Beste langile mugimendua

2019ko azaroaren 28a


Versión en castellano

Bigarren Mundu Gerraren osteko itun sozialari zegokion egonkortasuna (kapitalismoaren urte zoragarriak, 50eko eta 60ko hamarkadak) erabat zapuztu zen krisialdi ziklo berri baten ondorioz: 60eko hamarkadaren bigarren erdian eta bereziki 73an izandako beste krisialdi sakonarengatik eta horiekin batera greben eta lan-gatazken gorakadarengatik. Gertakari horien anparoan jaio zen «beste langile mugimendua» izenez ezagutzen duguna; Estatuan integratutako sindikatuen hausturari eta hainbat langile autonomia esperientziei erreferentzia egiten diena. Adibidez, Italiakoei, Alemaniakoei, Frantziakoei eta Espainiar Estatukoei.

Ezaugarri orokorrak

Oro har, esan daiteke nazioartean borroka hauek batzen zituzten ezaugarriak honakoak direla: borroken erradikaltasuna (batzuetan paraleloan borroka armatuak sortu ohi ziren eta besteetan zuzenean beren ondorioz), hedapena eta estatu aparatuaren parte bilakatutako sindikatuek hartutako deriba auzitan jartzea. Galdera ez zen jada ea sindikatuak iraultzarako baliagarriak ziren ala ez, galga ez ote ziren baizik.

Garaiotan migrazio mugimendu garrantzitsuak egon ziren: nazioartean (adibidez, Alemanian), eskala nazionalean (Italian herrialdearen hegoaldetik iparraldera), baita landa eremutik hirira ere (Espainiar Estatuan industria gune handietara emaniko migrazioa). Hiriko proletarioen konposizio berri horrek, nolabait esatearren, bultzada berri bat eman zien borrokei: Coloniako Ford-en greba basatia (1973), Fiat Mirafiori-ko 1969ko greba erraldoia Italian, edota urte horretatik aurrera Espainiar Estatuan erregistratutako grebak hirukoiztu izana dira horren adibide. Frantzian, 68ko maiatzaren testuinguruan, 10 milioi langile greban egotera iritsi ziren.

Kontsejismoaren eragina begien bistakoa zen, bai sindikatuen formak ukatzean, bai sortzen ziren proposamenetan. Orokorrean, joera langileen asanbladak osatzea zen. Hauetan ad hoc ordezkariak hautatzen ziren zerbait negoziatu behar bazen, betiere, ordezkari horien aldagarritasuna bermatuz. Sindikatu eta patronalarentzat hori desafio bat zen, ez baitzituzten ordezkari horiek onartzen (azken finean, haien filtrotik paseak ez zirelako). Hori zela eta, borrokak ordezkari «ilegal» horiek onartzera bideratzen ziren, sindikatuen ordezkariak saihestu asmoz. Zentzu horretan, negoziazioak ere estuagoak ziren, langileen bandoa gogorragoa baitzen eta hazita baitzegoen. Langileek, patronalak egindako eskakizunei entzungor egiten zieten eta negoziazioak askoz errazago hausten zituzten. Adibide moduan 1977an Gipuzkoako metalaren hitzarmena aipa daiteke, sindikaturik gabe lortu zena. Oro har, askotariko fabrikako komite, asanblada, erresistentzia kutxa eta bestelako proletarioen instituzioak joan ziren sortzen.

Lan-arloan, oso ohikoak ziren eskakizun bateratuak: esaterako, soldaten parekatzea berdina izan zedila denentzat eta ehunekoen bidezkoa beharrean, lan-orduak murriztu zitezela[1] eta tratu bera izan zezatela langile finkoek eta aldizkakoek. Horrez gain, proletarioen bizi-baldintzen borroka hainbat kostu murriztera ere bideratu zen, hala nola, garraioa, jatekoa, argindarra edo alokairua (okupazioak biderkatzen ari ziren bitartean). Horren adibide ziren Italiako auzoetako autoriduzioniak, besteak beste, gauzengatik inflazioaren aurreko prezioa ordaintzen zutenak, bat-batean ordaintzeari uztera iristeraino.

