Penintsulako sistema elektrikoa erabat berrezarri da gaur goizean, 11:15erako, atzo lurralde osoaren zatirik handiena argindarrik gabe utzi zuen itzalaldiaren ondoren. Espainiako Sare Elektrikoaren datuen arabera, eskaria 08:35ean iritsi da puntu gorenera, 28.677 megawattera (MW) hain zuzen ere, eta normalizazio-zantzutzat jotzen dute hori. Operadoreak 31.200 MW-ko beste puntu goren bat aurreikusten du 21:00etatik 22:00etara bitartean, Europa Press-ek jakinarazi duenez.
Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Eduardo Prieto Sare Elektrikoko Operaziorako Zerbitzu zuzendariak esan du sistema "modu normalizatu, egonkor eta egokian" ari dela funtzionatzen jada, eta baztertu egin du itzalaldia eraso informatiko baten ondorio izatea. Prietoren esanetan, "ez da inolako intrusiorik egon Sare Elektrikoko kontrol-sistemetan", Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalarekin (Incibe) eta Inteligentzia Zentro Nazionalarekin (CNI) batera egindako analisien arabera.
Atzo eguerdian, 15 gigawatt (GW) desagertu ziren bat-batean sarean, hau da, kontsumorako energiaren %60, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gauean baieztatu zuenez, Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren bileraren ostean. Esan zuenez, "balizko kausa guztiak aztertzen ari dira, hipotesiak baztertu gabe", eta gaineratu zuen erakunde eskudunak eta operadore pribatuak "koordinatuta" ari direla lanean, "zer gertatu den jakiteko". Orain arte, ez da jendaurrean jakinarazi itzalaldiaren arrazoi teknikoa.