Parlamentuz kanpoko kale-erakunde faxistak: Desokuparen kasua

2021eko ekainaren 6a


«Gizarte neokapitalista sakonki astinduta dagoenean, balantza beti ezkerrerantz kulunkatzen da lehenik, eta langile-mugimenduak huts egin duenean soilik aurkitzen du eskuinak bere aukera»[1]

Ezbairik gabe, Desokupa fenomenoa indar handiz sartu da burgesiaren erreminta kultural handietan. Soldatapeko matoi hutsak izatetik urrun, mehatxu handia dira antolatutako proletarioarentzat; izan ere, jadanik goranzko joera duen molde berriko faxismoaren ideologia indartzen dute, ekonomikoki gogor kolpatuta dagoen eta atzeraldi handiak eragindako kolpeei erantzuteko edo, gutxienez, horiek arintzeko benetako gaitasunik ez duen Espainiako Estatu batean.

Molde berriko faxismoaz ari gara; izan ere, gaur egungo faxismoak, neurri handi batean, ez du hartzen demokrazia bortizki askatzera bideratutako masa-mugimendu baten forma, alderdi bakarreko estatu baten instalazioa eta etsaien kartzelaratze eta likidazioan aurkitzen duena bere izaera konkretua. Aitzitik, ordena liberal-demokratikoaren instituzioa pixkanaka baina etengabe higatzea dakar, eta hori besteak beste, zuzenbide-estatuan eta botere-banaketan oinarritzen dena[2].

Bi kontzeptu giltzarri daude, gure ustez, post-faszismoak oro har duen arrakasta eta Desokuparena, konkretuan, ulertzeko: klase ertainaren krisia eta proletarizazioa.

Ernest Mandelek[3] zioenez, bi krisi ekonomiko mota daude: batetik, krisi ekonomiko koiunturalak daude, hamar urtean behin gertatzen direnak, gutxi gorabehera. Kasu horietan gizartearen joerazko pauperizazioa gertatzen da, eta, aldi berean, estatuak bere lege-esparrua gogortzeko joera du, menderatze-gaitasuna bermatzeko. Fenomeno hori Estatu indartsu kontzeptuaren barruan azaldu zuen.

Bestalde, egitura-krisiak daude, 50 urtean behin-edo gertatzen diren intentsitate handiko atzerapen ekonomikoak, ekoizpen-ziklo orokorraren amaiera eta berri baten beharra adierazten dutenak. Egoera horretan, gizartearen pobretze prozesua ez ezik, gizartearen konfigurazioa ere aldatu egiten da, eta horrek asaldurak eragiten ditu gizartearen klase-osaeran. Proletarizazio-prozesua gertatzen da.

Era berriko faxismo hori, post-faxismo[4] ere esaten zaiona, klase ertainaren pobretze gero eta handiagoaz elikatzen da, gero eta arazo gehiago baititu klase-kokapen pribilegiatuari eusteko, bere bizimodua arriskuan ikusten baitu. Klase ertain hori soldata handiko langileek, funtzionarioek eta enpresaburu txikiek osatzen dute, eta, Estatu Espainiarrean, hezurretaraino jabeduna da, eta horregatik, uste dugu gobernantza eredu post-faxistaren posibilitate kondizio egokia eratzen duela.

Indar politiko erreakzionarioak, hala nola Front Nationale Estatu Frantsesean edo VOX Estatu Espainiarrean, oso ondo aztertutako adierazpenak dira post-faxismoaren paradigmaren azpian; hala ere, ez zaie arreta handiegirik eman zenbait joera politikoren arteko indarren korrelazioan eragiteko presio-talde gisa diharduten parlamentuz kanpoko kale-erakundeei.

Izan ere, Angelo Tascak[5] edo Sergio Bolognak[6] ondo adierazten dutenez, Italiako Faxismoaren edo Alemaniar Nazismoaren kasuan, Parlamentutik kanpoko baliabideak erabiltzea ezinbestekoa zen Parlamentuko joera politikoen indar-korrelazioa aldatzeko. Kale-agitazio taktikak edo kontrol-taktikak, batzuek zein besteek erabili zituztenak, erabakigarriak izan ziren bai kale-talde komunistei aurre egiteko (adibidez, Sturmabteilung Nazia), bai indar jakin baten jarrera politikoa aldatzeko baldintza subjektibo egokiak sortzeko ere.