Interesgarria da alderdi psikologikoa ere, izan ere, benetan dena irabaztera zihoazen ustea zuten; baikortasun handia zegoen. Argiago ikusteko, mendeko lehenengo hamarkada amaierako iraultzen zikloari (Alemania, Hungaria, Errusia…) erreferentzia egiten dion garaiko kontzeptu oso epiko hau: «proletarioen bigarren oldarraldia».

Ezberdintasunak

Esperientzia guzti hauek ezin ditugu modu homogeneoan tratatu. Hala, Italian autonomiaren mugimenduak aberastasun eta sakontasun handia zuen teorizazioetan, antolaketarako saiakera eta estrategia propioak ezartzeari zegokienez beste inongo herrialdetan ikusi ez zena. Ikus dezagun zer zioten Pirelli fabrikako Oinarriko Batzorde Unitarioek (Comitati Unitari di Base)[2]:

Edozein eskakizun bere egin dezake kapitalak. Hain zuzen ere, borroka ekonomikoaren eta politikoaren batasuna da sistema kapitalista kolokan jar dezakeena. (…) Izan ere, borroka ekonomikoa emankorra izateko borroka politikotik eratorri behar da. Aldi berean, borroka politikoa ezin da bereiztu, desegin gabe, borroka ekonomikoetatik.

Sindikalismoaren auziari egiten zaion ekarpena benetan argigarria da. Izan ere, autonomiaren kausetako bat ekonomizismoaren irteerarik gabeko kobazuloan zegoen sindikalismoaren geldialdi egoera gainditzeko beharra izan zen. Italian berriro ere mahai gainean jarri zen borroka ekonomikoaren eta politikoaren arteko banaketa gainditzea, lehenago Marxek proposatu zuen moduan.

Bestalde, Espainiar Estatuan, baldintza materialek erraietatik aterarazi zuten esperientzia bat izan zen, hausnarketatik baino. Hori dela eta, Italian Kapitala-Lana harremana eta Soldatapeko Lana bera auzitan jartzen ziren bitartean, Espainiar Estatuan, istiluak gogorrak eta hedapen handikoak bizi eta asanblada ugari sortu arren, gehienetan lan-arloko aldarrietara mugatzen ziren. Ez zen estrategia bat proposatzeko gai zen korronte autonomo bereizturik mamitu. Gainera, asanblada autonomoek, uneoro beren buruak CCOO eta PCEren esku-hartzeetatik defendatu behar izaten zituzten trantsizioaren (edo beste batzuek zioten bezala, transakzioaren) testuinguruan, beste zenbait talde politikoren esku-hartzeetatik bezalatsu. Talde politiko eta sindikatu horiek autonomiaren adierazpena demokrazia burgesaren  aldarrietara bideratzen saiatu ohi ziren, zuzenean bere aurka jotzen edo baztertzen saiatzen ez ziren kasuetan.

Ondorioak

Mugimendu autonomoarekiko gertutasuna edo sinpatia sentitzeagatik ezin ditugu bere porrota ekarri zuten hainbat auzi aztertu gabe utzi. Lehenik eta behin, bai borrokek eta bai langile batzordeek hartu zituzten formak goranzko borroka testuinguruan izan ziren posible eta eraginkorrak. Ondorioz, garaituak izan ostean asko kostatu zitzaien burua altxatzea. Izan ere, bake sozialaren garaietan, gizartean orokortutako mugimendu bat ez izateak zaildu egiten du borroka molde horiek gauzatzea. Gainera, borrokak desbideratzen saiatzeagatik alderdi politikoei egiten zieten gaitzespenak, zentzuzkoa izan arren, orokorrean politikarekiko gaitzespena izan zuen ondoriotzat. Hori zela eta erori ziren borroka horiek norabidea markatuko zuen perspektiba orokor eta bateratu bat zailtzen zuten inertzietan. Azkenerako, ukapen hori ahultzen zihoan neurrian, sindikatuak indartuta atera ziren eta lortutako garaipen edo aurrerapausoak ere aurreko egoerara itzuli ziren. Laburbilduz, oso erakargarriak eta epikoak iruditu arren ezin ditugu iraganeko esperientziak zuzenean kopiatu. Gainera, borroka ekonomikoa bere kabuz agortzen da, iraultzaren perspektiba orokorra integratua ez badago, Pirelliko Oinarriko Batzordeek ondo aurreikusi zuten moduan.

