Burgesiaren kontrolpeko espazioak: kartzelak

2020ko maiatzaren 24a


Versión en castellano

[Patxi Ruiz-i] Beti esaten diote ordainduko duela, goiza heldu eta lotan jarraitzen duten eta inoiz esnatzen ez diren preso asko dagoela. Hildako preso asko ikusi du Patxik bere espetxe urteetan, eta egiazko beldurra sentitzen du. Esaten du nahiago duela borroka egin amak bere buruaz beste egin duela pentsa dezan baino.[1]

Hil honetako ikuspuntua, koiunturak hala behartuta edo, kartzelen ingurukoa izango da. Patxi Ruiz aurrera eramaten ari den borrokak guztion agenda politikoan zentralitatea hartu du eta, honakoa bere egoera sozializatzeko nire aletxoa izango da. Patxiren borrokaren omenez.

Kartzela modernoaren funtzio esentzialetako bat gizakiaren askatasunaren pribazioa da, delituaren izaeraren arabera denboran erregulatzen dena. Miguel Castells-i irakurri nion duela urte batzuk kartzela anti-gizartea zela, hau da, kartzelak presoari ezartzen dion isolamenduaren ondorioz, presoak bere nexo sozialak apurtzen dituela. Baina aldi berean kartzela gizartea dela esentzian, egungo bigilantziaren gizartearen barne-nukleoa baita, zeinetan gizartean ematen diren klase-harremanak modu bortitzenean pairatzen diren[2].

Egun, Espainiar Estatuko 69 presondegitan 50.000 presotik gora aurkitzen dira. Azken urteetako zenbakirik baxuena izanik ere, aurreikustekoa da kopuru horrek nabarmen gora egitea COVID-19aren krisiaren osteko urteetan. Izan ere, urtetik urterako preso kopuruen fluktuazioak erakusten digu kartzelarekin penatutako delinkuentzia tasak harreman zuzena duela lurraldeko egoera ekonomiko orokorrarekin[3]. Ekonomikoki egoera txarrenean dagoen gizartearen sektorea izaten da biziraupenerako zuzenbide burgesak ezarritako legeak haustea beste biderik izaten ez duena. Horrela, munduko kartzelak estraktu sozial txiroenak betetzen ditu gehiengoan[4].

Kartzelak gizartetik kanporatzen ditu kapitalarentzat inproduktiboa den espektro soziala, proletalgoaren kapa baxuenak, edo historikoki azpi-proletalgoa edo lumpen bezala ezagutu izan direnak, bere lurretan ordena soziala manten dadin. Lévi-Straussek kartzelaren izaera antropoemikoa[5] (emein aditz griegotik dator, zeinak botaka egin adierazi nahi baitu) deitu zion horri. Hau da, kartzelaren bitartez diziplina sozial kapitalista onartzen ez duen gizakia bere organismotik kanporatzen da.

Kartzelaratzea edo, kartzelaratzearekin mehatxu egitea kode penalaren mekanismo ohikoena bada ere, funtzio esentziala presoaren zigor bidezko diziplinamendua da. Bestela esanda, proletalgo inproduktiboa kastiguaren metodoaren bitartez produktibo bilakatzea, balio-sistema kapitalista bere egitea eta, finean, merkatuarentzat subjektu fidagarri bihurtzea dira bere funtzio behinenak. Bergizarteratzea deitzen diote, modu apainean, kriminologo eta jurista burgesek. Nahiz eta, itxuraz, kartzelak baduen zerikusirik antropoemiarekin, hau da, gizabanakoa gizartetik kanporatzearekin, esentzian  antropofagikoa litzateke kartzelaren funtzioa, hau da, gizatxarra absorbatzetik probetxua ateratzea, lumpenaren izaera delinkuentea anulatu eta langile otzan bihurtzea. Gorputzaren asimilazioa makinaria kapitalistan.  

Zentzu horretan, bi momentu bereiziko lirateke: presoaren borondatearen ukapena eta lanaren eta eguneroko errutinaren bidezko transformazio teknikoa[6]. Kolpea eta diziplina.

Aurreneko momentuari dagokionez, motz gelditu zen Tocqueville jurista frantsesa esan zuenean aitzinako kartzelak gorputza erasaten bazuen, kartzela modernoek ariman kolpatzen dutela. Izan ere, kartzela modernoetako presoak jasan behar izaten duen tortura fisiko zein psikologikoa bortitza da.  Behatu ditudan hainbat txostenen[7] arabera, presoek gaixotasun somatiko zein psikologiko ugari izan ohi dituzte kartzelan, hala nola, bistaren galera, buruko min konstanteak, pertzepzio bisualaren deformazioa, entzumenaren galera, estresa, etengabeko tentsioa, muskuluen atrofiazioa, identitate krisiak, antsietatea, ametsaren alterazioa, pisu aldaketa drastikoak, depresioa, suizidiorako tendentziak etab. Gaixotasun edo patologia horietako asko kartzelaren beraren egitura espazialaren ondorio badira ere, eragin handia du presoaren autonomia guztiz anulatzen duten kontrol zein errepresio mekanismoen etengabeko presentziak ere. Egunerokotasunean pairatzen den intimitate faltak, kartzeleroen mehatxuek, isolamendu ziegek, presoen arteko liskarrek etab. presoen egoera psikologikoa suntsitzen dute[8]. Aipatutako guztiak marko orokor zaurgarri bat marrazten du presoaren bizitzan, eta horrela kartzela-instituzioak presoaren borondatea apaltzen du.

