Traparen euskal parodia

2019ko irailaren 13a


Gaztelaniazko bertsioa

Gaurkotasun handiko gaia iruditzen zaidana ekarri gurako nuke gaur hitzera, nahiz eta bizi ditugun garaiotan gaurkotasunaren iraungitze data goizetik arratsera iristen den askotan eta barausitan modako zena dinosaurioen gaia den afaritarako.

Zer da trapa? Zeri dago lotua? Ez nuke esango genero edo azpigenero musikal hau ahots sintetizatzaileek edo erritmo jakin batek ezaugarritzen dutenik soilik eta esentzialki, ezpada garai historiko zehatz batean klase estratu jakin baten parte izateak eta honek dakartzan bizi baldintzek. KEFTA VXYZ eta PXXR GVNG bezalako taldeak, Yung Beef eta konpainia, izan ziren aitzindariak espainiar estatuan trap musika egiten, haien kantetan esaten den bezala “haciendo esto porque no hay trabajo”.

Egia da, edo ez da behintzat faltsua, AEBtatik inportatutakoa dela musika mota hau; entzungo zenuten noizbait nola izenak trap house esaten zitzaien droga saltzen, erosten eta kontsumitzen zen etxeetan daukan jatorria. Horrez gain, droga psikoaktiboei baino droga psikodepresiboen kontsumoari hertsiki zegoen lotua, AEBtako opiazeoen krisiaren testuinguru soziologikoan, 1990eko hamarkadan hasi zena, industria farmazeutikoa OxyContin bezalako analgesiko opiazeoak gero eta gehiago komertzializatzen hasi zenean, eta inoiz baino biziago dirauena. Dena den, honek ez luke iradoki behar trap espainiarra olibondo bat denik pagadi batean, lekuz kanpo dagoenik, are gehiago trap espainiarra lore bat delako zabortegi batean, 2006ko krisiak, 2008an krisi finantzario bortitz baten forman agertu zitzaigunak, ezarri zituelako bere posibilitate baldintzak, bere ongarria. Nolabait esatearren, trapa lumpenproletkult espontaneo bat da, krisiaren ondorioen soinu-banda belaunaldi gazteenen artean, desantolatua eta apolitikoa (gehienean), baina inplikazio politiko handiak dauzkana.

Baina, zer gertatzen da euskal traparekin edo euskaraz eginiko traparekin? Gure Leihoa Leioako ikasle mugimenduaren aldizkariko 1. aleak, duela denboratxo bat argitaratu zen arren irakurri berri dudana, badakar artikulu bat Trapuez izenekoa, trapaz edo zehazkiago euskal trapaz diharduena. “Beharrezkoa al da trapa euskaraz?” “Zenbat sakrifikatzeko prest gaude euskaraz bizi ahal izateko?” “Beharrezkoa al da gure mundu globalizatu honetatik datozkigunak euskaraz kopiatzea euskaraz bizi ahal izateko?”. Testuak galdera hauek eta beste batzuk planteatzen ditu, trapa euskaraz egiten duen talde bati eginiko elkarrizketa ikusteak idazleari piztutako harriduraren ondorio. Uste dut, testuan aipatzen den euskal trap talde elkarrizketatua Gorpuzkingz dela.

Gazte jendearen artean sona handia lortu duen taldea da Gorpuzkingz azken aldi hontan, baina esango nuke haien bideoak ikusita aski argi gera dakigukeela ez dela euskal trapa egiten dutena, traparen euskal parodia baino. Traparen erritmo geldoak eta armen zein drogen apologia erabiltzen dituzte, baina,  traparen beste funtsezko ezaugarri bat falta zaie: “izan erreal”. Darth Vaderren maskara arrosak bideoklipetan, Bildurentzako bozka eskaerak kontzertuetan, “nazio eraikuntzarako tresna funtsezkoa” direla edo “erosotasun sakon batean bizi gara” esatea... Kontzertuetan egon denak badaki gehiago dela umorezko performance bat trap talde bat baino. Zentzu horretan sintomatikoa iruditzen zait euskal trapa sortu baino lehen traparen euskal parodia sortu izana. (Beno, “euskal trapa” diodanean “euskarazko trapa”z ari naiz, bai baitaude Euskal Herrian trapa erdaraz egiten duten zenbait pertsona, esaterako, Mito Koronkon eta bere “Latiguera y abertzale” kantua, entzutekoa benetan, edo Mark Luva bezalako DJak). Arestian aipatutako aldizkariko artikuluan egiten den hirugarren galderan ez naiz testu honetan sartuko, “Beharrezkoa al da gure mundu globalizatu honetatik datozkigunak euskaraz kopiatzea euskaraz bizi ahal izateko?”, auzi interesgarria den arren trapari dagokionean behintzat undergroundaren eta mainstreamaren arteko dialektikaren gaiari heldu beharko bainioke, kultura urbanoaren asimilazioarenari eta luze joko bailuke. Aldiz, lehenbiziko galdera birformulatuko nuke nik, “Beharrezkoa al da...” beharrean “Posible al da trapa euskaraz?”. Izan ere, printzipalagoa iruditzen zait gai honi dagokionez existentzia aukeraren auzia beharrezkotasunarena baino eta gaia gehiago argiztatzen duelakoan nago. Arazoaren muina edo gakoa, birformulazioak horixe iradoki lezakeen arren, ez da, nire aburuz, Euskal Herrian trapa sortzeko baldintza soziologikoak ematen ez direnik, inondik ere, arruntena gune proletarizatuenetan, traparen ongarri naturala diren guneetan, euskarak sarbiderik ez izatea dela baizik. Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketen emaitzek diotenez, hizkuntza eta herritarren errentaren arteko lotura eginda, klase ertaina euskarari lotuen dagoen gizataldea dela ondoriozta liteke. Ohartu ez bagara ere klase ertainen hizkuntza bat bihurtu da gurea, hezitzaileena, kazetariena eta orotariko sama zuriko langileena, eta hori, proletarizazio garaian, hizkuntza gutxitu baten eramaile nagusia den klase ertaina gutxitzen den garaian, alegia, bada... kontuak hortik atera.

Uste dut, auzi erreala ez dela proletalgoaren kultura espontaneoa euskarari txertatu edo euskarara ekarri ala ez, alderantziz baino, nola txertatu euskara proletalgoaren kultura espontaneoan: nola bilakatu euskara proletalgoaren hizkuntza espontaneo. Hori gertatu ezik, desiragarria ala arbuiagarria izan, euskal trapik nekez sortuko da parodiatik at. EHU euskararekin ze arropa markak ematen duen ondoen aztertzen ari den bitartean: kale Gucci.