ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/09/12 10:28

Hamar egun igaro dira Errotxapeako Gaztetxearen (Iruñerria, Nafarroa) hustetik. La Caixak, Iruñeko Udalak eta Juslaberri enpresak martxan jarritako prozedura judizialak irailaren 2an eman zuen buru: goizean sartu ziren gaztetxera indar-polizialak, eta hala hasi zen espazioaren eta inguruko bost industria-nabeen eraisketa.

Errotxapeako Gaztetxearen bosgarren urteurrenaren atarian izan zen desalojoa, eta gaztetxeko kideek atzo gogorarazi zutenez, polizien bortizkeriak markatutako hustea izan zen: jende asko bertaratu zen desalojoa zela-eta protesta egitera, eta Espainiako Polizia gogor oldartu zen haien aurka. Zenbakiek argi hitz egiten dute: gutxienez 50 zauritu, sei atxilotu eta 150 identifikatu izan ziren.

Gaztetxeko kideek, hala, manifestaziora deitu zuten atzorako, Antolatzerik ez espaziorik gabe lelopean. Jendetzak egin zuen bat deialdiarekin, eta 18:00etan Maiteminduen Parketik hasita, "gure espazioen eta antolakuntzarako aukeren defentsa" aldarrikatu zuten Errotxapeako karriketan.

GATAZKAZ

Iruñeko Udalaren, Juslaberri enpresaren, La Caixaren eta Lone Star putre-funtsaren (gaur egun harena da La Caixaren jabetzakoa zen zati bat) asmoa da, Errotxapeako Gaztetxea eta inguruko industria-nabeak eraistean, etxebizitza berriak eraikitzea eremu horretan. "Jabedunek espazioa objektu soil bat bilakatu nahi dute Kapitala metatzen jarraitzeko helburuarekin", salatu zuten manifestazio amaieran gaztetxeko kideek.

"Bi interes antagonikoren arteko konfrontazioaz" hitz egin zuten, beraz. Batetik "Kapitalaren interesa" egongo litzateke, "jabetza pribatuaren defentsa" egiten duena "sistema judizialaren eta polizialaren" bidez; bestetik, "gaztetxeko asanbladaren interesak" egongo lirateke kasu honetan, "onura indibiduala bilatu beharrean, auzoko jendearentzako eta, oro har, langileentzako tresnak eta espazioa eskaintzeko" lan egiten duena. Lan horren isla izango litzateke, hain justu, Errotxapeako Gaztetxea bera.

URRATSAK BORROKARAKO AHALMENEAN

"Espazioetara sarbidea eskuratzeko irizpide bakarra dirua den gizarte eredu honetan, okupazioa legez eta indarrez geroz eta kolpatuagoa den garaian, gaztetxeak eta beste espazio mota batzuk etengabe erasotuak eta hustuak izaten ari dira", ohartarazi zuten atzokoan: "Horrek ondorio larriak dauzka antolakuntza aukera bakartzat dugunontzat eta berau instituzioetatik kanpo aurrera eramaten dugunontzat: espazioetatik kanporatuak izaten ari gara, eta antolakuntzarako baliabiderik gabe utzi nahi gaituzte".

Horren guztiaren aurrean, langile kontrolpeko espazioen aldeko borrokan "aurrerapausoak ematea" funtsezkotzat jo zuten Errotxapeako Gaztetxeko kideek. "Jakitun gara, egun ahul aurkitzen garela espekulatzaileen gaitasunen aurrean", esan zuten; "gu txikiak gara egun, baina handiak potentzian".

"Indarrak metatzea", hain zuzen, "aukerarik zentzuzkoena" dela adierazi zuten; alegia, "elkartasuna geroz eta eskala handiagoan antolatuz, borrokarako ahalmen gero eta handiagoa eskuratzea, eta, horrekin batera, efektiboak izango diren borroka formak garatzea". Zentzu horretan, eskerrak eman zizkioten Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareari, egiten duen lanagatik.

AURRERA BEGIRA

"Borrokan jarraitzera" deitu zuten atzokoan Errotxapeako Gaztetxeko kideek, eta "argi eta garbi" esan zuten antolatzeko espazio bat behar dutela eta, "lehenago edo beranduago", lortuko dutela.

Gogorarazi zuten, gainera, badirela Euskal Herrian ateak ireki berri dituzten langile kontrolpeko espazioak nahiz gaur egun desalojo arriskuan daudenak, Hazparneko (Lapurdi) Ttattola gaztetxea edo Gasteizko (Araba) Zentro Sozialista kasu. Gaur egingo dute Zentro Sozialistaren aldeko manifestazio bat Gasteizen, 18:00etan Andra Mari Zuriaren plazatik hasita.

Argazkiak: GEDAR LANGILE KAZETA eta Errotxapeako Gaztetxea

NO HAY COMENTARIOS