2. Kategoria: Langile Mugimendua

Langile elkartasun printzipioen baitan antolatzen diren espresioek osatzen dute Langile Mugimendua. Langile elkartasunak ez du zerikusirik elkartasunaren forma burgesarekin. Azkeneko hau, hitzen bidez, mezuen bidez eta karitatea oinarri duten keinuz adierazten den hipokresiaz betetako keinu hutsala baino ez da, ez duena zapalkuntza egoera gainditzea xede eta, ondorioz, ez dituena hartarako bitartekoak jartzen.

Horren aurrean, Langile Elkartasunak antolakuntza galdegiten du. Hots, antolakuntza printzipioa da Langile Elkartasuna; ez hitzezko babesa, babes eta batasun erreala baizik. Zentzu horretan, langileek antolatutako borroka guztiek ez diote printzipio horri erantzuten. Burgesiak inposatutako markoetara mugatzen diren eta hedatutako langileen banantzearen minbizia erreproduzitzen duten langileen borrokek ez diote erantzuten langile elkartasunaren printzipio iraultzaileari; ondorioz, Biolentzia Estrukturalaren esparruan kokatzen diren erantzunak dira, langile klaseak zapalkuntzaren formetatik haratago pentsatzeko duen gaitasun ezaren adierazleak. Esparru horretan kokatuko lirateke langile klasearen antolakuntza forma tradizionalak, sindikatuak kasu.

Langile Mugimenduak, ordea, burgesiak langileongan sortu eta elikatutako banantzeari aurre egiteko tresnak jartzen ditu, berezkoak zaizkion espazio inposatuetatik haratago pentsatu eta antolatuz. Izan langile klaseko ikasle eta unibertsitateko langileen arteko batasuna, izan tokian toki antolatutako Langile Babes Sareakā€¦ denak langile batasunaren printzipioen arabera antolatzen diren Langile Mugimenduaren espresioak dira. Baina ez horiek bakarrik: Langileen Kontrolpeko Espazioak ere, zeinak lanpostutik haratago izan baden langile klasearen adierazpen garbiak diren; horiek ere Langile Mugimenduaren adierazpenak dira, betiere langile klasearen antolakuntza beharrei erantzuten badiote. Hortaz, Langile Mugimenduak izaera politikoa dauka, eta etorkizuneko mugimendu iraultzailearen lehenengo hazia da. Ez dira, bada, langileen kontrolpeko espazioak okupazioaren ondorioz sortutako guztiak. Auzo alternatiba hutsala izatera kondenatutako espazioak, zeinak burgesiaren instituzioen formara subordinatuta eta subsumituta bizi diren, horiek ez dira Langile Mugimenduaren espresioak eta haien aurkako erasoak Biolentzia Estrukturalaren logikaren baitan ulertu behar da.

Azkenaldian sortzen eta hedatzen ari diren Autodefentsa Sareak dira, zalantzarik gabe, Langile Mugimenduaren gaitasunen adierazle garbienak, eta antolakuntza forma horren potentzia politikoaren erakusle. Izan ere, haien ekinbidearen oinarrian langile elkartasuna eta langile klasearen batasuna aurkitzen da, langile klasearen eraikuntza konkretu guztiak burgesiaren biolentzia politikoaren aurrean defendatzeko saretutako tresnak dira Autodefentsa Sareak, emergentzia politiko antolatuaren beharra hobekien azaleratzen dutenak.

Bada, Langile Mugimenduak langile klasearen antolakuntza politiko iraultzailearen oinarrizko printzipioen enbrioia osatzen du; batasun eta estrategia politikoaren beharra intuitzen duen langile klase antolatua da.