Bloke Naranjako 3 gazteri ezarritako zigor penala berretsi du Bizkaiko Auzitegi Probintzialak

Gernikako Bloke Naranjan identifikatutako 3 gazteren aurkako epaiketa penaleko epaia berretsi du bizkaiko auzitegi probintzialak. Langile elkartasuna eta espazioaren jabetze kolektiboa gauzatzeko bitarteko gisa, okupazioa gauzatzea zigortua izan da beste behin.

Argazkia: @EgurreGazte

Gernikako Egurre Gazte Asanbladak atzo arratsaldean twitter bidez aditzera eman zuenez, sententziak 360 eurotako isun penala berretsi die 3 kideetako bakoitzari. Gainera, erresistentzia delitua leporatuta, 1200 euroko isuna ezarri dio identifikatuetako bati. Bere aldetik, epaiketa zibilaren zain daude kideak: 140.000 eurotik gorako kalteak eta epaiketako gastuak ordaintzeko eskaria egiten zaie.

Prozedura penala, okupazioari erantzun gisa

2017ko martxoaren 22an okupatu zen Gernikako erdialdean Bloke Naranja izenez ezaguna den eraikina. Okupazioa publiko egin zenean, martxoaren 24an, hiru gazte identifikatu zituen Ertzaintzak eta beraien aurkako prozedura judiziala abiatu zen. Prozedura penalen kasuan, prozedura berdinean epaitu daitezke kausa penala eta zibila, edo kausa bakoitza bere prozedura propioaz ebatzi daiteke. Bloke Naranjako kasuan, bigarren aukera gauzatu denez, bi prozeduraren aurrean aurkitu dira 3 gazte auziperatuak. Bata amaitu da eta bestea, ez.

Alde batetik, prozedura penala, zeinetan usurpazio delitua egotzita azaroan epaitu zituzten hiru gazteak, eta fiskaltzak absoluzioa eskatu arren, okupazioaren konplize izatea leporatuta 360 euro eta kalkulatu gabe dauden kalte ordainak ordaintzera zigortu zituzten. Aste honetan berretsi du epaia Bizkaiko Auzitegi Probintzialak, eta epaia irmoa da.

Beste alde batetik, prozedura zibila, oraindik zabalik dagoena, zeinak ez duen epaiketa data finkaturik. Bertan 140.000 eurora arteko kalteak ordaintzea eskatzen du blokearen jabea den familiak, eraikinak okupaturik daramatzan hilabeteetako alokairuen ordainketak eskatzen baititu, eraikina okupaturik egon den arren. “Gehiegikeria” gisa definitzen dute eskari hau Egurretik, kontuan harturik Bloke Naranjak ez duela legeak etxebizitza bati eskatzen dion “bizigarritasun baimenik”; ondorioz, “jabeek, eraikina okupatua izan ez balitz, alokairu kontratuak sinatzeko aukerarik ez luketela izango” azpimarratu dute.

Prozedura zibilean zehar “doako justizia” izateko eskubidea ukatu zaie hirurei, legeak laguntza hori jasotzeko eskatzen dituen baldintza ekonomikoak betetzen dituzten arren. Honen aurrean, 3 gazteek helegite bat aurkeztu dute eta erantzunaren zain daude. Doako justizia ukatuz gero, “epaiketak eragin dituen gastu guztiak ere beraiek ordaindu beharko dituzte”, arbuiatu dute Gazte Asanbladatik.

Ertzaintzaren autoritarismoa eta lege urraketak, berriro ere agerian

Bestalde, 2017an bertan, Apirilaren 17an, eta bide judiziala martxan zegoen arren, Egurreko Kideek salatu dute “inolako baimen judizialik gabe Ertzaintza, jabeak eta beraien abokatuak blokera sartu” zirela. Are gehiago, “behin barruan, atea irekita zuten etxeetako zerrailak aldatu eta kamerak eta alarmak jarri” zituztela nabarmendu nahi izan dute.

Hori gutxi balitz, egun horretan bertan, eta gazteen abokatuak bloke kanpoan zeudela aprobetxatuz, Ertzaintza gazte bat atxilotzen saiatu zela, eta horren aurrean protestaka hasi zen beste gazte bat ere atxilotu zuela ere jakinarazi dute Asanbladatik. Azken honi, “resistencia a la autoridad” egotzita 1200 euroko isun penala jarri zioten, berriki berretsia izan dena.

Bloke Naranja: langile arteko elkartasuna autogestioaz antolatuz

Langile elkartasuna gauzatzeko eta espazioaren kontrol kolektiboa gauzatzeko asmoz abiatutako proiektuak bere bidea jarraitzen du. Egurre Gazte Asanbladak Gedar Langile Kazetari jakinarazi dionez, “Gaur egun, 10 etxebizitzetatik 4 mantentzen dira irekita. Bertan, besteak beste 12 errefuxiatu bizi dira, kale gorrian geratzekoak zirenak”.

Gertakari hauen aurrean, Egurretik, okupazioaren eta autogestioaren aldeko hautuan berresten direla aldarrikatzearekin batera, “mugimendu errepresibo guztiei herri presioz erantzuteko autodefentsa antolatzen” dabiltzala zehaztu dute, eta borrokarako gedarra zabaldu dute Langile Mugimenduarentzat.