Espazioen gaineko kontrol burgesa. Krisialdia, putreak eta proletalgoaren antolakuntzaren beharra

2020ko martxoaren 22a


Versión en castellano

COVID-19-aren eta ondorengo gobernuaren salbuespen neurrien ondorioz, proletalgoaren bizi baldintza orokorren okertze baten aurrean gaudela esan dezakegu. Egoera kudeatzeko ezinbestekoak diren lanpostuetan erritmoak nabarmen egin du gora; apenas segurtasun neurririk gabe dabiltza lanean industria, garraio, logistika, garbiketa, osasungintza eta beste hainbat esparrutako langileak.  Berehalako arrisku egoera batean aurrean aurkitzen dira guztiak.

Hala ere, krisialdi honen efektuak berehalakotasuna gainditzen du, osasun larrialdia ez ezik krisialdi ekonomiko baterako atea ireki baitezake. Zenbait aurreikuspenen arabera, 100.000 lanpostutik gora galduko lirateke alarma egoeraren ondorioz[1].

Jakin badakigu proletalgoaren bizi kondizioa jabetza eza dela, zentzu guztietan. Orokorrean, bere bizitza-prozesuak gidatzeko kapazitate falta du, baina baita bere erreprodukziorako beharrezkoak dituen espazio oinarrizkoenen gaineko kontrolik eza ere. 2017ko datuen arabera, Espainiar estatuko populazioaren % 29,5ek hipoteka ordaintzen du[2] ,eta % 22,9, berriz, alokairuaren erregimenaren pean aurkitzen da.

Banco de Españak 2019an ateratako buletin ekonomikoan[3] adierazten den bezala, alokatutako etxebizitzen ehunekoaren tasak etengabe egin du gora 2005. urtetik, eta gehienbat langile klasearen bi esparru soziologikotan nabarmentzen da: 16-29 urte bitarteko gazteak eta etorkinak. Fenomeno horren arrazoiak honakoak izan daitezke:

1.       Gazteen lan merkatuan zein etorkinen lan merkatuan lan baldintza txarrak izaten dira, soldata debaluatuak eta aldi baterako kontratuak. Ondorioz, talde soziologiko horiek bizitza epe luzera planifikatzeko zailtasun gehiago dituzte.

2.       Krisi ekonomiko garaietan ematen den lanaren berrantolaketan, jokoz kanpo gelditzen dira edo, lan merkaturatze zailagoa dute klase ertainaren bandera eraman duten 50 urtetik gorako langileek[4]. Horrek familia unitateen ahalmen ekonomikoa murrizten du, eta, ondorioz, seme-alabek bankuarekiko duten zorpetze gaitasuna murrizten da. Bankuentzat subjektu ez fidagarri bihurtzen dira abal faltagatik

Azken sei urteetan ,alokairuen eskariaren gorakadak beren prezioa % 50 igo du bataz beste estatu espainiarrean, eta horrek soldatan duen eragina etengabe handitu da. Estatu espainiarrean alokairuak soldataren %40 baino gehiago suposatzen dio populazioaren % 37ri; Euskal Autonomia Erkidegoan bataz beste %34 ingurukoa litzateke, eta Nafarroan, berriz, % 25 ingurukoa[5].

PAHk 2019an Blackstone putre funtsaren inguruan ateratako dossierrean[6] agertzen diren datuen arabera, 2018an 59.671 etxe kaleratze izan ziren, horietatik 37.285 alokairuaren ordainketa ezagatik.

Panorama orokor honek marrazten du alarma egoera dekretatu aurreko koadroa. Alarma egoerarekin, ordea, jada ezegonkorra zen koadro hori kolokan, ia erori beharrean jar dezake. Gobernu zentralak, bere existentzia justifikatzen duen logika ekonomikoari jarraikiz, honako neurriak hartu ditu:

1.- Hipotekari dagokionez,  hipotekaren ordainketaren atzeratzea[7] agindu du, baldin eta:

1.       Hipotekaren eta bertatik eratorritako gastuen kostua soldataren % 35 baino handiagoa bada.

2.       Langilea langabezia egoeran badago.

3.       Enpresarien kasuan % 40 baino handiagoa den diru-sarreren galera sufritzen badu.

2.- Alokairuei dagokionez, ordainketen atzeratzea agintzeko aukera baztertu du, maizterra, bankua izan ordez, hiritarra delako. Beraz, neurririk ez hartzea erabaki da.

Neurri hauek katastrofikoak izan daitezke proletalgoaren sektore prekarioenentzat. Bankuekiko zorra duten familien kasuan, alarma egoerak dirauen bitartean denbora horrekiko proportzionala den ordaindu beharreko kantitatea atzeratzen da; ez da, ordea, baliogabetzen. Alokairuaren erregimenaren pean dauden familiek berriz maizterra eta familiaren arteko negoziazioaren bitartezko soluzioak bilatu beharko dituzte, baina beti ere, erabakia jabearen borondatearen eta errentagarritasunaren araberakoa izango da. Bigarren puntu honetan sartzen dira putre funtsak. 

