AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Periódico
2025/05/28 12:13

Israelgo Gai Estrategikoetarako ministroak, Ron Dermerrek, astelehenean egin zuen mehatxua: Frantziako Errepublikak eta Erresuma Batuak (Europako beste herrialde batzuen artean) Palestinako Estatua ofizialki aitortzen badute, Zisjordaniako lurralde gehiagoren anexioarekin erantzun dezake estatu sionistak. Frantziako Atzerri ministro Jean-Noël Barrotekin izandako elkarrizketa batean, Dermerrek adierazi zuen Israelgo Gobernuak aldebakarreko neurriak har ditzakeela, hala nola, baimendu gabeko kokalekuak legeztatzea eta Zisjordaniako C eremuko zati batzuk anexionatzea.

Osloko Akordioen ondorengo lurralde zatiketan (sionistek ia bete ez duten akordio bat), hiru sektore administratibo bereizi zituzten Zisjordanian, eta horien artean handiena da C eremua deiturikoa. Zisjordaniaren %60 baino gehiago hartzen du, eta gaur egun, entitate kolonialaren kontrol administratibo eta militarraren pean dago. B eremua, berriz, Palestinako Agintaritza Nazionalaren administrazio-kontrolpean eta Israelen kontrol militarraren pean dago, eta A eremua Palestinako Agintaritzak kudeatzen du esklusiboki. Hala ere, okupazio-indar sionistek eremu guztietan egiten dituzte erasoak.

Ekainaren 18an goi-bilera bat izango da New Yorken, Frantzia eta Saudi Arabiak gidatuko dutena, eta aukera omen dago hura izateko "Palestinako Estatuaren nazioarteko onarpenerako" agertoki posible bat. Horren harira egin du aipatutako mehatxua Dermerrek, Haaretz egunkari sionista liberalak jaso duenez. Ildo beretik, Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak antzeko ohartarazpenak helarazi dizkie Frantziako eta Erresuma Batuko bere homologoei, baita beste herrialde batzuetakoei ere, estatu palestinarraren aitortza hori gertatuz gero, Israelek "aldebakarreko neurriak" hartuko dituela esanez.

David Lammy Erresuma Batuko Atzerri ministroak baieztatu du bere gobernua Parisekin hizketan ari dela "Palestina aitortzeko" aukerari buruz, baina ez du zehaztu zein lurralde hartuko lukeen onartuko luketen Palestinako Estatu horrek. Azpimarratu du, bestalde, "ondorio nabariak" edukiko balitu soilik egingo lukeela Londresek halako neurri baten alde. Dena den, Israelgo Estatu terroristaren mehatxuek erakusten dute gero eta tentsio diplomatiko handiagoa dagoela Palestinako zati baten estatusaren inguruan, bereziki Osloko Akordioen ondoren okupatutako lurraldeen etorkizunari dagokionez.

EZ DAGO IRUZKINIK