Proletalgoaren autonomia politikoaz

2021eko urtarrilaren 24a


Henri Lefebvrek zioen ezin dela kapitalismoaren gaindi bestelako bizitza baten inguruan jardun, bestelakoa deritzon bizi horrek ez badu gauzatu ahal izateko espaziorik. Espazioa ez baita edukiontzi neutro bat; espazioa, giza espazio den heinean, edukiontzia eta edukia bera da, gure elkar harremana gauzatzeko aukerak eta moduak zedarritzen dituen prozesuen materialtasuna. Giza espazioa indar produktiboen eta produkzio-harremanen arteko emaitza da. Ez dago, Lefebvreren aburuz, bestela bizitzerik espazio sozial kapitalista bera transzenditu gabe, alegia, bestelako soziabilitate bat garatzeko posibilitateak emango dituen gizarte-estruktura material eta sinboliko oso bat garatu gabe. «Bizitza da handiena!» «Kapitala vs bizitza!» eta antzekoak propaganda huts bilakatzen dira kapital-harremanaren logika operatiboa gainditzeko eta bestelako harreman batzuen eraikuntzarako marko berri baten beharra azpimarratzen ez badugu.

Lefebvreren ideia horretatik ondorioztatu dezakegu ez dagoela bestela bizitzerik gizarte kapitalista eratzen duten zimenduak ez badira eraisten eta zimendu berri batzuk eraikitzen. Giza metabolismo guztia, gizartearen produkzioa eta erreprodukzioa ahalbidetzen duen espazioa, kapital-metaketaren logikara egina dago, klase burgesaren behar historikoen menpeko. Horri Lefebvrek ekoiztutako espazio deitzen dio, garaiko indar politiko nagusienen beharretara moldatzeko sortutako edo eraldatutako estrukturen multzoa delako.

Esan dezakegu, berez, ekoiztutako espazio soziala eta, beraz, horren parte den kale, etxebizitza, fabrika eta mendi bakoitza aginte kapitalistak kontrolatzen dituen espazioak direla. Eta, ondorioztatu dezakegu, espazio sozial kapitalista burgesiaren klase interesetara eginiko estruktura sozio-politiko guztia izanik, hori proletalgoaren burgesiarekiko erabateko dependentzia eragiteko sortu dela, edo aurretiaz zegoen estruktura espaziala helburu horrekin eraldatu dela. Horrela, proletalgoa soldatarekiko eta estatu aparatuekiko erabat lotuta ageri zaigu.

Espazio soziala kapitalista bada, beraz, lurraldearen eta bertako espazio partikularren gaineko kontrola klase kapitalistarena da. Horrek ez du esan nahi Euskal Herriko espazio guztien jabetza burgesiarena dela, ez eta jabe guztiak burgesak direnik. Horrekin esan nahi dena da jabetza pribatuaren bitartez gorpuzten dela espazioaren gaineko kontrol forma hegemonikoa, eta hori, halabeharrez, klasista eta baztertzailea dela.

Aipatu guztiarekin ondorioztatu genezake proletalgoa erabat subordinatuta dagoela klase kapitalistaren nahietara, eta, zentzu batean egia izan daiteke. Proletalgoa erabat subordinatuta ageri zaigu aginte kapitalistarekiko, baldin eta bere joko-arauak onartzen baditu. Baldin eta bere burua pentsatzeko zeregina bere menderatzaileari onartzen badio. Baina kontuz, autonomia ez da pentsatze hutsa, ez da egiteko nahia, ezta borondatea ere.

Autonomia langileriak bere ekinbide politiko-soziala aurrera eramateko duen ahalmen independentea da, aginte kapitalistaren aurpegi anitzetako loturetatik askatzea. Soldatak, instituzioen limosnak, proletalgoa ordezten ez duten alderdi politikoen programek, etab. proletalgoa berea ez den egiteko modu batera subordinatzen dute. Proletalgoaren autonomia, beraz, autonomia politikoa da, proletalgoak bere interesak egikaritzeko duen ahalmen objektiboa, hain zuzen.

Langile-kontrolak esan nahi du langilea dela zerbaiten kontrola konkistatzen duena, hau da, zerbait hori merkantzia-formatik ateratzen duela. Proletarioarentzat, etxe bat okupatzea langile-kontroleko eginkizuna da, bere klase autonomiaren aldeko eginkizuna; ez ditu onartzen klase burgesak jarritako arauak. Legeak ematen ez diona indarrez eskuratzen du eta kapitalaren zirkulazioa ohikoa etenarazten du. Zentzu horretan berriro diot «langile-kontrola» kontzeptu politikoa dela, kasu horietan ulertzen baita klase kapitalistaren eta proletalgoaren arteko indar-korrelazioaren tentsioan oinarritzen dela.

Gaztetxeak eta bestelako zentro sozial eta politikoak proletalgoaren autonomia esperientziak dira, kasurik gehientsuenetan. Ordea, ezerezean gelditzen dira aginte kapitalistaren indar antolatuaren aurrean. Okupazioaren bitartez jabetza eredu burgesarekin haustura formal bat ematen bada ere, ekintza hori ezta sarri nahikoa izaten. Adibideak soberan ditugu: duela gutxi hogei urte zabalik zeramatzan Laudioko gaztetxea desalojatu dute munipek, Errotxapeako gaztetxea ere berehalako desalojo arriskuan dago. Kiñu, Errondoko Auzo Etxea, Ezpala eta beste hainbat gaztetxe ere kinka larrian daude.

Okupazioaren kontrako ofentsibaren testuinguruan, inoiz baino errazagoa zaie jabeei legez beraienak diren espazioak desalojatzea. Okupak kriminalizatzen diren heinean biktimizatzen da jabearen figura. Gaur egun, okupazioa ez da praktika zilegia gizartearen gehiengoarentzat.

Jabetza pribatuaren armadura juridiko-politikoaren aurrean, espazioen gaineko kontrol kapitalistaren aurrean, espazioen gaineko langile-kontrola egikaritzeko bitarteko errealak behar ditugu, kapitalaren botere antolatuari aurre egin eta proletalgoaren autonomia politikoa hedatzeko ahalmena dituena. Premisa estrategiko horrek ematen die zentzua ERRAKI bezalako antolakuntza esperientziei. ERRAKIren izateko arrazoia proletalgoak bizitzeko eta politika egiteko dituen ahalmen independentea zabaltzea da. Jabeek eta bestelako agente kapitalistek duten inpunitatea zalantzan jarriko duen indar erreal bilakatzea.