ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/20 12:16

Beasainen (Gipuzkoa), oraingoz, ez da egongo etxe-giroan indarkeria matxista jasan duten emakumeei bideratutako babes pisurik. Goierriko Itaiak iazko azaroan abiatu zuen Beasainen baliabide hori bermatzeko borroka. "Hasieratik argia izan da gure eskaria udalaren aurrean: oinarrizkoa den baliabide hori bermatzea herrian", ekarri du gogora Itaiak. Eskaera horri, baina, ezezkoa ematen jarraitzen du Beasaingo Udalak.

"Lehen momentutik udalak ez ikusiarena egin du gure eskariaren aurrean. Are gehiago, lehen bileran, herrian horrelako kasurik ez zegoela eta, babes pisua jarriz gero, hutsik egongo zela erabili zuten justifikazio gisa", jakinarazi dute berriki Itaiako kideek. Udalaren ustezko argudio hori gezurtatu dute: 2019an, gutxienez hemezortzi indarkeria matxista kasu izan ziren etxe-giroan, eta 2021ean, berriz, 26. "Gainera, irtenbiderik ez egoteak edota horrek prozesu lazgarriak eragiteak (beste herri batera mugitu beharra, adibidez), horrelako kasuak ez salatzea eragiten du", seinalatu du Itaiak.

Azken bilera udalarekin

Aurreko ostegunean, otsailaren 16an, bildu ziren azkenekoz Goierriko Itaiako zenbait kide eta Beasaingo Udaleko ordezkariak. Itaiako kideek ehunka sinadura lortu dituzte babes pisuaren aldeko eskaera babesten, eta horiek guztiak eraman zituzten bilerara. Udalaren jarrera, dena den, berdina izan zen: ez du babes pisurik bermatuko Beasainen, eta ez du bestelako baliabiderik ziurtatuko.

"Udalak babes pisua jartzeko inolako interesik ez duela ikusita, Goierriko Itaiatik gure bide propioa eraikitzen jarraituko dugu egoera horietan diren emakumeei babesa eskaintzeko eta indarkeria matxistarekin amaitzeko forma politikoak garatuz", ondorioztatu zuten bileraren ostean Itaiako kideek.

Instituzioen fartsa

Goierriko Itaiak gogorarazi du, "interes elektoralistak tarteko", hainbat prozesu parte-hartzaile jarri dituela martxan udalak azken urtean. "Errealitatean, baina, iritzia haien kontrolpean izateko eta aurpegia zuritzeko mugimendu bat baino ez dira", ohartarazi du: "Kasu honetan ikusi den bezala, ez dute borondate errealik ez gaitasunik egoera zaurgarrienean dauden horien egoera konpontzeko".

"Instituzio burgesek fartsa besterik ez diote saltzen emakume langileari. Horietatik kanpo antolatu behar gara, haiek mantentzen duten sistema gainditzeko eta emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko modu bakarra baita", gaineratu du Itaiak.

NO HAY COMENTARIOS