ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/02 10:08

Une honetan 2 eurotik gora balio dute gasolina litroak nahiz diesel litroak, eta badirudi gora egiten jarraituko dutela prezioek: Bilboko (Bizkaia) eta Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistek azaldu dutenez, "hainbat iragarpenen arabera, prezioak 3 eurora irits daitezke uda honetan bertan". Hain zuzen, testuinguru horretan deitu dute mobilizatzera bi Kontseilu Sozialistek, erregaien prezioa muga dezatela exijitzeko.

17:00etan hasi da mobilizazioa Nafarroako hiriburuan, eta 18:00etan Bizkaiko hiriburuan. Lelo berdina izan dute biek: Gasolinaren prezioari muga ezarri. Paremos el expolio de los salarios.

Bilboko nahiz Iruñerriko Kontseilu Sozialistek salatu dute "bizitzaren garestitzea gero eta zama handiagoa" dela "langileon gainean", eta "krisi kapitalistak sorturiko oinarrizko produktuen prezioen igoerak, enpresa askotako soldaten jaitsierarekin batera, egoera biziki larrian utzi" duela "langileriaren zati handi bat". Ohartarazi dute "soldaten jaitsiera antolatu bat" dagoela martxan, "enpresari handiek eta politikari profesionalek gidatua, eta enpresa ertain eta txiki guztietara hedatzen ari dena".

Erantzuleak eta onuradunak

Erregaien garestitzeari dagokionez "eskuak garbitzeko", Espainiako Gobernuak "laguntza sinboliko bat" ezarri zuela diote bi Kontseilu Sozialistek, baina auzitan jarri dituzte horren eraginkortasuna eta ondorio errealak: "Prezioak etengabe ari direnez gora egiten, ez du ezertarako balio izan deskontuak. Are gehiago, gobernua diru-sarrerak handitzen ari da erregaien prezioen igoerari esker, zergen bidez".

"Prezioen gorakada etengabearen atzean", hala, "multinazional handien eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana dagoela" salatu dute. Horren helburuak ondokoak direla seinalatu dute, gainera: "multinazional horien irabaziak biderkatzea eta Espainiako Estatuaren diru-iturrien hazkunde artifiziala, langileon soldaten erabateko lapurretaren bidez".

"Ez litzateke arraroa izango PSOEko edota Podemoseko zenbait politikari, urte batzuen buruan, enpresa horietako administrazio kontseiluetan ikustea. Horrela funtzionatzen du ustelkeriak Espainiako Estatuan eta herrialde kapitalista guztietan", nabarmendu dute bi Kontseilu Sozialistetako kideek: "Estatu kapitalisten eta multinazional handien arteko lotura oso nabarmena da auzi honetan".

Bestalde, seinalatu dute "esanguratsua" dela erregaiena bezalako "auzi handietan" talde parlamentario guztiak bat etortzea. NATOren "goi-bilera kriminalaren" inguruan edota Europako aurrekontuen onarpenaren inguruan izan den adostasuna ere horren adibide modura aipatu dute.

Eskaerak, defentsarako

"Egoera horrek muga guztiak gainditu ditu langileon antolakuntza independentearen faltaren ondorioz, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu, langileon bizitzak defendatzeko orduan, Estatuari zenbait neurri exijitzea borrokaren bitartez", xehatu dute bi Kontseilu Sozialistek. Beraz, bi eskaera zehatz egin dituzte, Espainiako Gobernuari zuzenduta: "erregaien prezioari muga bat jar diezaiola, finkoa eta hogei zentimoko deskontua baino askoz ere nabarmenagoa" eta "erregai litroaren prezioak pandemia aurreko zenbatekoetara jaistea, gutxienez".

"Badakigu Espainiako Estatua, alderdi politiko instituzionalekin batera, multinazional handien zerbitzura dagoela; horregatik, ezinbestekoa da langile klasearen eskubide ekonomikoak borroka bidez irabaztea", aldarrikatu dute: "Indar hori garatzeko, funtsezkoa da langileon antolaketa independentea indartzea, langileok kontrolatutako estatu sozialista eraikitzea helburu; baliabide guztiak langile klasearen kontrolpean jarriko dituen estatu sozialista".

Jakinarazi dute haien helburua dela "langileria osoaren tresna" izatea Kontseilu Sozialistak, "aipatutako norabidean lan eginez". "Dei egiten dizuegu langileriaren eskubide ekonomikoen defentsan eta estatu sozialistaren bidean zuen aletxoa jartzera", gaineratu dute Bilboko eta Iruñerriko Kontseilu Sozialistek mobilizazioak amaitzean.

NO HAY COMENTARIOS