Urduñako (Bizkaia) kontzentrazio-esparruan hildako beste sei pertsonaren gorpuzkiak identifikatzea lortu du Gogora Institutuak. Herriko hilerrian aurkitu zituzten, 2022an eta 2024an egindako bilaketa-kanpainetan. Badajozko lau lagun identifikatu dituzte, Aquilino Flores Bautista, Jose Gomez Narvaez, Jose Pozo Garcia eta Manuel Vivas Fernandez; baita Malagako Antonio Bootello Negrete eta Ciudad Realeko Zollo Villar Toledo ere. Familiek eskatuta, Badajozera eta Malagara eramango dituzte haietako batzuen gorpuzkiak.
Frankistek 1937ko uztailean jarri zuten martxan Urduñako kontzentrazio-esparrua, preso hartutako errepublikanoak kartzelaratzeko. Kalkuluen arabera, 50.000 bat lagun eduki zituzten han gatibu, baldintza negargarrietan eta pilatuta. Besteak beste, indarrez behartzen zituzten lanak egitera, eta askotariko torturak jasan zituzten. Beste toki batzuetan ere eraiki zituzten halako esparruak faxistek, baina gehienak itxi zituzten 1939an, Gerra Zibila deiturikoa amaitzean. Urduñakoa, baina, salbuespenetako bat izan zen: mantendu eta espetxe gisa erabili zuten 1941era arte.
1939tik aurrera, Euskal Herriko presoak ez ezik, beste lurralde batzuetako jendea espetxeratzen hasi ziren bertan. Hainbat iturriren arabera, kartzela horretan bizia galdu zuten gehienak Andaluziakoak, Extremadurakoak, Gaztela-Mantxakoak eta Kataluniakoak ziren. Gutxienez 225 pertsona hil ziren hala.
Orain identifikatu dituzten sei biktimak nortzuk ziren xehatu du Gogorak. Flores jornalaria zen, eta hamabi urteko kartzela-zigorra jarri zioten frankistek "matxinada" egotzita. 1941eko martxoan hil zen erreumaz. Gomez arotza zen eta hogei urteko zigor bat zuen bere gain, "matxinadari laguntzeagatik". Abitaminosiak jota zendu zen 1941eko apirilean. Pozo jornalaria zen eta 1941eko martxoan hil zen, argitu ez dituzten arrazoiak direla eta. Vivas ere jornalaria zen eta 1941ean galdu zuen bizia, zehaztu gabeko kausen ondorioz. Bootello nekazariari hogei urteko espetxe-zigorra ezarri zioten "matxinadari laguntzea" leporatuta, eta gripeak jota hil zen 1941eko martxoan. Villar, berriz, harakina zen lanbidez, eta 1941eko martxoan zendu zen garuneko enbolia baten eraginez.