“Utikan Euskadi Sariak” ala kulturaren antolakuntza antagonikoa

2020ko urtarrilaren 18a


Versión en castellano

Duela hamahiru urte, 2007ko urtarrilean, krisialdi kapitalistaren aurretxoan, “Euskadi Sariak”[i] izeneko artikulu bat idatzi zuen Jon Alonso idazle nafarrak Argiaren Euskal Kulturaren Urtekarian. Artikuluak Euskadi Literatura Sariaz eta, zehazkiago, delako literatur sariaren gaineko aginte gaitasunaren jabegoaz ziharduen. Ez, baina, saria barrutik ustela dagoelako eta espreski literarioak ez diren hainbat gorabeherak eragiten diotelako uste intuitiboz, ezta topikoetan oinarrituz ere, Itzulpen Sariko epaimahaikide izan denaren lekukotasun asaldatuz baizik. Dirudienez, epaimahaikideak ez ziren sariaren eta sarituen gainean erabakitzen zuten bakarrak izan, gizon bitxi bat agertu baitzen bilerara mugimendu irregularrak egiten saiatu zena besteen harridurarako: “gero jakin ahal izan nuen, edo hala esan zidaten behintzat, bileran sartu zen polizoia, zazpigarren gizona, kulturako funtzionarioa zela, organigraman oso goikoa”. Artikulu horrek hauspotutako eztabaidaren txingarretan, “Utikan Euskadi Sariak”[ii] izeneko manifestu bat sinatu zuten hainbat euskal idazle sonatuk Euskadi Sarian parte hartzeari (zehazkiago, parte hartzea borondatezkoa ez zela eta, haien lanak bertan erabiliak izateari) uko eginez. Arrazoien artean zeuden, “sarion helburua, funtsean, egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea” zela eta “jardun intelektual libre eta kritiko, kultura anitz, garatu eta agintearekiko autonomo baten alde” egonik, ez zutela “horrelako parametroetan neurtuak izan nahi”, izan ere, “zeharka bada ere” haien “lanaren kalitatearen gaineko balioespena zein gutxiespena” ezartzea ez zuten organigraman oso goiko bidelapurren esku utzi nahi.

Aste bi ez dira izango, berriz, Paul Beitiak kazeta honetantxe Durangoko Azokaren (masokaren?) inguruko kritika zorrotz bat idatzi zuela, kulturaren merkantilizazioaren eta merkatuaren hegemonia sozialak eragiten duen kultura motaren ikuspegitik. Bertan, euskal kulturaren auzia marko merkantilaren parametroez harago pentsatzeko ezintasunak dakartzan arazoez ziharduen, besteak beste. Bai luma zoliz jardun ere!

Esango nuke, kritikaren bi adierazpide horiek (administrazio kulturalaren izaera mafiosoaren aurreko asaldaketa, bata; analisi egiturazkoago eta egituratuagoa, bestea), artearen gaineko botere burgesaren aspektu bi seinalatzen dituztela, administratiboa eta merkantila, hurrenez hurren, egungo arte ekoizpen ia ororen existentzia baldintza bihurtu den azpiegitura konplexu bat osatzen dutenak. Merkatuak eta administrazioak determinatuta ageri dira, besteak beste, galeria eta museo zirkuituak, autonomia erlatibo gehiago ala gutxiagoko argitaletxe sareak, sarien, beken eta mekanismo ezberdinen bidezko prestigio artistikoaren banaketa prozesuak, eta abar luze bat. L’art pour l’art? Kar, kar, kar. Artea ez da autonomoa, ez dauka oinarri artistikorik. Gaur egun artea (jarri artearen tokian euskal kultura ala x) sostengatzen duen azpiegitura konplexuak izaera ekonomiko eta politikoa du, eta horrek mundutxo horretako partaideei eragiten dien dependentzia egoera ia guztizkoa da. Belaunikatzen ez dena eromenera, politoxikomaniara, miseria gorrira eta, kasurik onenean, bakardadera edo isolamendu instituzional eta merkantilera kondenatua dago (ikus, Rimbaud, Poe, Villon, Plath...). Ea, azken hau agian piska bat esajeratua gelditu zait. Gaur egun inor ez dago literaturagatik literalki bizitza emateko prest. Sasoi hori pasa zen.