Bigarren momentua, transformazio teknikoarena, aurreko guztiak eraikitzen duen borondate otzanari forma ematea litzateke. Melossi eta Pavarani[9] italiarrek kriminalaren bergizarteratzearen bide luzearen amaierako produktu gisa irudikatu zuten; presoaren lasterketa moralaren azken portua, delinkuentea proletario bihurtzen den momentua. Egunerokotasunean markatzen diren denbora tarte zurrunen eta soldatapeko lanaren zein bestelako aktibitate diziplinarioen zein kartzelako mekanismo ideologikoen (hitzaldiak, terapiak,..) bitartez lortzen dena.

Horren adibide literarioenak gurean Axularrek paratu ditu, Gero bikainean. Han, besteak beste, dio gizatxarrei onbide emateko modu bi izan direla historian hedatuenak: kanpo-gerraren batera bidaltzea soldadu, edota lanean jarriaraztea, beste gabe, errebolta-kontuetan edo pentsatzen has ez zitezen.

«Pisistrato tirano gaixto hark ikhusi zuenean plaza guztia jende alferrez bethea, eta hetarik anhitz malizia eta pensu gaixto sor zitekeiela, dietu zituen guztiak beregana. (...) Eta igorri zituen lanera eta trabailura iduriturik ezen halatan etzutela kalterik eginen, maliziarik pentsatuko, eta ez herririk nahasiko»[10]

Kartzela modernoak proletalgoaren osasun fisiko zein psikologikoa suntsitzeko egindako makinaria erraldoiak dira. Proletalgoaren bizi-grina suntsitzeko zentro espezializatuak, presoaren autonomia zantzu guztiak deboilatzen dituena eta etengabeko beldur bitartezko kontrol bortitz batera azpiratzen dituena.  Kartzelaren existentzia justifikatzen duen printzipioa klase printzipioa bada, hau da, kartzelak proletalgoaren sektore ez-produktiboak produktibo bihurtzeko zentroak badira, estatu sozialistaren instaurazioak kartzelaren esentziarekin amaitzea, eta horrenbestez, kartzela modernoaren abolizioa ekarri behar du ezinbestean.  Amnistiaren atzean, Euskal Estatu Sozialistaren aldarrikapenaren atzean, harreman sozial komunisten genesia ezkutatzen da, zeinetan espetxe-instituzio modernoak lekurik ez duen.  Apurtu ditzagun, bada, preso mantentzen gaituzten hesiak.

 



[2] Castells, M. (1977). Los procesos políticos. De la cárcel a la amnistía. Fundamentos, Madrid. 12. orr

[3] Argigarriak dira 2003-2018 urte tartean preso kopuru totalean eman diren aldaketak. 2004-2008 tartean urtero batezbeste 3000 preso inguru gehiago erregistratu zirela, gehienez 64.000 presotara heldu arte 2008-2009artean ordea, preso kopurua nabarmen igo zen  (10.000 unitate). 2010ean 76.000 preso erregistratu ziren (pikoa) eta  egonkor mantendu zen 2012. urtera arte. Ordutik preso kopuruen indizeak beheranzko tendentzia hartu zuen. https://www.epdata.es/datos/cuantos-presos-hay-espana-otros-datos-estadisticas-prisiones-carceles/455

[4]

[5]Lévi-Strauss, C., & Bastard, N. (1970). Tristes trópicos. Buenos Aires: Eudeba. 441. Orr.

[6] Foucault, M. (1976). Vigilar y castigar: Nacimiento de la prisión 267. Orr.

[7] Valverde, J. (1997). La cárcel y sus consecuencias. La intervención sobre la conducta desadaptada. Madrid: Popular.; Zabala, M., Segura, A., Maestre, C., Martínez, M., Rodríguez, B., Romero, D. & Rodríguez, M. (2016). Mental disorder prevalence and associated risk factors in three prisons of Spain. Revista Española de Sanidad Penitenciaria, 18, 13-23; Zubiría, S. (2015). Consecuencias psicosociales del internamiento en prisión: cambios con el nuevo perfil del delincuente.

[8]  Ibid.

[9] Melossi, D., & Pavarini, M. (1980). Cárcel y fábrica: los orígenes del sistema penitenciario (siglos XVI-XIX). Siglo XXI. 209. orr.

[10] Gero, I, 2.