ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/09 09:15

Zalantzarik gabe, ikusmina sortu du Ekida arte ekimen sozialistaren proiektu berriak. Arte ekoizpen propioarekin jarraitzen du Ekidak, eta jendaurrean aurkeztu du jada bere azkeneko sorkuntza. Joan den larunbatean estreinatu zuen Agirretarren bandera antzezlana Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian, eta goraino bete zen aretoa; 500 pertsona baino gehiago joan ziren estreinaldira.

Familia bat —Agirretarrak— da antzezlaneko protagonista. Eugenio Agirreren heriotza da abiapuntua, eta horren ostean bere bi alabek eta hiru bilobek bizitakoak eta hitz egindakoak kontatzen dira oholtza gainean. Bi belaunaldi parez pare —bi amak eta haien hiru seme-alabak—, eta krisi kapitalista garaian indarrez loratutako kezkak, ezinegonak eta hausnarketak, bata bestearen atzetik.

Ekida arduratu da antzezlanaren ekoizpen- eta antolaketa-lanez, eta jende ugarik hartu du parte sorkuntza prozesuan: Ainhoa Mariezkurrenak, Ane Biainek, Aratz Fernandez de Pinedok, Ibon Gerrak, Lurdes Ondarok, Maialen Mallesek, Mikel Izurietak, Naiara Azpilikuetak, Onintze Goitizek, Paul Beitiak, eta abar. Guztira bost kidek egiten dituzte antzezle-lanak, eta zuzeneko musikaz arduratzen da Eñaut Zubizarreta Trigger, nagusiki, biolontxeloak lagunduta.

Emanaldi gehiago

Ekidak iragarri duenez, estreinaldiaren ostean, Euskal Herriko beste hainbat txokotara eramango dute Agirretarren bandera. Asmoa da datozen hilabeteetan emanaldi gehiago eskaintzea beste herri batzuetan, ez soilik antzokietan; kalean ere arituko dira. Laster emango dute hitzordu horien berri.

Egun borobila

Antzezlanaren estreinaldiaz gain, ekimen gehiago izan ziren larunbatean Azpeitian, Ekidak antolatuta. Arratsaldean musika emanaldi akustiko bat eskaini zuten Azpeitiko plazan, eta gero, lau bertsolari aritu ziren kantuan: Aitor Bizkarra, Maide Garmendia, Beñat Astiz eta Gorka Pagonabarra.

Gauean, berriz, Azpeitiko Gaztetxean jarraitu zuen eskaintzak. Desgaraian eta Rodeo musika taldeen kontzertuak izan ziren, eta DJ Mitok jarri zuen musika ondotik.

NO HAY COMENTARIOS