Halaber, langile autonomiak, gainditu nahi zuen ekonomizismoaren zama gainean zeraman oraindik ere. Izan ere, borrokak fabriketako langileengan zentratzen jarraitzen zuten eta lan-arlora soilik mugatzen ziren –Italian izan ezik—. Azkenerako, antolaketa moduen izaera iragankorrak mugimendua (edo mugimenduaren azken hondarrak) atzera egitera eta Oinarriko Batzordeetara itzultzera derrigortu zuen, Italian kasu, non patronalarentzat bitartekari baliagarri izaten amaituko zuten. Beste kasu askotan, kapitalismoan integratuta amaitu zuten. Hots, mugimendu horien izaera horizontala ez zen inondik inora gainbeheraren aurkako bermea izan.

Izandako borroka uholdeen porrotarekin, ekoizpen sarean –eta ondorioz klase osaketan ere—berregituraketak egon ziren, industria periferia kapitalistan birkokatzea esaterako. Fenomeno horretan oinarritu zen proletarioen subjektu iraultzailearen aurkako tesia. Mundu mailan industriak hazten jarraitu duen arren, orain Mendebaldetik lekualdatuta dagoelako. Baikortasunaren ondorengo ajea oso sakona izan zen eta oraindik ere hala jarraitzen dugu: ez da iraultzaren inguruko kontakizunik entzun nahi eta proletalgoari subjektu iraultzaile izaera ukatzen zaio subjektu anitzeko taldeen mesedetan, zuzenean subjektu kolektiboa errefusatzen ez denetan.

Kontuak kontu eta garapen handirik izan ez arren, aipatutako autoriduzionien kasuak sakontasun handiagoz aztertu behar dugun bide bat markatzen digu. Zentzu horretan, egia da garaipen bidez eskuratutako baldintza materialen hobekuntzak iragankorrak izaten direla[3], baina hauen defentsa lan-arlotik haratago bizitzako arlo gehiagotan –alokairua, argindarra, ura, jatekoa, garraioa, etab.— artikulatzeak, gure eraginkortasuna handitzen du, ekonomizismoa gainditzeko urrats bat delarik. Horrez gain, aipatzekoa da mugimendu autonomoak, kapitalismoaren kontroletik kanpo zeuden proletarioen instituzio independenteak sortzen asmatu zuela. Mugimendu horiek, aldi berean, perspektiba integrala izan behar dute, beren buruarekiko zentzuaz haratago doan zentzua emango dien prisma integrala, alegia.

Azken ondorio moduan, autonomiaren porrota oso gogorra izanagatik, etorkizuneko erronkei eusteko hainbat gako uzten dizkigu: bai proletarioen baldintza materialen defentsarako borroketarako, bai eta borroka ekonomikoaren eta politikoaren arteko harremanerako ere. Ezin gara beraz igarotako esperientzien ezkortasunean jausi, ezta esperientzia horiek zein epikoak izan ziren goratzean ere. Horiek ere kontraesanez beteta egon baitziren.


[1] Duela gutxi hil den Nanni Ballestrini-k Lo queremos todo eleberrian honela zioen: «Eramaten dituzten karteletan idatzita dago “Lan gutxiago egin nahi dugu eta gehiago irabazi”».

[2] Batzorde horiek Italiako mugimendu autonomoaren aurrekari izango ziren.

[3] Hori dela eta hitz egin ohi da horietaz Sísiforen lana balira bezala: «Mendi batean aldapa gora harri bati bultzaka aritzea, eta iritsi aurretik harri hori maldan behera erortzea. Horrela, behin eta berriz prozesu absurdu eta gogaikarri horri ekin behar izaten zion».