Epaiketa bertan behera utzi eta ikerketara bidali dute Urrutikoetxearen aurkako auzia

Instrukzioa "irregularra" izan dela iritzita, bertan behera utzi zuten atzo Parisko Dei Auzitegian preso politiko ohiaren aurka egitekoa zen epaiketa.
Argazki Nagusia
Argazkia: Naiz
2021eko irailaren 15a

2002 eta 2005 urteen artean ETAko kide izatea, eta beraz, "helburu terroristak" zituen gaizkile elkarte bateko kide izatea egotzita epaitu behar zuten Josu Urrutikoetxea atzo, Parisko Dei Auzitegian. Epaileak, ordea, epaiketa bertan behera uztea eta auzia berriz ere ikerketa fasera bidaltzea erabaki zuen, instrukzio fase hori "irregularra" izan dela argudiatuta.

Preso politiko ohia 2017an epaitu zuten lehenengoz, ihesean zegoela, eta zazpi urtera zigortu zuten. 2019ko maiatzean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta ordutik, hainbat estradizio eta euroagindu eskaera egin ditu Espainiako Estatuak. Oraingoz, kontrol judizialpean segitzen du.

Joan den ekainean ere epaitu zuten Urrutikoetxea, kasu horretan, 2011 eta 2013 artean ETAko kide izatea leporatuta. Parisko Zigor Auzitegiak errugabetzat jo zuen auzi horretan.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik