Autogestioaz eta langile-kontrolaz

2020ko azaroaren 21a


(Itzulpena)


Testu honen helburua bi kontzepturen inguruko zirriborroa egitea da. Bi kontzeptuok esan nahi ezberdinak jaso izan dituzte historian zehar, eta garrantzi handiagoa edo txikiagoa izan dute. Kontzeptuok izan bitez «autogestio» eta «langile-kontrol».


 «Autogestioa», kontzeptu komunista gisan 


Bat. «Autogestio» izendapena nahaspila eta indeterminazioz darabilgu gehientsuenetan; izan ere «autogestionatu» gisan ulertzen dugu edozein kolektibo edo proiektu, baldin eta horiek beren ekinbidea modu autonomo batean gestionatzeko helburua badute. Autonomia hori, bada, guztiz formala da. Kontzeptu horren baitan uler ditzakegu, esaterako, forma independentean (inoren kanpo-laguntzarik gabe) kudeatzen diren kolektibo asanblearioak, bai eta edozein kooperatiba ere, baldin eta horiek beren produktuen produkzio- eta zirkulazio-zikloa beren gain hartzen badute[1].  


Bi. Autogestioa, hala ere, bere baitan duen determinazio politiko antagonistaren arabera ulertzen badugu, bi adarkadura edo ulerkera ezberdinetan bereiziko litzateke: 


1.          Autogestioa proletalgoaren antolakuntza positiboaren fundamentu gisa, ekinbide komunistaren     helburu unibertsal gisa.

2.          Autogestioa ukazio kapitalistaren aurkako berehalako erreakzio gisa. 

 

Hiru. Autogestioaren kontzepzio edo ulerkera hegemonikoa bigarrena litzateke. Bigarren kontzepzio honek hegemonizatzen du, egun, desjabetzearen esanahia. Ulerkera honetatik eratortzen dira ustez askatzaileak direla-eta prozesu sozial kapitalistari uko egin eta kanpotik eta modu paraleloan harreman sozial berriak garatzeko anbizioa duten askotariko proiektuak. Marxek idatziriko «Luis Bonaparteren lainotearen hemezortzia» (espainolez, El dieciocho de brumario de Luis Bonaparte) liburutik hartutako pasarte bat, honatx, aurkitu dudan eran: 

«
En parte, él (el proletariado) se abandona a experimentos doctrinales, bancos de cambio y asociaciones obreras, es decir, a un movimiento en el que renuncia a transformar el viejo mundo con los grandes medios colectivos que le son propios, y busca más bien conseguir la propia emancipación a espaldas de la sociedad, de manera particular dentro de los límites de sus mezquinas condiciones de existencia, con lo que va necesariamente al fracaso»[2]

Lau. Tradizio politiko komunistaren arabera, ordea, autogestioa honela definituko genuke: prozesu sozialean gertatzen den bereganatze pribatuaren abolizioa, hau da, proletalgoak bere dituen bitarteko kolektiboen apropiazioa.

Bost. Bereganatze pribatuaz ari garenean, ez diogu aginte kapitalistak prozesu sozialaren gainean duen aginte gaitasunari soilik egiten erreferentzia. Bereganatze-pribatuaren esperientzia osoari buruz ari gara hemen: ekoizpenaren antolakuntza, alde batetik, eta bestetik exekuzioa, banatzen badira, ez da autogestio komunistaren printzipio unibertsala gauzatuko, gizartearen gaineko banaketak bere horretan iraungo duelako. Autogestio komunistak proletalgoaren kudeaketa zuzena esan nahi du, eta proletalgoa izango du klase unibertsal eta gizadi.  

Autogestioa eta langile-kontrola 

Sei. Egia da autogestioaz mintza gaitezkeela marko teoriko eta kontzeptual marxista bat bide hartuta. Hala ere, horrek proletalgoak prozesu sozialaren kudeaketa hori nola egin behar duen aurretiaz determinatzen hastea esan nahi badu, akatsa egingo genuke eta idealismoan eroriko ginateke. Autogestio kontzeptuaren posibilitate kondizioa gizartearen antolakuntza komunista da, eta honek premisa argi bat dauka: lurraldearen gaineko kontrol zuzena.

Zazpi. Gizarte burgesaren eta aginte kapitalistaren hegemoniaren azpian, kapitalak determinatzen ditu harreman sozialak, hain zuzen, kapital-metaketaren printzipioak, horrexek ezaugarritzen baitu aberastasunaren ekoizpen soziala. Kontrol proletarioaren logika historikoa lanaren prozesu sozialak kontrol kapitalistatik askatu eta proletalgoaren esku jartzean oinarritzen da, eta proletalgoa hartzen da klase iraultzailetzat. 

Zortzi. Langile-kontrolak esan nahi du langilea dela zerbaiten kontrola konkistatzen duena: «zerbait» hori izan liteke, bai bizi-eremu baten kontrola, edota baita jarduera konkretu baten gaineko kontrola ere. Proletarioarentzat, etxe bat okupatzea langile-kontroleko eginkizuna da, janaria, arropa edota patinete elektriko bat lapurtzea izan daitezkeen bezalatsu. Langileak kasu hauetan egiten duena zera da: zuzenean erabilera-balioa duten ondasunez jabetzen da, eta kapitalaren zirkulazioa ohikoa etenarazten du. Zentzu horretan bakarrik esan daiteke «langile-kontrola» kontzeptu politikoa dela, kasu horietan ulertzen baita klase kapitalistaren eta proletalgoaren arteko indar korrelazioaren tentsioan oinarritzen dela.  

Bederatzi. «Kontrola», dominazio zein gainjartze ahalmen bat den heinean, kontrol totala edota kontrol partziala izan daiteke. Langile-kontrola kontrol absolutua izango da langileak kapitalaren prozesu guzia kanpo-interferentziarik gabe kontrolatzen duenean. Kontrol partziala izango da, berriz, aginte kapitalistari kapitalaren kudeaketa horretan estrategikoa den funtzio bat osten baldin bazaio. Esaterako: proletalgoak ekoizpen prozesuaren inguruko erabaki zuzenak hartzeko ahalmena badu, esan dezakegu kontrol totala duela. Bestalde, gure ahalmena enpresa jakin bateko langileen lan-baldintzak baldintzatzeko modukoa besterik ez baldin bada, esan dezakegu langile kontrol partzialaz ari garela.[3] 

Hamar. Langile-kontrolak bizi-eremu guziak hartzen ditu. Antolakuntzarik gabeko langile-kontrolak, ordea, ez. Langile-kontrola zera da: kapitalistaren eta proletalgoaren arteko indar-korrelazioaren emaitza positiboa. Mundu kapitalista gizartearen maila guztietan dago antolatuta. Klase-etsai dugunari erantzuteko moduko indar antolaturik sortzeko gai ez bagara, ezingo ditugu inolaz ere gure bizi-baldintza zikoitz hauen mugak gainditu. Orduan bai, oi! Porrotera kondenatuak! 


[1] Gure kabuz ala hil: https://www.youtube.com/watch?v=AI8ndT49eB0

[2] Marx, K. (1852). El dieciocho brumario de Luis Bonaparte. CS Ediciones, Bs. As, 1. 62. orrialdea

[3] Asociación patronal (1931) El “control” obrero; ideas, datos y conclusión. Sucesores de Rivadeneyra (Madrid) 12-15 orrialdeak