Putre funtsak arazoak dituzten ekonomien zorrak erosten dituzten arrisku kapitalaren  funtsak dira. Gehienetan kiebrarako bidean dauden tituluak erosten dituzte, ondoren zorraren balio osoa kobratu ahal izateko. Bestelako funts espekulatzaileen aldean duen bereizgarria da beste funtsek bere egiten duten arriskua handiagoa dela, tendentzia ekonomikoaren araberakoak baitira. Putre funtsen kasuan berriz, bide judizialetatik eskuratu ohi dute zorraren balio nominalaren % 100.[8]

Higiezinen merkatuan bereziki bi putre funts nabarmenduko lirateke. Lazora eta Blackstone. Azken hau estatu espainiarreko jabe handiena da;30.000 etxebizitza ditu. Lazorak, bere baitan duen Azora enpresaren bitartez,  Inmobiliaria Vascongadaren 300 etxebizitza erosi zituen duela gutxi Donostian[9], eta horrek bertako familien alarmak piztu zituen. Izan ere, putre funts hauek alokairuen prezioak modu neurrigabean igo ohi dituzte, erositako higiezinen errentagarritasuna lortze aldera[10].Alokairuen kasuari dagokionez, beraz, garrantzi berezia hartzen dute.

Alarma egoera dela eta, Lazorak alokairuen ordainketan luzamendu bat, hau da, ordainketen atzeratze bat egingo zuela iragarri zuen[11]. Blackstone-k ere neurri bera hartuko duela ematen du[12], eta normal bidean, beste funtsek ere bai. Mugimendu honek arrazoi ezberdinak izan ditzake:

1.       Legitimitatea: Putre funtsak milaka etxe kaleratzeren erantzuleak dira, beraz, kolektibo zein instituzio ezberdinek oso markatuta dituzte. Iritzi publikoan eragiteko mugimendu bat izan daiteke. Gainera, litekeena da neurri hau hartu ezean etxe utzarazteak  gauzatu behar izatea, eta horrek are gehiago zikinduko luke beren irudia. Mugimendu horrek iritzi publikoaren aurrean aurpegi zuriketa egiteko balio diezaioke.

2.       Errentagarritasuna: Putre funtsek badakite egoera honen aurrean ezer egin ezean irabazirik ez duten familia ugarik alokairua ordaintzeari uko egin beharko diotela, eta horrek suposatzen duen prozesu judiziala irekitzeak dituen kostu ekonomikoak handiak dira, alokairuengatik jasotzen dutena   baino handiagoak[13]. Ordainketen atzeratzearekin alokairuen % 100 kobratuko dute eta kostu prozesalak aurreztu.

Krisi testuinguruan hartutako neurri hauek guztiak behin atzeraldia amaitu ostean, aurretiaz existitzen ziren etxebizitza ordaintzeko zailtasunak areagotzea ekarriko du, eta, horrek honako efektuak izan ditzake proletalgoarengan:

1.       Etxe kaleratzeen kopurua handiagotzea eta proletalgoaren aurrezteko ahalmenaren beherakada substantzial bat gertatzea.

2.       Familia proletarioen ezinegona handitzea: estres, depresio, eta bestelako patologiak pairatzen dituztenen kopurua handitzea.

3.       Familia barruan eman daitezkeen biolentziazko espresioak handitzea. Tratu txar, erailketa zein suizidioen tasek gora egitea.

Salbuespenezko testuinguru honek burgesiaren gobernu-forma demokratikoaren muga logiko guztiak gainditu ditu. Kapitalaren tirania azaleratu da. Zentzu komuna, fenomenoak interpretatzeko marko kognitiboa, arrazionaltasun burges basatiaren eta ongizatearen ideia anakronikoa profetizatzen duen moralismo baita ere burges eta baita ere basatiaren artean debatitzen den honetan, beharrezkoa zaigu gizadiaren eskubide unibertsalak mahaigaineratuko dituen erreminta politikoa garatzea. Ezin da ulertu erretorika iraultzaile baten baitan alokairuen ordainketen luzapena exigitzen duten programa politikoen existentzia, langile klasearen sufrimendua denboran luzatu besterik egiten ez duten neurriak aldarrikatzen dabiltzan neurrian.

Testuinguru honetan berehalako exigentzia legitimo bakarra dago: alokairu zein hipoteken ordainketen zein etxebizitzaren mantenurako eta funtzionamendurako gastu basikoen suspentsioa. Errentarik ez badago, ez dago ordainketarik, ez orain eta ez gero. Eta helburu estrategiko bat, etxebizitza doako eta kalitatezkoa izateko eskubide unibertsala, langileriaren programa politikoaren fundamentuetako baten moduan. Jada ez digu balio sozialdemokraziaren ongi-nahi edo ongi-geratu-nahiak. Langile klaseak pairatzen duen egoera miserablea behin betikoz gaindituko duen bizitza-forma eta bizitza-antolaketa pentsatzea dagokigu. Langileriaren masa zabalak gidatuko duen instituzio politikoa. Masa alderdi komunista.



[3] López-Rodríguez, D., Rosa, M., & de los Llanos, M. (2019). Evolución reciente del mercado del alquiler de vivienda en España. Boletín económico/Banco de España [Artículos], n. 3, 18 p.

[4] Bologna, S. (2006). Crisis de la clase media y posfordismo (Vol. 42). Ediciones AKAL.