ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / @GKS_Gasteiz
2022/07/29 19:25

Gasteizko (Araba) Gazte Koordinadora Sozialistako eta Etxebizitza Sindikatuko hainbat kide Gasteizko Udaleko Kultur Sailaren bulegoetara joan ziren asteazkenean, txosna jarri ahal izateko egindako eskariari erantzun bat eman diezaiotela exijitzeko. Izan ere, uztailaren 18ko agerraldian azpimarratu zuten bezala, duela bi hilabete baino gehiagotik ari dira txosna jartzeko eskariak udaletxean aurkezten, "Txosna Batzordearekin eztabaidatzeko bide guztiak agortutzat" eman ostean.

Hala ere, udalak ez die erantzunik eman oraindik eta, horrela, Txosna Batzordeak ezarri dien eta "udalak baimentzen duen beto politikoak" indarrean jarraitzen duela salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak. Horrek espazio publikoaren pribatizazioa dakarrela seinalatu dute.

Erantzun bat exijitu dute berriz

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak udalaren jarrera salatu dute behin eta berriz, Txosna Batzordeak bi eragileei ezarritako beto politikoa "bere egin" duelako. Uztailaren 18an egin zuten agerraldi bat egoeraren berri emateko: "praktikan, Txosna Batzordeak bere interes politikoen arabera eta arbitrarioki arautzen du nork jar dezakeen txosna, udalak baimenen kudeaketarako esklusibotasuna onartzen dion neurrian".

Modu horretan, udalak "espazioaren pribatizazioa ahalbidetzen" duela azaldu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, Txosna Batzordeak txosnagunean parte hartzea debekatzen dien bitartean, haiek proposatutako irtenbideei "entzungor egiten" baitie udalak. 

Astebete besterik ez da geratzen Gasteizko jaiak hasteko, eta udalak ez die erantzunik eman. Asteazkenean, beraz, Kultur Sailaren bulegoetara sartu ziren GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko kideak, Kultur zinegotziarekin "hitz egiteko, erantzun bat exijitzeko eta irtenbide bat adosteko asmoz". Zinegotziak hasieran hitz egiteko prestutasuna azaldu zuen arren, ordubete igaro ondoren, polizia bidali zuen.

Identifikatuak eta kanporatuak izan ziren GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko kideak eta, gainera, "zinegotziak benetan haiekin biltzeko asmorik ez zuela jakinarazi zien poliziaren bitartez", "argi utziz ez dutela elkarrizketarako inolako borondaterik".

Manifestazioa abuztuaren 7an

Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute "onartezina" dela Txosna Batzordeak jarritako eta udalak babestutako beto politikoa. Debekuen aurrean, mobilizazio bat antolatu dute abuztuaren 7rako, Txosnetan beto politikorik ez! aldarripean. 18:30ean abiatuko da manifestazioa Andre Maria Zuriaren plazatik, eta parte hartzera deitu dute bi eragileek.

Hori ez ezik, egitarau bat prestatu dute Gasteizko jaietarako; hain zuzen, abuztuaren 5erako, 7rako eta 8rako. Ikusi egitaraua osorik, albistearen amaieran.

'Txosnak guztiontzat' manifestua

Atzo argitaratu zuten Arabako hainbat pertsonak Txosnak guztiontzat izeneko manifestua. "Kolektibo guztiontzat Gasteizen txosnak jartzeko eskubidea" aldarrikatu dute modu horretan, eta udalari ere zuzendu dira: GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak txosnak jartzeko egindako eskaera onar dezala exijitu diote.

Manifestuan salatu dute ez direla "onargarriak" Mugimendu Sozialistako eragileek "beren jarduna aurrera eramateko eta jaietan parte hartzeko dituzten arazoak". "Desberdin pentsatu ala ez, gazteen artean indar handia duen mugimendu berri batek jaietan besteen modura eta eskubide eta betebehar berdinekin parte hartzeko une honetan dituen zailtasunak oso larriak dira, eta aurrekari arriskutsu bat izan daiteke", esan dute beto politikoari dagokionez.

NO HAY COMENTARIOS