ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Herri Unibertsitatea
2021/03/18 10:39

Unibertsitateetako ikasle mugimenduak amaiera eman dio Herri Unibertsitate nazionalaren aurtengo edizioari. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) jarritako oztopoen gainetik, egitasmoak 300 bat ikasle batu ditu Gasteizko (Araba) campusean, hamaika gairen inguruan hausnartzeko helburuarekin.


Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, Farmazia Fakultatean, Letren Fakultatean, Elurretan eta Hegoalde Gizarte Etxean izan dira Herri Unibertsitateko saioak bi egunetan zehar; solasaldiak, mahai-inguruak, arte erakusketa bat eta Ekidaren ikuskizuna tarteko.


Martxoaren 16a


Ikasleak asteazken goizean bertaratu ziren urtez urte hazten ari diren jardunaldiotan parte hartzera. 10:30ean ekin zioten egitarauko lehen blokeari, aurrez aurreko bi saiorekin: Ekida kultur ekimen sozialistaren aurkezpena eta Café Marx kolektiboaren solasaldia, posmodernitatearen hurrenkera filosofikoari buruz. Francisco Erice Sebaresek eta Miren Etxezarretak, aldiz, telematikoki eskaini zituzten Friedrich Engelsen ekarpen teorikoaren eta kapitalismoaren egungo joeren inguruko hitzaldiak, hurrenez hurren.


Goizeko bigarren atalari dagokionez, ekonomia politikoaren kritikaren inguruko bi gai landu ziren, Juan Iñigo Carreraren eta Roberto Escorciaren eskutik: Carrerak kapital harremana eta langile klasea subjektu iraultzaile gisa aztertu zituen batetik, eta Karl Marxen metodo dialektikoaren inguruko eztabaida elikatu zuen Escorciak, bestetik. Streaming bidez gauzatutako bi solasaldi horiez gain, Gorka Torrek klaserik gabeko gizartean hezkuntzak izan behar lukeen formaren inguruan hausnartzera bultzatu zituen ikasleak.


Aurreneko saioak burututa, Gasteizko campuseko errektoreordetzaren aurrean elkarretaratu ziren ehunka pertsona, Herri Unibertsitatearen aurkako erasorik ez! lemapean. Hala, EHUk Herri Unibertsitatea egiteko jarritako traba guztiak salatu zituzten. "Ez dugu ikasle mugimenduaren eta antolakuntza propioaren aurkako jarrera autoritariorik onartuko", berretsi zuten ikasleek aho batez.


Astearte arratsaldean beste lau saio izan ziren. Itaiak hainbat ekarpen politiko egin zituen genero auziaren inguruan, Carmen Parejok Myanmarreko estatu kolpearen xehetasunak azaldu zituen, Aitor Bizkarrak euskararen eta klase sozialen arteko harremanaren inguruko gerturapen analitiko bat aurkeztu zuen, eta Alberto Riescok, berriz, soldatapeko lanaren mugen eta enplegu forma berrien inguruko ikuspegi eguneratua izan zuen hizketagai.


Egunari amaiera emateko, ikasleek Manifestua izeneko ikuskizunaz gozatu zuten Hegoaldeko Gizarte Etxean, Ekidaren eskutik.


Martxoaren 17a


Asteazkeneko lehen blokean beste hiru saio egin ziren, 10:30ean hasita. Mario del Rosalek erreformismo sozialdemokrataren ibilbidea izan zuen aztergai, oinarrietatik hasi eta forma garaikideetaraino. Imanol Satrustegik 70eko hamarkadako ezker erradikalaren inguruan osatutako tesia aurkeztu zuen ikasleen aurrean, haustura iraultzailerako proposamena zeramaten antolakunde zein alderdiak gogora ekarriz. Hirugarrenik, Mugimendu Sozialistako bi kidek Alderdi Komunistaren eraikuntzaren inguruko hipotesiak eta ardatz estrategikoak azaldu zituzten solasaldi formatuan.


Aurreko saioa amaitu eta berehala, ikasleek JFKZko areto nagusian geratzea erabaki zuten, dekanotzaren mehatxuei aurre eginez. Izan ere, EHUk 30 pertsonako edukiera zuten bi gela baino ez zizkien eskaintzen Farmazia Fakultatean egitekoa zen gazte antolakundeen mahai-ingururako. Herri Unibertsitateko antolatzaileen esanetan, han "ezin daitezke ehunka pertsona elkartu dituzten jardunaldiak egin".


Iragan asteko salaketa publikoan ohartarazi zuten bezala, ekimena "ahalik eta baldintza onenetan egitearen alde" lerratu dira ikasleak, eta halaxe gauzatu ahal izan zuten egitarauaren azkeneko zatiaGazte Koordinadora Sozialista, Arran eta Castella aritu ziren azken blokeko bi saioetako batean, gazte antolakundeen izaeraren eta ekarpen iraultzailearen inguruan. Bien bitartean, Ikasle Abertzaleak eta Herrialde Katalanetako SEPC ikasle sindikatua Farmaziako Fakultateko gela batean elkartu ziren, ikasle mugimenduaren berehalako erronkez eztabaidatzeko.

NO HAY COMENTARIOS