ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/10/30 08:18

"Oligarkia finantzarioak, politikari profesionalek zein enpresaburu handiek ezarritako salbuespen egoeraren" aurkako kanpaina politikoa jarri du martxan Gazte Koordinadora Sozialistak, Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu! izenpean. Atzo egindako adierazpenetan, GKSko kideek gogor kritikatu zituzten, azken egunetan, osasun-krisiaren aitzakiapean hartu diren "neurri totalitario" berriak, eta salatu zuten "normalizatzen" ari dela "masa zabalen pobretzea eta eskubide zibilen nahiz politikoen urraketak dakartzaten neurrien aplikazioa".

GKSk seinalatu du, halako esku-hartzeekin, "datozen urteetarako gizarte ereduaren oinarriak" zeintzuk izango diren "definitu" duela "goi-burgesiak": "Pobrezia orokortua, eskubideen zein askatasunen indargabetzea, eredu soziokultural alienantea eta polizia-estatua".

KAPITALAREN ESKAINTZA

"Alderdi politiko instituzional guztiek", salbuespenik gabe, "kapitalaren eskaintza hori" onartu dutela salatu dute GKSko kideek. "Horren adierazle da, besteak beste, azken egunetan alderdi politikoek izan duten jarrera, non eskubide zibil eta politikoak egun batetik bestera ezabatu izanaren aurrean ez duen inork oposizio errealik planteatu, ezta sozialdemokraziak ere", diote.

Sozialdemokraziak "gobernuek hartu dituzten neurriak zuritu" izana gaitzetsi dute, "langileriaren sektore ugariren gainean sekulako ardura pertsonala jarri" dutelakoan. Nabarmendu du "osasun-larritasunaren gaineko ardura", beraz, "oligarkiarena" eta "egiturazkoa" dela, "ez indibiduala".

OINARRIZKO ESKUBIDEAK

"Geratzeko etorri den eredu sozial totalitarioaren aurrean", GKSk nabarmendu du "oinarrizko eskubide batzuk ezin direla inoiz ezabatu eta absolutuak direla", eta "horien gabezian", "boterearen arbitrariotasunaren esku geratzen dela jendartea".

Azaldu du aldaketa horiek guztiak "kapitalismoaren fase aldaketaren baitan ulertu" behar direla; "krisi kapitalistak" ireki duen "ziklo produktibo berriaren" baitan. Horrek "proletarizazio-prozesua bultzatu" duela gaitzetsi dute GKSko kideek, nabarmenduz "pobrezia orokortuari burgesiaren ikuspegitik ondoen egokitzen zaion eredu soziala askatasun ezean oinarritzen den eredua" dela.

Gaur egun "oligarkia finantzarioaren aginte gero eta handiagoaren menpeko gizarte eredu diziplinarioaren eta proletarizatuaren paradigma historikoaren hastapenetan" aurkitzen garela salatu dute, hortaz: "Oraingo arauak pobrezia, arbitrariotasuna eta kontrol soziala dira". Izan ere, ohartarazi dute, "oinarrizko eskubide eta askatasunik gabe", "biztanleriaren gehiengoa babesgabe geratzen dela boterearen dena delako interferentzia arbitrarioen aurrean".

BI BANDO ETA ANTOLAKUNTZA KOMUNISTARAKO HAUTUA

Gizarte kapitalistan "bi bando" irten dira azalera, GKSko kideen esanetan: "Batetik, politikari profesionalen, kapital finantzarioaren eta enpresaburu handien bandoa; bestetik, gero eta handiagoa den proletariotzarena". "Klase ertaina", ordea, "edo proletarizatzen ari da edo otzanki onartzen eta babesten ditu burgesiaren neurriak", azaldu dutenez.

Hala, "bizi dugun egoerari aurre egiteko bitarteko nagusia proletariotzaren antolakuntza komunista dela" aldarrikatu dute, "eskubideen defentsarako eta askatasunaren unibertsalizaziorako alderdi" modura ulertuta. Horrek "erreferentzia" egingo lioke "eskubide eta askatasunen eremua ekonomiara eta eremu sozial osora zabaltzeko proiektu historikoari". "Indar antolatu baten gabezian, ez dago eskubide eta askatasunerako berme errealik", adierazi du GKSk.

"Egungo pandemia bezalako larrialdi egoeretan", gainera, "bi irizpide orokor lehenetsi" behar direlakoan dago: "pertsonen osasuna" batetik, eta "jendartearen oinarrizko eskubide zein beharrizanak", bestetik. "Oligarkiak ez ditu ez bata ez bestea beteko", dio. Horrekin lotuta, "kriminalizatzeko subjektu bat" egotekotan, hori burgesia dela azpimarratu du.

BIHARKO MOBILIZAZIOAK

Salaketa kanpainaren eskutik, GKSk mobilizazioak iragarri ditu bihar arratsalderako Euskal Herriko hainbat eskualdeetan, Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu! aldarrikatzeko. Ondorengoak dira hitzorduak:

  • Donostia (Gipuzkoa): 18:30 Bilbao plazan, PSOEren egoitza aurrean.
  • Hernani (Gipuzkoa): 18:30 Plaza Berrian.
  • Tolosa (Gipuzkoa): 18:30 Belate plazan, PSOEren egoitza aurrean.
  • Azpeitia (Gipuzkoa): 19:30 herriko plazan.
  • Ordizia (Gipuzkoa): 18:30 udaletxe plazan.
  • Bergara (Gipuzkoa): 18:30 epaitegietan, EAJren egoitza aurrean.
  • Iruñea (Nafarroa): 18:30 Sarasate pasealekuan, PSOEren egoitza aurrean.
  • Lizarra (Gipuzkoa): 18:30 Doctor Juarte San Juan kalean, PSOEren egoitza aurrean.
  • Gasteiz (Araba): 18:30 Andra Mari Zuriaren plazan, EAJren egoitza aurrean.
  • Bilbo (Bizkaia): 20:00 Sabin Etxearen aurrean.
  • Gernika (Bizkaia): 18:30 udaletxe aurrean.
  • Durango (Bizkaia): 18:30 Ezkurdi plazan.
  • Lekeitio (Bizkaia): 18:30 Eskolapean.