ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/24 13:10

Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistak duela gutxi eman du Etxebizitza Sindikatu baten sorreraren berri, eta urrats berdina egin du Donostiako (Gipuzkoa) Kontseilu Sozialistak: aste honetan jakinarazi du Etxebizitza Sindikatu bat jarriko duela martxan Gipuzkoako hiriburuan. Abenduaren 16an aurkeztuko du ekimen berria jendaurrean; Lugaritz Kultur Etxean izango da aurkezpen saioa, 19:00etan.

"Krisi baten testuinguru latza bizitzen ari gara, eta horren aurrean, burgesia eskubide politiko eta sozialak murrizten nahiz errepresio gaitasunak areagotzen ari da", nabarmendu dute Kontseilu Sozialistako kideek gaur egungo egoerari buruz: "Kontentzio sozialerako politikak ezartzen ari da, eta horiek irabazi modura saldu nahi dizkiguten arren, propaganda hutsa besterik ez dira". Egoera horretan, "etxebizitzarekin lotutako arazoak ere gero eta handiagoak" direla azaldu dute, aipamena eginda, besteak beste, "alokairuen edota etxebizitzen prezio neurrigabeei, etxejabeek egindako gehiegikeriei nahiz uraren, gasaren edota elektrizitatearen kostuei".

Donostiako Etxebizitza Sindikatua, hain zuzen, "esparru horretan autodefentsa sozialista antolatzeko asmoz" sortu dute; Kontseilu Sozialistako kideen esanetan, "kasu bakan batzuk kudeatzetik zein karitate ariketa hutsaletik harago, borroka fronteak martxan jartzeko". Hainbat helbururi egin diete azpimarra bide horretan; hala nola, "etxegabetzeei eta etxejabeen inpunitateari aurre egiteari, alokairuaren prezio-igoera gelditzeari eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den etxebizitza aldarrikatzeari".

NO HAY COMENTARIOS