Beno, natorren harira. Beitiak, testuaren bukaera aldera, zera zioen iradokitzaile bezain zehatz: “Gure premia errealei erantzungo dien kultur produkziorik ez da egongo produktibitate kapitalistaren baitan eta horregatik erantzungo diogu guk harekiko antagonikoa izango den kulturaren antolakuntzarekin”. Ohar zaitezte ez duela “antagonikoa izango den kultur ekoizpenarekin” edo “arte ekoizpenarekin” esaten, “kulturaren antolakuntzarekin” baino. Izan ere, “arte” deritzen kulturaren adierazpen konkretuak aztertzerakoan, bereizketa garrantzitsu bat egin behar da; batetik, haien ezaugarri intrintsekoen (obraren edukizko edo formazko ezaugarrien) artean eta, bestetik, obrok posible egiten dituen oinarri materialaren edo inskribatuta dauden zirkuituaren artean. Eta bereizketa egin behar da, batez ere, aspektu bi horiek elkarrekin nola erlazionatzen diren ulertzeko. Barkaidazue askatasun interpretatibo gehiegizkoa erabiltzea bada nik idatzia ez den testu batek funtsean zer dioen esaten saiatzea, baina, nago, seinalatzen dena ez dela, zehazki, adierazpen kultural konkretu baten eduki diskurtsibo eta formalak izaera erradikal eta apurtzaile bat izan behar duenik “gure premia errealei” erantzuteko (izan behar lukeenik ukatu gabe, eh), ezpada adierazpen kultural horiek posible egingo dituen eta sostengatuko dituen azpiegitura bat eraiki beharra dagoela independentzia politikoan eta ekonomikoan oinarrituta. Horietxek baitira gure premia errealak bai politikoki eta bai artistikoki: eskala sozialean langileriak kontrolatutako espazioak, ekoizpen eta hedapen bitartekoak, komunikabideak, elkarguneak... horiek baitira benetan indar plastikoaren gaineko kontrola ematen dutenak.

Indar plastikoa forma emateko gai den indarra da, eta esan dezakegu lana dela gizakiaren indar plastikoaren espresio behinena ez bada, oinarrizkoena, lehengaiari (eta, azken buruan, gizarteari) forma emateko gaitasuna, gizakia objektuan proiektatzekoa. Gaur egun, ordea, gizateria osoaren indar plastikoa norabidetzeko aginte gaitasuna burgesiak dauka kontzentratua, ekoizpen sozialaren bitartekoen jabe den heinean, eta ekoizpen kulturala ez dago, inondik ere, hortik salbu. “Norabidetzeko” diot, ez duelako erabat edo absolutuki determinatzen, hegemonikoki baizik; badagoelako indar plastikoa antagonikoki edo ordenamendu sozial kapitalistari oposizioan norabidetzen hasteko aukerarik, baina hori langile klasearen botere propioaren eraikuntza estrategiaren eskutik etorriko da ezinbestean, estrategia sozialista iraultzailearen eskutik. Arte ekoizpen antagonikoa, instituziogintza antagonikoak ahalbidetuko du soilik, lehen esan bezala, arteak ez daukalako oinarri artistikorik, sozial, ekonomiko eta politikoak baizik.

“Utikan Euskadi Sariak” manifestuaren bitartez egin zutena (sinatzaileetakoren batek edo bestek gerora sari hau jaso duela esan beharra badago ere) zinez interesgarria da, zerbaiten aurkako erreakzio bezala zerbait horren sintoma delako. Dena den, kritika edo erreakzio kultural bat ez da politika kultural positibo bat, baietzik ez da ezaren guda hutsetik sortzen: horretan datza indar erreaktiboaren eta plastikoaren arteko ezberdintasuna.

 


[i]Jon Alonso. “Euskadi Sariak”

[ii]“Utikan Euskadi Sariak” manifestua