Lerro hauetan azaldu nahi dudan hipotesia norabide horretan doa: Desokupa enpresak katalizatzaile edo lotura ideologiko funtzioa betetzen du Espainiako Estatuan proletarizazio prozesuan dagoen erdi mailako klasearentzat. Eta hori jabetza pribatuaren defentsaren bidez egiten du, post-faszismoaren aterki ideologikoaren babespean, zeina proletalgoaren aurkako gorrotoan oinarritzen den, hain zuzen ere jabetza ezaren egoera jasaten duen proletalgoa, eta, beraz, espazioen merkantzia-formaren aurka egin dezakeena.

Desokupa ezinbesteko elementua da bere interes ekonomikoak zain eta muin defendatzen dituen klase ertain horren faxismoranzko biratze ideologikoan, interes ekonomiko horiek neurri handi batean espazioen merkantzia-formaren defentsan zehazten baitira. Okupen –besteen lanaz aprobetxatzen diren eta soldatapeko langileak metatutako aberastasuna lapurtzen duten pertsona gisa– inguruan kontzientziaz sortutako gorrotoak badu bere B aldea, zehazki, hutsik dauden etxeak okupatuak izateko aukeraren beldurrean. El País egunkariak[7] emandako informazioaren arabera, Espainiako etxebizitza-parke osoaren %25, hau da, osotara 6.500.000 etxebizitza, ezohiko etxebizitzak dira. Gainera, klase ertainak maiz aurkitzen du inbertitzeko aukera higiezinen merkatuan. Espainiako Bankuaren[8] arabera, etxebizitza bat erosteko eta alokairuan jartzeko erabakiak batez besteko %10,4ko errendimendua eman zuen 2019ko bigarren hiruhilekoan. Horrek soberan gainditzen ditu beste inbertsio kontserbadore batzuk, hala nola errenta finkoa edo banku-gordailuak, interes-tasa txikiak dituztelako.

Desokupak gizarteko balore atzerakoienak sinbolizatzen ditu: arrazismoa, matxismoa, xenofobia eta antikomunismoa dira diskurtsoa eraikitzeko abiapuntu diren printzipioak, eta Desokupa TV[9] bezalako eduki digitalen bidez gero eta jarraitzaile gehiago ditu.

Horiei aurre egitea ez dagokie espazioetan ematen diren borrokek zuzenean eragiten dietenei soilik. Horiei aurre egitea premiazko zeregina da, eta antolatutako proletalgo osoari dagokio.

 


[1] Mandel, E. (2011). El fascismo (Vol. 242). Ediciones Akal. 69. or.

[2] Gandesha, S. (2020). ‘A Composite of King Kong and a Suburban Barber’: Adorno’s Freudian Theory and the Pattern of Fascist Propaganda. Spectres of Fascism: Historical, Theoretical and Contemporary Perspectives, 120-141.

[3] Mandel, E. (2011). El fascismo (Vol. 242). Ediciones Akal.

[4] Traverso, E. (2019). Las nuevas caras de la derecha: Conversaciones con Régis Meyran. Siglo XXI Editores.

[5] Bologna, S. (1999). Nazismo y clase obrera. Ediciones AKAL. Pag. 86-92.

[6]«Giolitti cree poder ofrecer dos carteras: pero nos hacen falta seis, o ninguna. Y en este caso hay que poner las masas en movimiento para provocar la crisis extraparlamentaria y llegar al gobierno. Hay que impedir que Giolitti llegue al poder. Giolitti ordenaría disparar sobre los fascistas, como ha hecho disparar contra D’Annunzio» («Giolittik uste du bi diru-zorro eskain ditzakeela: baina sei falta zaizkigu, edo batere ez. Eta kasu horretan masak mugimenduan jarri behar dira, parlamentuz kanpoko krisi bat eraginda gobernura iristeko. Giolitti boterera heltzea ekidin behar da. Giolittik faxisten kontra tiro egitea aginduko luke, D’Annunzioren kontra tiro egitea agindu duen bezala»). Italo Balbo in Tasca (1969). El nacimiento del fascismo. Ariel. 298. or.

[7] https://cincodias.elpais.com/cincodias/2020/06/11/economia/1591881316_405149.html

[8] https://elpais.com/economia/2018/08/30/actualidad/1535643025_269129.html

[9] Honek ikerketa lerro bat merezi du miseriaren espektakularizazio terminoetan betetzen dituen funtzioak ulertzeko.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik