren, etorkinen, beganoen... espazioak.

Lehenengoek, genero zapalkuntzaren iturria testuingururik gabeko emakumearen zentzuan (eta beraz, zentzugabean) kokatzen dute; bigarrengoek, aldiz, ia emakume bakoitzaren izaera zehatzeraino lekualdatzen dute genero zapalkuntzaren iturria. Edonola ere, bi kasuetan aniztasunaren adiera hau bizitzaren ikur gisa hartzen dutenez, haien antolakuntza espazioetan ikuskera hau sustatzen dute, partikularra izanda zure bizitzaren gaineko kontrola eskuratu dezakezunaren usteak bultzatuta: ezberdina zarela izaera propioa duzulako, zeure burua nahieran eraiki duzulako, baztertuak izan diren ezaugarriak mahai-gaineratu dituzulako... 

Pentsatu dezakegun eran, eremu feminista horietatik zapalkuntzari kontrajartzen dioten aniztasunaren ustezko bizitasunaren atzean, zapalkuntza beraren betikotzea besterik ez da aurkitzen, desjabetuon askapen aukeraren heriotza. Esan beharrik ere ez dago, emakume guztion elkarbizitzak edo langileon amaigabeko zatiketak ez duela subjektu iraultzailea antolatzeko potentzialitaterik. Are gehiago, biek ala biek, aniztasunaren izenean, militantzia bera ere, gainontzekoengandik ezberdintzen gaituena bilatzeko tresna bihurtzen dute. Manipulazio honen eraginez, militanteon izateak baldin eta gainontzekoengandik nabarmentzen gaituen elementuak azaleratzen baditugu, baldin eta zerbaitetan besteek ez duten trebetasunik badugu hartzen du zentzua. Hala, gure frustrazioak merkatuaren bidez “asetuz” zein zure eta nire arteko ezberdintasunak aurkaritzan jarriz, militantzia bera aniztasunaren ulerkera burgesa gauzatzeko tresna bihurtzen dute.

Adibidez: sexu askapenaren aldeko borroka, Itaiako lagunek azaldu zuten eran, emakume langileok jasaten dugun esplotazio forma zehatzean sexualizazioak daukan pisuari eta honen muturreko adierazpenek gugan dauzkaten eragin lazgarriei aurre egiteko erabili beharrean, sexu askapena merkatuak eskaintzen dizkigun bitartekoen bidez (baita gure sexualitatea merkaturatuz ere) eskuratzen saiatzen garenean ematen da fenomeno hau. Prozesu honen bidez, sexuaren industriak sortzen duen dirutzari zein gugan areagotzen duen zaurgarritasunari esker, botere burgesa indartzeaz gain, plazerraren kontrolaren gaineko kontzeptu guztiz desfasatua eratzen du: plazerra atsegin zaigunak sortzen digun sentipena izan beharrean, egozten zaigun funtzio sozialaren gauzapenaren eskutik datorkigula baieztatzen zaigu (gugan ere uste bera txertatuz). Beste adibide bat aipatzearren, zaletasunen aniztasunaren aldarriak edozein bulkada justifikatzeko duen pisuari erreparatuko diogu. Izan ere, erreprimitua izan zaigun zaletasun hori gauzatzen dugunean, norberak bere burua askatzen ari garenaren ustea sinestarazi zaigu. Honela, sentitzen dugun bulkada berekoi zein kontrairaultzaile oro justifikatzen zaigu, gainera, gure baitan daramagun borondate burgesa auzitan jartzea eta talde konpromisoa hartzea ekidinez.

