ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/31 01:50
Ekainaren 29etik 30era Madrilen egingo duten NATOren goi-bilerak ezohiko ardura piztu du Espainiako Estatuan. Fernando Grande-Marlaskaren Barne Ministerioko arduradunek azpimarratu dutenez, operazioak "soberan" gaindituko ditu azken hamarkadetako dispositiborik handienak.

Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) hainbat aste daramatzate bilkuraren babes-sistema betetzen, protokoloa bera urtarriletik prest baitago. Iturri polizialek zenbait hedabideri jakinarazi dietenez, Espainiako Poliziako milaka agentek  "zaintza- zein kontrol-lanak egiteko jarraibideak" jaso dituzte dagoeneko, eta datozen egunetan jarduera horiek "areagotu" egingo direla ziurtatu dute.

Mundu osoan oihartzuna izanen duen egitasmoa "normaltasun osoz" gauzatzea da Espainiako Estatuaren eta bere aliatuen helburua. Antolatzaileek goi-bileraren garrantzia azpimarratu dute: "Madril mundu librearen hiriburu izango da 48 orduz". Gainera, testuingurua bereziki nahasia da Aliantza Atlantikoarentzat zein Espainiako Estatuarentzat, Ukrainako gerrak eta Pegasus auziak foku mediatikoa NATOren eta Espainiako inteligentzia-zerbitzuen gainean jarri duten honetan.

"Mehatxu hirukoitza"

Egoera hauskor horren erdian, hiru mehatxu nagusi identifikatu ditu Espainiako Estatuko Barne Ministerioak: "jihadismoa", "talde antisistema bortitzak" eta "potentzia atzerritarrak"; hots, "atentatuak, protestak eta sabotajeak jasateko aukera". Horren aurrean, Barne zein Defentsa ministerioek ezohiko baliabideak jarri dituzte martxan, "lurreko segurtasun klasikoa" deritzonaz harago.

Batetik, CNIren "bihotz teknologikoak", Espainiako Zentro Kriptologikoak (CCN), "espioitza-sareak neutralizatzeko kontrainteligentzia-bilaketak" aktibatu ditu. Bestetik, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren informazio-zerbitzuen ikerketek "mugimendu antisistemen deialdiak" monitorizatuko dituzte. Azkenik, "aire-espazioaren blindatzea" bermatzeko lanetan ere ari dira, drone gailuen erasoen aurka. 

Aire-bazterketa eremua

Segurtasun Nazionaleko Departamentuak Madrilgo Erkidegoaren zati handi baten eta probintzia mugakideen gainean "aire-bazterketako eremu bat" osatzeko asmoa azaldu zuen, "murrizketak urratzen dituen edozein aireontzi eraisteko baimena izateko". Ukrainako gerraren hasieraz geroztik, Grande-Marlaskaren eta Roblesen —Defentsa ministroa— sailetako arduradunen arteko koordinazio-bileretako txosten ugaritan agertzen da drone bidezko erasoak jasateko beldurra.

Gauzak horrela, Espainiako Estatua eta Aliantza Atlantikoko kideak Awacs radar hegazkin berezia mobilizatzea aztertzen ari dira. Nolanahi ere, gailurrak iraungo dituen bi egunetan Torrejon de Ardozeko aire-baseko ia 30 ehiza-hegazkin "etengabeko alerta egoeran" egongo dira. Defentsak Lurreko Armadako Airearen Aurkako Artilleriaren Aginteko unitateak ere mobilizatu nahi ditu, "aireko mehatxuen" aurkako planaren barruan.

Lurreko kontrol klasikoa

Lurrazalaren kontrolerako hedapen polizial klasikoaz, bestalde, Espainiako Polizia arduratuko da gehienbat. 13.000 agente mobilizatuko ditu Espainiako Estatuko hiriburura, bertan dauden ohiko 12.000 poliziez gain. Errefortzuen artean, 3.000 agente Istiluen Aurkako Unitatekoak (UIP) izanen dira.

Hori gutxi balitz, dispositiboan parte hartuko dute Herritar Segurtasunak, UPR delakoak (prebentzio eta erreakziorako unitate berezia), informazio-zerbitzuek, txakurren unitateek, lehergailuen aurkako adituek, lur-azpiko espezialistek, zalditeriak, UCPko bizkartzainek eta GEO eliteko unitate bereziak.

Aurrez ikertzen

Fernando Grande-Marlaska ministroak ez du ezer ausaz gertatzerik nahi, eta "bulegoko lan handia" jarri die Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta CNIri: "pertsonen kontrola, komunikazioen monitorizazioa eta kontrazaintza". Hala, poliziaren datu-baseetan egiaztapenak egiten ari dira, "profil susmagarrien bila", eta Atzerritarren eta Mugen Komisaria Nagusiak, berriz, estatuan sartzen diren pertsonen kontrol zorrotzagoa bermatzen du.

NO HAY COMENTARIOS