Goraipatzen diren elementu guzti horiek, gainera, naturalak izatetik urrun, sexuaren araberako lan banaketan emakume langileok betetzen ditugun funtzioetara lotzen gaituzten ezaugarriak izan ohi dira: muturreko sexualizazioa, estetikaren molde pertsonala, emozioen menderaezintasuna, harremanen jariakortasuna, bizi helburuen berekoikeria, bizi ereduen partikulartasuna, noraezaren gorespena... Era honetan, aniztasunaren apologia deskontestualizatua erabiltzen da geure kontzientziak (iraultzailea izan beharko lukeen tresna, hau da, militantzia bera erabilita),  klase izaera hutsalduz zein ezberdintasunak aurkaritzan jarriz, akumulazio ziklo honi ezinbestekoak zaizkion muturreko indibidualizazioa zein lehia basatia justifikatu, eta hala, emakume langileon funtzio sozialak ziklo ekonomikoak dauzkan exijentzia berrietara eguneratzeko: geure izatea nahimenetik ulertzen dugunak, komunitatearekiko loturarik ez dugunak, geure sexualitatea merkantilizatzeko prest gaudenak, soilik zaletasun propioekiko konprometitzen garenak, osasunaren bila zoratzen garenak, bizitza helburu pertsonalista baten baitan ardazten dugunak, geure ametsak betetzeko gainontzekoen gainetik pasatzeko prest gaudenak...

Aniztasunaz hitz egiten digute, eta guk berdintasunaz hitz egin nahi dugu. Ez erabateko homogenizazio zurrun bat sustatzen duen berdintasunaz, langile feminismotik ez dugu aniztasuna ukatzen. Bizitzeko eskuragarri dauzkagun baldintzen parekotasuna bilatzen duen berdintasunaren defentsa egiten dugu, beharren arabera kudeatzen diren baliabideek eskaintzen diguten berdintasunaren defentsa eta, beraz, aniztasuna soilik bere forma burgesean ukatzen dugu. Perspektiba sozialista batetik, berdintasuna eta aniztasuna ez dira kontraesankorrak, elkar osatzen duten elementuak, baizik. Anitzak gara, aniztasuna beharrezkoa zaigu eta aniztasuna antolatzen jarraituko dugu. Baina, errealki aska gaitzakeen aniztasuna ez da helburu pertsonalista batekin norbankoaren bereizgarriak bilatzen dituena, ezpada gure erreprodukzioa era propio eta osatuan gauzatzea bilatzen duen estrategia sozialista baten baitan dagokigun zeregina bete ahal izateko ezaugarri berezituak bilatzen dituena. Aniztasunak kolektiboaren osagai izan behar du, beraz, eta ez zatitzaile.

Horretarako, gure aniztasun guztia desjabetuon bideorriaren baitan lerratzea lortu behar dugu. Auziaren konplexutasuna, hortaz, programa politikoaren baitan gure baitan dauden gaitasun zein zaletasun positibo guzti horiek, zein berauek burutu ahal izateko jarduna, ordenatzean datzala baieztatu dezakegu. Kontuan hartu behar dugu, baina, ezin dugula naturaltzat hartu egun daukagun aniztasuna, jadanik aipatu gisa, gure kontzientzia dagokigun funtzio sozialarekin bat etortzeko eraikia izan baita. Eta ondorioz, gugan dauden bulkada guzti horiek, besterik gabe, askatzen saiatzen bagara, aniztasuna merkatuaren beharrak asetuz eta langileria zatituz kapitala indartzeko garatuko dugunez, kontrako norazkoan arituko garelako.

Aniztasuna optika iraultzaile batetik gauzatzea ahalbidetuko digun bidea programa politikoaren arabera gidatu behar dugu, eta ez gure aniztasun partikular burgesak sortzen dizkigun desiren arabera. Gorpuzten ditugun elementu guzti horietan era arrotzean sustatu zaizkigun bereizgarriak zein gure gaitasunak diren berezitasunak ezberdintzea, eta estrategia sozialista bati jarraiki, lehenak deuseztatzea eta azken hauek langile antolakuntzaren menpe jartzea lortu behar dugu. Aniztasun askea esperientzia sozialistaren bidez eraikiko dugu, klase elkartasunaren programan jasotzen ditugun puntuak betetzen gure aniztasun propioa topatuko dugu: gure gaitasunen arabera esleitua izan zaigun zereginak exijitzen digun espezializazioagatik, baita horren baitan, zapaltzaileak ez diren zaletasunak garatzeko izango dugun aukerarengatik ere.

Aniztasunaren giltza, beraz, ni partikularra, gu kolektibo baten zati gisa, unibertsalki antolatzean datzala uste dugu. Ea anabasa hau ordenatzea lortzen dugun!